Bizkaiko kostaldeko esaunda labur bi
2022-11-02 10:06 Antxinakoak GeureraBildurgarriak dira, baina atzean mezu didaktikoa dabe.
Ondorengo testuan, Bizkaian kokaturiko esaunda edo kondaira bi aitatuko doguz: Izaro islakoa eta Eakoa.
Izaroko esaunda
Kondaira honen arabera, antxina, Izaroko ugartean, Bermeo aurrean, frantziskotarren komentu bat egoan. Komunidade txiki honetan hogei bat fraile bizi ziran. Bihozberak eta lujurik bakoak ei ziran danak, bat izan ezik.
Hareetako bat Bermeoko neskatila bategaz maitemindu zan. Kostaldean bizi zan, itsasotik oso hur. Frailea egunero uger eginez islatik Bermeoko neskatila harengana joaten zan. Neskeak bere baserriko leiho batean argi bat ixten eban eta holan bere maitaleari jakinarazoten eutson etxeko guztiak lotan egozala eta sartu ahal zala.
Dana dala, gau batean neskatilearen senide batek maitaleen planak deskubridu zituan eta trikimailu bat egitea otu jakon. Neskeak leihoan ixten eban argia lekuz aldatu eban. Etxetik atera, eta olatu gogorrak egozan hatx batzuen ondoan jarri eban. Frailea, susmo txarrik ez ebanez, argi horretarantza joan zan, baina oso leku arriskutsua zanez hantxe bertan hil zan. Gorpua suntsituta topau eben, hegaztiek janda. Hango jenteak esaten eban Jainkoaren zigorrak akatu ebala.
Istorio honek jatorri greziarra daukala uste dabe adituek, Hero eta Leandroren arteko istorioa oso antzekoa dalako.
Antxeten esaunda
Eako udalerrian begirune handia deutsee itsas-hegaztiei, ondorengo kondairan ikusi geinken lez. Antxina, orain dala urte asko, Eako arrantzale bat amildegi baten ondoan egoan hilerri zaharrera joaten zan arrantza egitera. Egun batean, okeleagaz amuak prestetan ebilela, antxeta edo kalatxori errraldoi bat jarri jakon ondoan eta amuzkitzat erabilten eban haragia kendu eutsan. Arrantzaleak, guztiz suminduta, zin egin eban mendekua hartuko ebala.
Hortaz, beste egun batean, arrantzaleak amuan jaki nahikoa jarri eban eta hatx batzuen atzean izkutau zan. Kalatxori handia heldu zanean amua ahoan sartu eban eta momentu horretan arrantzaleak bere izkutalekutik urten eta hantxe bertan akabatu eban, burua moztuta. Mendekua egina egoan.
Gau haretan, arrantzaleak amesgaiztoa izan eban: antxeta askok eraso egiten eutsela, arrantzaleak hil ebana mendekatu nahian. Akordau zanean ezagun bati kontatu eutson, baina lagunak ez arduratzeko esan eutson, sineskeria baino ez zala.
Kontuak kontu, egun haretan arrantzalea hatxetara joan zan barriro, arrantzan egiteko asmoz, baina oso urduri jarri zan hilerri zaharrean kalatxori asko ikusi zituanean. Hasikeran, bueltea hartzeko zorian egon zan, baina hobetu pentsau, eta harri bat bota eutsen. Antxetek ospa egin eben eta arrantzaleak aldatza jaisten jarraitu eban.
Orduan, harri bategaz tupust egin eban eta lurrera jausi zan, konortea guztiz galduta eta ahoz gora. Orduan kalatxoriak bueltau ziran eta arrantzaleari begiak atera eutsiezen eta aurpegia suntsitu mokokadaka. Antxetak joan ziranean, olatu batek ia hilda egoan arrantzalearen gorpua amildegirantza bultzatu eban. Inork ez eban arrantzalea barriro ikusi.
Batzuek uste dabe mamu bihurtu dala eta hilerrian dabilela. Dinoe kostaldetik bueltak emoten dituala, persona bihozbera bat topau nahirik, bere gorpua hartu eta hilobiratu deian.
Egia esanda, esaunda honeek apur bat bildurgarriak dira, nahiko aproposak Halloween gauean (Gau Baltzean) kontetako. Baina kondaira guztien atzean mezu didaktikoa dagoala uste dot, izan be, gauzak zelan egin behar diran eta ez diran azaltzeko ipuintxuak dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!