Bizkaiaren nazinoarteko hartu-emonak XII. eta XVI. mendeen artean

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2022-11-30 13:18   Antxinakoak Geurera

Itunetan garbi geratzen da bizkaitarrek euren legeak zituela.

Bizkaiko Jaurerriak Erdi Aroaren amaieran nazinoarteko hartu-emonak izan zituan, 1379. urtea baino lehen (Jaurerria guztiz independentea zan sasoian) eta data horretatik aurrera be bai (Gaztelako erregea Bizkaiko Jaun bihurtu zanean). Hartu-emon gehienak itsasoagaz lotuta egozan: XII. mendean badakigu Bizkaiko itsasontzietan burdinea eroaten zala Gaskoina edo Ingalaterrara.

Gogoratu behar dogu Bizkaiko burdinoletan kalidade handiko burdinea egiten zala eta produkzinoaren zati handi bat atzerrira esportetan zan. Bizkaitarrek burdinea lingoteetan bidaltzen eben. Gehiena egungo Meatzaldean eta Enkarterrietan aterako eben, hortaz, Muskizko portutik eroaten zan burdinea barkuetan. Brujas, Belgikako uria, izaten zan burdin bizkaitar horren helmugea.

XIII. mendean azpimarratu beharko geunke Bizkaiko jaun baten arrebea orduko Portugaleko erregeagaz ezkondu zala. Adituen ustez, horrek adierazoten dau urte hareetan Bizkaiak nazinoarte mailan baebala eragin nahikoa; eta kasu haretan, Bizkaiko Jaurerria eta Portugaleko Erreinuaren artean merkatal hartu-emonak sendotu nahi izan zituela ezkontza honen bidez.

Mende horretan zehar, Bizkaiko kostaldeko herriek Padurako Ermandadea sortu eben eta hartutako lehenengo neurrietako bat izan zan Gaztelagaz merkataritzan ez ibiltea, Gaztelak ez bazituan herri hareen eskubideak errespetetan. Horrezaz gan, ebatzi eben Portugalegaz merkaturatzen jarraitzea Gaztelaren nahiaren kontra. Beraz, esan geinke  Harotarrak Bizkaiko jaunak izan ziran artean, zelan edo halan, Jaurerriak subirano izaten jarraitu ebala, Bizkaiak eta haren jaunek nazinoarteko politika propioa izan ebelako.

XIV. mendean, Bizkaiko Jaunak Gaztelako erregeagaz hartu-emonak apurtu zituan eta Frantziako erreinura hurreratu zan. Sasoi berean, Bermeoko ordezkariek, Gaztelako mandatariakaz batera, Ingalaterragaz bake ituna sinatu eben, eta horren arabera, ingelesek ez eutsien eraso egingo Bizkaiko itsasontziei. Itun horretan garbi geratzen zan bizkaitarrek euren legeak zituela eta, 1379ra arte, behintzat, ez egozala Gaztelako erregearen menpe. Hurrengo urteetan, XIV. mendearen erdian edo, Bizkaiko Jaunak Ingalaterrako erregearen eraginpean geratu ziran neurri batean. Baina
Frantziak eta Ingalaterrak Ehun Urteko Gerrea hasi eta batera, aliantzea apurtu eta frantziarren alde egin eben bizkaitarrek. Hartara, Bizkaiko itsasontziek segurtasun handiagoa izan eben Gaskoinako kaietan salerosketan ibilteko.

Aldi berean, Bizkaiko merkatarien presentzia Brujas uri merkatarian areagotzen joan zan, eta horri esker, XVI. mendean Bilboko Kontsulatua sortu zan, Bilbo eta Bizkaiko interes ekonomikoei erantzuteko. XVI. mendearen erdian, Ingalaterrako eta Bizkaiko agintariek ituna sinatu eben, barriro, baina Gaztelak aldi berean Ingalaterragaz egindako akordioagaz alderatuta guztiz ezbardina zan. Bizkaitarren eta ingelesen azken itun horrek inoan Bizkaiko itsasontziek askatasun osoz Baionako portuagaz merkatal hartu-emonak berrezarriko zituela.

Flandriara be burdin bizkaitarra heldu zan urte hareetan, kantidade handietan heldu be. Bestalde, XIV. mendearen akaberan eta XV. mendearen lehenengo zatian, Bizkaiko eta Bretainiako agintariek itunak sinatu zituen. Aitatzekoa da, urte hareetan, Ingalaterrak eta Bizkaiak alkarri baimena emoten eutsela askatasunez komertzioan ibilteko.

Bestalde, aitatzekoa da Bizkaitik ateraten ziran produktuak bertoko itsasontzietan garraiatzen zirala, eta ez atzerritarretan, beraz, Bizkaiko itsas merkataritzeak hazten jarraitu eban. Bizkaia nazinoarteko merkatal gune garrantzitsua bihurtu zan Erdi Aroaren amaieran eta Aro Modernoaren hasikeran.

Amaitzeko, esango dogu XIV. eta XV. mendeetako bizkaitarrak eta gipuzkoarrak euren baleontzietan baleak harrapatzeko asmoz egungo Ternuara (Kanada) heldu zirala, Atlantiko osoa zeharkatu ondoren. Gauzak holan, euskaldunek bertakoakaz hartu-emon ugari izan zituen, ekonomikoak gehienak, baina kulturalak be bai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu