Eskaleak eta txiroak Aro Modernoaren amaierako Bizkaian

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2022-08-16 12:02   Antxinakoak Geurera

Europako beste nazino batzukaz konparauta, Bizkaian eskale gitxi egozan.

'Eskaleak atarian', Abraham Willemsens (XVII. mendea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaian, Aro Modernoan eskaleak, alferrak eta pobreak egon ziran. Dana dala, txiroen eta eskaleen artean alde handia egoan. Adituen arabera, esaterako, landa munduan diru gitxigaz bizirauten eben nekazari pobreak egozan, baina ez ziran eskaleak, gehien-gehienek ortuan edo animaliakaz lan egiteko aukerea ebelako. Urian, barriz, eskale gehiago egozan eta XVIII. eta XIX. mendeko dokumentuetan halan agertzen da. 1804an, orduko korrejidoreak autortu eban Bizkaian eskale gitxi egozala gizonak eta emakumeak lan egiteko prest egozalako, baina eskaleak egon baegozala. Liburuetan aitatzen da eskale gehienak andra zaharrak zirala, edadeagaitik ezin ebenak lan egin edo gaixotasun edo istripu bategaitik diru barik egozanak.

XVIII. mendearen amaieran, frantziarren kontrako gudearen testuinguruan, krisi ekonomikoak gogor jo zituan Bizkaiko familia asko eta Bizkaiko gobernuak arau ugari atera zituan eskale eta txiroen kontra. Horrek aditzera emoten dau sasoi haretan txiroen eta eskaleen kopuruak gora egin ebala. Bizkaian bizi ziran txiroek limosnea eskatzeko aukerea eben, baina arau foralen arabera, herri barruan baino ez.

Europako beste nazino batzukaz konparauta, Bizkaian eskaleen kopurua txikia zan. Ikerlan batzuen arabera, XIX. mende hasierako Bizkaiko uririk handienean, beraz, eskale eta txiro gehien egoazan udalerrian, populazino osoaren % 2-3ra ez ziran heltzen. Sasoi berean, Frantzian edo Ingalaterran portzentajea askoz altuagoa zan, % 10. Beste datu deigarri bat zera da, Europan txiro gazte asko egozan bitartean, Bizkaian gazte gitxi egozala egoera horretan, pobre gehienak 50-70 urte bitarteko gizon-emakumeak ziran, eta asko alargunak.

Lehen aitatu dogun moduan, Bizkaian txiroak egon baegozan, baina landa-munduko gehienak ez ziran eskale bihurtzen, eurek lantzen zituen lur eta ortuetatik biziteko nahikoa lortzen ebelako. Halan da be, industrializazinoa hasi baino lehenago populazinoaren zati handi bat nekazaritzatik bizi zan,  eta horrexegaitik, normala zan eskale gehienak giro horretatik etortea, baina benetako eta luzaroko eskale gitxi egozan gure Jaurerrian.

Bestalde, gogoratu behar dogu txiroen artean atzerritarrak asko zirala. Kanpoztarrak txiro faltsu-tzat hartzen ziranez, agintariek atzerritik etorritakoakaz jarrera gogorragoa izaten eben, eta kasu askotan errepresinoa erabilten eben hareen kontra. Diputazinoko kideek bertoko eskaleakaz jarrera hobea izaten eben eta karidade handiagoagaz tratetan zituen. Horri lotuta, aitatzekoa da Miserikordia Etxea, 1774an Bilbon eregia; bertan txiro ugari bizi ziran ze udalak, Diputazinoaren laguntzinoagaz, modu duinean biziteko baliabideak emoten eutsezen: erropea, janaria, lo egiteko ohea...

Atzerritarrak okerrago bizi ziran, batez be diru barik egozanak. Ezin dogu ahaztu Bizkaiko Foruak atzerritarren kontra hainbat lege eta artikulu zituala. Esaterako, Foruaren arabera, Bizkaian ezin ziran bizi juduak.

Bestalde, umezurtzen egoerea be aztertu beharrekoa da. Bizkaian be umezurtzak egozan eta XVIII. mendean umezurtz- etxeak eregi ziren. Ospitaleak, barriz, XVII. mendean sortu ziran eta gaixoak ez eze, etxerik edo baliabide ekonomikorik ez eben asko be egoten ziran han. Lehenago, Erdi Aroan, txiroentzako aterpetxeak egozan.

Amaitzeko, esan behar dogu orduko agintari askoren eretxian, eskale edo nagitsu gehienak, eta are gehiago atzerritarrak baziran, lapurrak zirala edo izateko aukera handia ebela. Neurri handi batean halan zan: eskaleok janaria erosteko edo lortzeko aukerarik ez ebenean, ostutea erabagiten eben, batez be, uritik kanpo egozan bidegurutzeetan edo kontrol eskaseko guneetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu