Bilboko Aste Nagusiaren hastapenak

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2022-08-31 13:44   Antxinakoak Geurera

1978an, Jai Batzordea eta Konparsen alkartea eratu eta ideen lehiaketea egin eben.

Gaur ezagutzen dogun Aste Nagusiaren formatua nahiko barria da. 1978an egin zan lehenengoa eta, pandemia garaiko urte bietan izan ezik, urtero ospatu dira Bilboko jai ospetsuok. 1978an Espainiako Konstituzinoa bozkatzeko erreferendumean baiezkoak irabazi eban. Transizinoa hasia zan ordurako eta apurka- apurka oinarrizko eskubideak onartzen hasi ziran. Testuinguru haretan urian jai herrikoriak egiteko idea zabaldu zan bilbotarren artean. Gogoratu behar dogu Francoren diktadurapean, abuztuaren bigarren zatian jarduerak antolatzen zituela agintariek, esaterako, antzerkia, zezenketak eta opera, baina jarduera guztietarako ordaindu egin behar zan.

Egungo Aste Nagusiaren lehenengo aintzidaria izan zan 1973ko abuztuaren hirugarren astean Korte Ingelesak antolatu zituan jarduerak. Jai horreei I. Herri Kirolen Astea deitu jaken eta jende nahikotxuk parte hartu eban. 1977an, Zorion Egileorrek proponidu eban kalejirak eta beste jarduera batzuk egitea, bilbotarrak parte-hartzaile zirala. Bere helburua zan Bilboko jaiak benetan herrikoriak bihurtzea eta hori hurrengo urtean lortu zan. 1978an, Jai Batzordea eratu zan eta Konparsen Koordinadorea be bai. Horrezaz gan, lehiaketea antolatu eben jaietarako idea originalak botetako. Parte-hartzea handia izan zan eta egungo jaien oinarriak finkatu ziran urte haretan.

Ganera, Maria Puri Herrerok, 1978an bertan, ikono handi bihurtu dan Marijaia personaia sortu eban Jai Batzordeak eskatuta. Marijaia emakumea da eta antxinako Bizkaiko emakume tradizional baten tankerea eta janzkerea daukaz.

Jai Batzordeak Aste Nagusiko personaia emakumea izatea gura eban, emakumeen papela jai giroan zein gizartean indartzeko. Urtero, Marijaiaren kopia edo modelo bat egiten dabe jaien amaieran erre eta holan jaiak amaitutzat emoteko.

1978ko lehenengo jaiak oso arrakastasuak izan ziran eta 1979koak be bai. Hurrengo urtean, barriz, konparsek Udalagaz arazoak izan zituen eta Udalak alde batera itxi zituan, jaien kontrola osorik hartuta. Liskar honeen ondorioz, Jai Batzorde bi sortu ziran, herrikoia eta Udalarena. Urte haretan ez zan Marijaia egon, ezta txosnarik ez konparsarik be, baina 1981ean barriro betiko formatuari heldu eutsien. Harrezkero, Jai Batzordean Udaleko alderdi guztien zinegotzi bana batzen da, Konparsen ordezkariakaz batera, eta honeei Alde Zaharreko Merkatarien Alkarteko kide bat eta elbarrien alkarteko beste bat batzen jakez.

Aste Nagusiaren hastapenetako urteetan mobimendu asko biztu ziran, aurreko egoerea guztiz aldatu zan, bilbotarrek jaietan parte hartzeko eben gogoagaitik. Luzaroan, Frankismoaren eraginez jentea jaien antolakuntzatik baztertuta egon zan, baina eredu itxia apurtu zan Transizinoan. Hurrengo urteetan Aste Nagusia erreferente bihurtu da, konparsek bultzatutako giroagatik, txosna koloretsuakaitik eta idazten dituen mezu politikoakaitik…. Ezin dogu ahaztu jaietan garrantzi handia hartu dabela su artifizialek, kontzertuek, egunean zeharreko lehiaketek, jantzaldiek, herri kirolek eta abarrek. Aurten, adibidez, bederatzi egun iraun daben jaietan 500 jarduera baino gehiago programau dira, kopuru bikaina benetan.

Hiru urteren ondoren eta pandemia gogor honen ondorio latzak sufridu eta gero, barriro Marijaia jantzan eta jente asko txosnarik txosna zoriontsu ikustea zinez polita izan da, eta holan izan dadila aurrerantzean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu