Durangoko Azokearen historia laburra

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2022-11-15 10:11   Antxinakoak Geurera

Hainbat lekutan egin izan da, hasieran Santa Maria eleizako arkupean.

Azokea merkaduaren plazan egin zan luzaroan (argazkia: Gerediaga) | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Azokea erreferente bihurtu da Euskal Herriko kulturgintzan lan egiten daben euskal idazle eta musikarientzat, izan be azoka honek berebiziko garrantzia dau euren materiala ezagutuarazo eta saltzeko.

Azokearen lehenengo ekitaldia 1965ean egin zan, Frankismo sasoian. Gerediaga Alkartea sortu barria zan eta testuinguru gatx horretan erabagi eben lehenengo azokea egitea; egia esan, azoka ha antolatzen asmau eben, handik aurrera ibilbide bikaina izan dau eta. Lehenengo edizinoaren helburu nagusia izan zan Euskal Herriko orduko literaturea eta musika produkzinoa ezagutzera emotea. Horrezaz gan, Gerediagakoak ahalegindu ziran orduko artista eta idazle euskaldun ospetsuenak animetan Durangora hurreratzera, eta lortu eben.

Durangoko Azokea hainbat lekutan egin izan da, hasieran Santa Maria eleizako arkupean; ondoren, merkaduaren plazan egin zan. Horren ostean, karpak leku ugaritan jarri ziran, baina, 2003an, gaur egungo lekuan ezarri ziran stand guztiak: Landako erakustazokan.

Hasieran, topagunea Santa Mariako eleizpea izaten zanean, abenduan beharrean zemendiaren 1ean egiten zan, Domu Santu Guztien egunean. Lehenengo edizinoan 19 erakustoki egon ziran. Halan da be, gogoratu behar da lehenengo edizino ofiziala antolatu baino lehen, zapaturo, goizetan, eleiza haretan bertan mahairen bat jarten ebela liburuak saltzeko.

Lehenengo sasoi haretan, urtero atondu zan Durangoko Azokea, 1967an izan ezik. Urte haretan eleizan lanak egin behar izan zituen, beraz, antolatzaileek erabagi eben bertan behera ixtea urte azokea.

Durangoko bederatzigarren azokea ez zan eleizan egin. Orduko gobernadore zibila han egiten jarraitzearen kontra agertu zan eta azokea debekatu eban. Hortaz, antolatzaileek ebatzi eben merkaduaren plazan mahaiak jarri eta han egitea. Ondorioz, handik aurrera eta 1996ra arte Durangoko merkaduaren plazan egiten zan urtero Liburu eta Diskoen Azokea.

Aurreneko urteetan zemendiaren 1ean egiten bazan be, 1980ko hamarkadatik abenduko lehenengo astean egiten da. Durango Euskal Herriko kultur eragileen topagune bihurtuta, gitxika gitxika merkadua txiki geratu zan gero eta gehiago ziran bisitarientzat. Hortaz, 2003an Durangoko Azokea lekuz aldatu eben eta harrezkero Landako erakustazokan antolatzen da.

Gaur egun, orain dala hamarkada batzuk bezelaxe, erreferente izaten jarraitzen dau azokeak, baina iraganeko egoereagaz alderatuta ezbardintasun nagusiena da, gaur egun, idazle, musikari, argitaletxe eta erosleen arteko hartu-emona areagotu egin dala. Ahotsenea da horren adibidea: sortzaileen gunea da eta foro lez funtzionetan dau; azken finean, leku aproposa da proiektu barriei ahotsa emoteko.

Gaztea nintzanetik Durangora joan izan naz ni abenduaren hasieran, egun hotz eta hezeotan hantxe sortzen dan giro euskaldunagaz gozetan eta liburu edo diskoren bat erosten. Oraindino joaten naz eta hemendik aste gitxira hurrengo edizinora joateko asmoa dot barriro, kultur bilgune ezinbesteko honetara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu