Juan Arratia uribarritarra, munduari lehenengo bueltea emon eutsan bizkaitarretako bat
2022-10-14 11:06 Antxinakoak GeureraItsasmutila zanez, baldintza gogorrak sufridu zituan, baina duda barik gazte indartsua zan.
Juan Arratia 1504an jaiotako itsamutil (ondoren marinel) bizkaitarra izan zan. Sevillan hasi eta munduari lehenengo birea emon eutson espedizinoan egon zan eta barriro Espainiara heltzea lortu eban bakarrenetakoa izan zan. Grumete edo itsasmutil joan zan oso gaztea zalako, izan be, 15 urtegaz ekin eutson munduaren inguruko itsas-bidaiari eta 18 urtegaz bueltau zan.
Aurten, Juan Arratiak egin eban lehenengo espedizinoaren 500. urteurrena bete da. Egia esanda, jakitunek informazino gitxi dabe Juan Arratiaren bizitzeari buruz; dakiguna da Victoria itsasontzian egin ebala itsas-bidaia eta Luis de Mendoza izan zala itsasontzi haren kapitaina eta espedizinoko altxorzaina. Baina Fernando Magallaesen kontrako altzamendu batean parte hartu eban eta matxinada haretan hil zan Luis dalako hori, Patagonian.
Victoria itsasontzian beste hiru itsasmutil bizkaitar ibili ziran: Barakaldoko Juan Zubileta (Juan Arratiak lez, honek be lortu eban munduari birea emotea eta birizik bueltetea), Muskizko Juan de San Felices eta Erandioko Ochate (hauek biak bidaian hil ziran). Laurak itsasmutilak ziran 15-20 urte zituelako eta esperientzia gitxi ebelako itsasoan. Grumeteek marinel guztiei obeditu behar eutseen eta lanik gogorrenak egin behar izaten zituen. Esaterako, beste marinelei janaria zerbitzatu behar eutseen eta mahaia batu eta itsasontzia garbitu behar eben. Juan Arratiak hilero 500 maravediko soldatea jasoten eban.
Hiru urte hareetan, eskorbuto gaixotasunak gogor jo eban itsasontziko tripulazinoa. Marinel eta itsasmutil asko hil ziran gaixotasun haren ondorioz; Ochate eta Juan de San Felices, besteak beste.
Horrezaz gan, gorago aitatu dogun lez, Patagonian itsasontzien kapitainek (espedizino haretan Victoria eta beste lau barku joan ziran) Magallaesen kontrako altzamendua bultzatu eta gauzatu eben. Matxinadearen ostean Elkanori eta bere jarraitzaileei heriotza zigorra jarri eutseen, baina geroago kendu. Elkano maisu izatetik marinel huts izatera pasau zan matxinadearen ostean, baina berehala Victoria itsasontziko kapitain bihurtu zan, eta Juan Arratiaren nagusi.
Juan Arratiak eskorbutotik iges egin eban; aitatu doguzan paje eta grumete bizkaitarrek eta Elkanok berak ez eben lortu. Portugaldarren erasoetatik be bizirik urten eban. Munduari birea emonda, 1522an, Juan Arratia beste 18 marinel, itsasmutil eta Juan de Zubieta pajeagaz batera Sevillara heldu zan. Karlos I.a enperadore habsburgotarra aurrez aurre ezagutu eta gero Moluka ugarteetara joan zan beste espedizino batean, Garcia Jofre de Loaysa kapitain zala.
Amaitzeko, guztiz ziurra ez dan arren, adituek uste dabe urte batzuk geroago Juan Arratia uribarritarra Ameriketara joan zala, 1530eko hamarkadan Diego de Almagro eta Hernando Pizarro mariskal eta konskitatzaileakaz batera Peruko konkistan parte hartzera.
Bilboko gazte hau munduko txoko ugaritan ibili zan, eta lurralde asko esploretako aukerea izan eban Espainiako armadearen bidez. Ziurrenez, itsasmutila izanda baldintza gogorrak sufridu behar izan zituan, baina duda barik gazte indartsua izan zan hainbat itsas-bidaiatatik bizirik bueltetako gauza izan zan ezkero. Bere izena nekez ahaztuko dogu, munduari birea emon eutson lehenengo bizkaitarra izan zalako, Barakaldoko Juan Zubileta pajeagaz eta Bermeoko Juan Akurio pilotoagaz batera. Bitxikeria moduan, esan behar dogu Victoria itsasontzia Zarauzko ontziola batean egin zala. Ezin dogu ahaztu sasoi haretako Gaztelako Koroako itsasontzi asko eta asko Bizkaian eta Gipuzkoan eregi zirala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!