Bizkaia Goi Erdi Aroan (VI.-XI. mendeak)
2022-09-16 12:09 Antxinakoak GeureraOhituretan oinarrituta gobernau eben, berezko lege, buruzagi eta instituzino autonomoakaz.
Informazino eskasa dogu Bizkaiari buruz Goi Erdi Aroan. Arkeologiak hutsune hori beteten lagundu dauen arren, oraindino nahiko gitxi dakigu mende ilun hareetaz. Arkeologiak, besteak beste, Elorrion topaturiko nekropolisaren barri emon deusku, Argiñetakoa, hain zuzen.
Elorrioko kanpoaldean, San Adrian eleizearen aurrean, Goi Erdi Aroan eregitako 20 hilobi eta 5 estela ikusi daitekez. Adituen ustez, hilobi eta estelak VII. eta IX. mendeen artean egin ziran, eta Durangaldean zehar sakabanaturik egozan arren, XIX. mendean Elorrioko puntu haretan pilotu zituen. Elorrioko hilobiak kareharrizkoak dira eta pentsetan da harriok Oiz menditik hartzen zituela orduko Durangaldekoek.
Hilobi batzuetan inskripzinoak dagoz, benetakoak, jakina. Latinez dagoz. Inskripzinoek Bizkaiko zonalde horretakoak kristauak zirala baieztatzen dabe, jainko bakarra aitatzen dabelako. Hortik atera geinken ondorioa da kristautasuna nahiko zabalduta egoala Bizkaian Goi Erdi Aroan, guztiz ez baegoan be. Bestetik, hilobietan Pirinioetako herri ugaritan topau daitekezan sinboloak dagoz.
Amaitzeko, arkeologoek eta historiagileek ondorioztau dabe sasoi haretako Bizkaian be hierarkia sozialak egozala. Hori ikusten da Elorrion dagozan hilobiak aztertuta, izan be, guztiak ez dira kalidade berekoak; ospe sozial eta aberastasun handiagoak zituenek hilobi hobean lurperatzen zituen. Beste batzuei, apalenak ziranei, hobi komunetan emoten eutsen lur.
Elorrion ez eze, Bizkaiko beste leku batzuetan be VI. eta X. mendeen arteko ezarmenduak topau ditue arkeologoek; esate baterako, Karrantzan, Zierbenan eta Güeñesen. Finagako baseleizan be erromatarren sasoiaren amaierako eraikuntza erlijioso txiki bat topau dabe eta honek inguruan nekropolisa eban. Ondorengo mendeetan, Goi Erdi Aroan (VI.-X. mendeetan) eleizeari altarea eta fatxada errektangularra gehitu jakozan. Horrezaz gan, aro honetako azken txanpan eleizearen ataria egin eben. Halan da be, adituen ustez, IX. mendean eleiza osoa suntsitua izan zan.
Momoitioko kasua be aitatzekoa da. Oizeko mendi magalean dagoan Garai herrian topau dira aztarnak. Bertan, Goi Erdi Aroko ezarmendu edo herrixka bat agertu da, eleiza apal bat eta ondoan hilerri edo nekropolisa be bai. Nekropolis honetako esteletan be latinez dagoz inskripzinoak eta hareei esker, herrixkako biztanleak kristatuak zirala ondorioztatzeaz gan, belaunaldi hareetan erabilten zituen izen batzuk ezagutu doguz: Aostarri, Hoitarri, Munnio (buruzagia beharbada), Senpronio (izen latindarra) edo Anterazoni. Zonaldean jendea bizi zan, antxinatik; izan be, erromatarren sasoitik ondoan egoan harresiz inguratutako eta Tromoitio izeneko herrixkea. Erromatarrak joandakoan, herrixkea hutsitu eta ondoan Momoitio izenekoa eregi eta okupau eben inguruko biztanleek. IX. mendean barriro jentez bete zan herrixkea eta gorago aitaturiko eleizea eta nekropolisa eregiteaz gan, buztinez eta zuhaitzen adarrez egindako etxolak, biribil formadunak, egin zituen.
Goi Erdi Aroko Momoitioko biztanleak, gehienak behintzat, kristauak ziran eta abeltzaintzatik bizi ziran, baina ortu txikiak be prestetan zituen bizirauteko behar ziran berdurak eta frutak izateko. Pentsetan da herrixka honeek ez egozala guztiz isolatuta eta alboko herriakaz edo, beharbada, Bizkaitik kanpo egozan herriakaz hartu-emonak zituela; gehienak, komertzialak. Ezarmendu hau XII. mendean gainbeheran sartu zan Bizkaiko Jaurerrian sortu ziran herri handiagoen eraginagaitik. Herri barriotan eregi zituen eleiza handiagoek Momoitio eta antzeko herrixken eleizak bigarren mailan itxi zituen.
Politikan, Goi Erdi Aroan aldaketak egon ziran, gauza gitxi badakiguz be. Bizkaitarren arbasoak izan ziran autrigoiak eta karistiarrak erromatarren menpe egon ziran, baina menpekotasuna eta asimilazinoa ez zan erabatekoa izan. Esaten da baskoiek eta erromatarrek aliantza sendoa izan ebela, baina erromatarrei Bizkaiko lur txiroak ez jakezanez asko interesetan, euren eragina eta presentzia ez zan oso handia izan gure lurraldean. Beraz, orduko bizkaitarrek euren hizkuntzea (Bizkaikoa, bertoko euskera zaharra) eta egitura politiko eta soziala zelan edo halan gorde ahal izan zituen.
Erromatarrak joan eta gero, historiagile askoren ustez, Nafarroatik etorritako baskoi andana Bizkaian ezarri zan eta honeek Goi Erdi Aroan euren ohituretan oinarrituta gobernau eben euren burua, berezko lege, buruzagi eta instituzino autonomoakaz. Adituen arabera, lurraldeko arbola oso zahar baten azpian batzen ziran jauntxoak edo herrien ordezkariak (gehienak zaharrak izango ziran, herriko prestatuenak eta jakitunenak) komunidadeari edo herriari eragiten eutsien gaiei buruz berba egiteko, lege berriak sortu eta apliketako eta erabagiak hartzeko. Erdi Aroan barrena Bizkaian ezaguna egin zan ohitura zahar hau, beharbada, erromatarren sasoiaren amaieratik etorren.
VII. mendean, Bizkaiko ekialdeko lurraldeak Baskoniako Dukearen menpe geratu ziran (baskoiak eta gaskoiak – akitaniarrak- alkartzen zituan lehenengo lurralde eta entidade politiko autonomo bateratua). IX. mendetik aurrera, ostera, Asturiasko erregeen eraginpean geratu zan Bizkaia, independentzia edo autonomia politikoa erabat galdu ez eban arren. Asturiasko erregeek Bizkaiko leku batzuk birpopulatu zituen, baina oraindino historiagile askoren artean eztabaida handiak dagoz Bizkaiak eban ustezko menpekotasunaren inguruan.
Ondoren, sasoi feudala hasi eta Bizkaiko Jaurerria sortu zan. Horregaz batera, Bizkaiko lehenengo jaunak edo konteak agertu ziran. Uste da jaun honeek autonomia osoa ebela euren lurraldean eta ez egozala Nafarroako edo Gaztelako erregeen menpe erabat. Bizkaiko jaunek mendeetan bizkaitarren ohituretan oinarritutako legeak aplikau behar zituen. Baina egia da, VIII. eta IX. mendeetaik aurrera, Bizkaiko lurraldea eta geroago Bizkaiko jaunak Nafarroa, Asturias eta gero Gaztelako erregeen eraginpean geratu zirala, politikaz behintzat. Esate baterako, harotarrak jatorrian Najerako familia aberats bat izan ziran eta Nafarroako Erreinuaren kortean potere handia eben. Ohikoa bihurtu zan Bizkaiko jaunak, X-XI. mendeetatik aurrera, Gaztelako erregeei (Nafarrokoei be bai), esaterako, islamiarren kontrako gudetan laguntzea, soldadu bizkaitarrak bialduz edo euren ondoan burrukatuz.
Alor sozialean, esan behar da, VI. mendetik aurrera bisigodoen eta frankoen eraginpetik libraturik, Bizkaiko landa munduko eremuetan bertoko aristokrazia sortu zala, Bizkaiko jauntxoak izango ziranak sasoi feudalean eta Erdi Aroko amaiera partean. Gero eta potere handiagoa lortzen hasi ziran alor politikoan eta ekonomikoan, ziurrenez herritar apalei zergak eta errentak kobrauko eutsiezalako. Gogoratu behar dogu, Goi Erdi Aroan, oraindino XVI. mendeko Foru Barriak aldarrikatuko eban kaparetasun unibersalik ez egoala Bizkaiko herrietan.
Bestalde, gizartea gero eta egituratuago egoan eta eleiza eta herrixka ugari sortu ziran, jauntxoak (abadeakaz batera) ezarmenduon buru zirala. Herrietan edo eskualdeetan kontrol politiko eta militarra eben, eta seguruenez epaile nagusiak be izango ziran auzietan. Ondorengo mendeetan pasau zanaren kontrara, Goi Erdi Aroko herriak hierarkizauta egozan, buruzagi militar horreen menpean egongo ziran biztanleak. Buruzagiok urteen poderioz gaztelu txikiak eregi zituen euren boterea erakusteko eta beste jauntxo batzuen erasoetatik babesteko. VIII. mendetik aurrera, ezarmenduen kopuruak gora egin eban eta eleiza txikidun herriak ugaritu ziran. Herri zeheak, bitartean, aurreko mendeetan lez abeltzaintzatik eta nekazaritzatik biziten jarraitu eban. Herriotan egozan ortuak txikiak izango ziran eta produktuak komunidadekoentzat baino ez ziran izango.
XI. mendetik aurrera, sasoi feudalean, nekazal produzinoak gora egin eban, eta horregaz batera demografiak be gora egin ebanez, Bizkaiko herriak eta uriak handiagoak bihurtu ziran eta beste asko be sortu ziran. Aro feudalaren ganean hurrengo batean egingo dogu berba.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!