XIV. mendetik gaur arte Bilbon egon diran udaletxeak

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2022-09-30 09:28   Antxinakoak Geurera

XV. mendean udaletxea orduko enparantza nagusian egon zala uste dabe adituek.

Bilboko udaletxea, gaur egun, bizkaitar guztiok ezagutzen dogun eta itsasadarraren ondoan dagoan eraikuntzea da. Dana dala, historian zehar beste udaletxe batzuk egon dira Bilboko urian. Diego Lopez Harokoa V.ak 1300. urtean Bilbo fundau eta uriari Logroñoko forua emon eutsan: handik aurrera alkatea izan eban, baita hainbat merkatal eta zerga abantaila be, baina tamalez informazino oso gitxi daukagu lehenengo mende bietako udaletxearen kokapenaz, 1593ko uriolek udal-artxiboa suntsitu ebelako.

Halan da be, adituek pentsetan dabe lehenengo mende hareetan Udaleko karguak Santiago Katedralean batzen zirala, eleizako atarian. Aukeratuak izaten ziran karguek abade baten eta Ebanjelioen aurrean zin egin behar eben. Bestalde, lehenengo sasoi hari jagokonean, pentsetan da XV. mendean udaletxea orduko enparantza nagusian egongo zala denpora gehiena, baina 1444an Ochoa Sanchez Arriagaren etxean batu ei ziran udaleko errejidoreak. 1487an, aldiz, Uriondo torretxean alkartu ziran. Ondoren, badakigu XVI. mendearen hasikeran Bilboko Unibersidadean edo Konsuladuaren erakinean batzen zirana.

Azkenean, 1535. urtean udaletxe barria San Anton eleizearen alboan eregi eben. Handik urte batzuetara barrikuntza lanak egin behar izan zituen uriolen ondorioakatik. Eraikin barria uriolei aurre egiteko modukoa ei zan arren, 1593. urteko uriola handiago eta suntsigarriagoak guztiz hondatu eban. Hurrengo urteetan, beraz, Bilboko errejidoreak eraikin barik geratu ziranez, barriro Konsuladuaren egoitzan alkartu behar izan eben.

XVII. mendeko erdialdean jazotako beste uriola handi batzuen ondoren, Bilboko agintariek aprobetxau eben erregeari dirua eskatzeko, hondamendiak eragindako gastuei aurre egiteko, baita bilbotarrei zerga gehiago ezarteko baimena be. Diru hori behar zan lur-sail bat erosteko eta han udaletxe barria eregiteko. Kalkulau da San Antonen egin eben eraikin barri horrek 52.500 dukat edo 577.000 errealeko aurrekontua izan ebala eta, aitatu dogun moduan, diru gehiena zerga edo ariel barrien bitartez batu eban Udalak.

Udaletxe horrek mende biko iraupena izan eban, 1895ean bota eben arte. Gogoratu behar dogu eraikin honetan Bilboko Udalaren egoitzea egoteaz gan, Konsuladuaren eta Kontratazino Etxearen egoitzak be egon zirala. Kontratazino Etxea han egon zan 1829ra arte, harik eta instituzino hori desagertu zan arte.

Gaur egungo udaletxea

1892an, San Agustingo eleizea egoan lur-sailetan gaur egungo udaletxea inagurau eban. Eduardo Victoria de Lecea y Arana alkate zala (1881etik 1884ra bitartean), Udal gobernuak lortu eban Espainiako Gobernuak baimena emotea San Agustingo lur sailak Udalaren esku geratzeko eta hantxe bertan udaletxe barria eregiteko. Udaletxea egiteko bederatzi urte behar izan zituen. Eraikuntza prozesua luzea eta konplejua izan zan eta sasoi haretan kritika ugari jaso bazituan be, gehienen ustez eraikin aparta egin zan. Inagurazinoa 1892ko apirilaren 17an egin eben eta orduko alkateak eta Bilboko beste agintari batzuek aurreko udaletxean azken ekitaldi sinboliko bat egin ostean, danak oinez udaletxe barrira joan ziran eta han oturuntza handia egin eben. Handik aurrera udaletxea uriaren ikurretako bat bihurtu da, eta argi eta garbi Bizkaiko eraikin klasiko guztietatik ederrena dogu.  

Udaletxe barria dagoanetik, hainbat jazoera esanguratsu egon dira; esaterako, XX. mendearen hasikeran Bilboko familia aberats batzuek dirutzea irabazi eben, urte batzuk lehenago Ezkerraldean hasi zan Lehenengo Industrializazinoak ekarritako mozkinei esker. Ondoren, XX. mendeko lehenengo laurenean Bilboko udalerriak Begoña eta Deusto herriak bereganatu zituanean uriaren azalerea modu nabarmenean handitu zan. Gero Gerra Zibila hasi zan eta Eusko Jaurlaritzeak Bilbon ezarri eta tropa frankistei aurre egin behar izan eutsen, Francoren aldekoek lehenengo Bilbo okupau eta handik gitxira Bizkai osoa konkistau eben arte. Ondoren, Bigarren Industrializazinoak erakarritako etorkin askori esker, Bilboren biztanleria asko hazi zan; gero Transizinoa etorri zan, eta haregaz batera Bilboko jaiak, zerbitzuetan oinarritutako XXI. mendeko Bilbo barri eta modernoa eta abar. Egia esanda, gauza andana kontau geinkez egungo udaletxea sortu zanetik gaur arte, baina hori beste baterako itxiko dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu