1934ko Urriko Matxinadea Bizkaian

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2022-08-01 07:50   Antxinakoak Geurera

Greba orokorra egin eben eta merkatari askok ez zituen dendak zabaldu.

Guardia Zibila iraultzaileak atxilotzen, Asturiasen, 1934ko altzamenduan (argazkia: Wikimedia) | Ikusi handiago | Argazki originala

1934ko Urriko Matxinadea Espainiako II. Errepublika sasoiko altzamendu sozialik garrantzitsuena izan zan. Langileen burrukarik gogorrenak Asturiasen izan ziran, CNT sindikatu anarkisteak pisu handi ebalako Printzerrian. Halan da be, Euskal Herrian eta Bizkaian be altzau ziran beharginak.

Espainiako Errepublikea 1931n aldarrikatu eben eta Franco jeneralak altzamendu nazionalari ekin eutsan arte, errege barik, ezkertiarrek zein euskuindarrek gobernau eben, txandaka. 1933ra arte ezkertiarrek agindu eben eta 1933tik 1936ra Errepublikako gobernuan eskuindar indarrak egon ziran. Garai haretan jazo  zan 1934ko Urriko Matxinadea dalakoa. Sua biztu eban jazoerea zera izan zan, Errepublikearen idearen kontrako CEDA alderdi tradizionalistako hiru kide gobernuan sartu izana. Horrek ezkertiarren artean haserre handia eragin eban eta anarkistek zein sozialistek talde armaduak sortu zituen altzamenduan.

Dakigun lez, matxinadeak azkenean porrot egin eban bai Asturiasen bai Euskal Herrian. Urte gitxi geroago armadearen laguntzinoagaz altzauko zan Franco jeneralak Errepublikako gobernu eskuindarraren interesen alde egin eban 1934an eta Asturiasko altzamendua zapaldu eban.

Bizkaian be altzamendua egon zan: 1934ko udabarrian, CNT eta Alderdi Sozialistea, Ezkerraldeko langileen artean pisu nahiko eben erakundeak, armak erosten hasi ziran balizko altzamendu bat prestau nahian. Gogoratu behar dogu Espainiako politikan giroa nahasia egoala.

Hartara, 1934ko urriaren 4an, gaueko 10:00etan, Bizkaiko Komite Iraultzaileak lehenengo ekintzak egin zituan Meatzaldean, tartean, Arboledan egozan taldeak Bilborantz abiatzea protesta moduan. Hurrengo egunean, urriaren 5ean, Greba Orokorra hasi zan eta Ezkerraldeko eta Meatzaldeko langile ugarik itxi eutsien lanera joateari. Bilboko dendari andanak euren dendak zarratu zituen. Ostera, bankuetan eta telefoniako enpresetan grebearen eragina txikia izan zan. Trenbide sarean tiroketak eta sabotaje ugari egon ziran eta Ezkerraldetik Bilbora joiazan tren guztien zerbitzua eten zan, eta matxinadea amaitu  arte ez zan berriro martxan jarri. Langile askok, protestea egiteko, Bilbon zein Portugaleten, hainbat trenetara harriak bota zituen; Mungian, Eibarren eta Santurtzin be arazoak egon ziran trenakaz.

Bitartean, gobernadoreak merkatariei eskatzen eutsen dendak zabaltzeko. Bere esanetan, grebea legez kanpokoa zan eta, are gehiago, gobernadorearen arabera enpresariek greban parte hartzen ebizan langileak kaleratu behar zituen. Baina grebeak aurrera jarraitu eban; eta Bilbon, esaterako, tiroketak eta bonbak ugaritu ziran. Egoera nahiko belikoa zan. Bitartean poliziak Alderdi Sozialistearen, CNTren eta Alderdi Jeltzalearen Bizkaiko egoitzak itxi eta arduradunak atxilotu zituan.

Baina iraultzaileek burrukan jarraitu eben. Muskizen, adibidez, Hoyoko meategian erasoa egin eben eta Bizkaiko polizia bat, miñoi bat, hil eben. Urriaren 6an, ogi gitxi egon zan okindegietan okin askok grebea egin ebelako. Egun haretan bertan, Gobernu Zentralak Guda Egoerea ezarri eban.

Urriaren 8an dendak zabaltzen hasi ziran, baina iraultzaile eta poliziaren arteko tiroketek ez eben etenik, guda egoerea begibistakoa zan. Hurrengo egunetan kafetegiak eta tabernak zabaldu zituen, baina ez zan inor joaten. Bestalde, argia eta uraren zerbitzua bermatuta egoan. Agintarien neurrietako bat izan zan auto ofizialak ez ziran autoen erabilerea debekatzea uri barruan.

Ezkerraldean, Barakaldon, iraultzaileek trintxerak eregi zituen poliziari aurre egiteko. Urriaren 9an, Durangon, han be tensinoa handia zanez, burruka handia egon zan iraultzaileak eta katolikoak ziran langileen artean. Guztira 3 zauritu eta hildako bi egon ziran. Urriaren 22an, gobernadoreak egunkariak kaleratzeko agindua emon eban, burrukeak gogor jarraitzen eban bitartean. Balmasedan beste gizon bat hil zan.

Urriaren 12tik aurrera egoerea lasaitzen hasi zan apurka-apurka. Bilboko dendak zabaldu ziran eta Bizkaiko herri askotan (Gernikan, Lekeition, Ondarroan, Durangon, Balmasedan...) behargin gehienak lanera joan ziran. Barakaldoko Labe Garaietan 40 langile ibili ziran egun haretan eta Sestaon be beste batzuk. UGT eta STV (Solidaridad de Trabajadores Vascos) sindikatuek lanera bueltetako agindua eman eutseen beharginei. Halan da be, hurrengo egunean, urriaren 13an, oraindino langile asko greban egozan.

Meatzaldean burrukek urraren erdira arte jarraitu eben arren, normaltasuna gero eta agirikoagoa zan. Gobernuko hegazkinek, matxinadea amaitu baino lehen, Galdamesen eta Muskizen irautzaileei tiro egin eutseen. Baina handik gitxira, urriaren 16an, Bilbon armadeari  omenaldia egin jakon zaldunen eta infanteriako kideen desfile baten bidez, hegazkin militarrek Bilboko zerua zeharkatzen eben bitartean.

1934ko matxinadan, Bizkaian, dozenaka zauritu egon ziran, baita 20 bat hildako be. Horrezaz gan, mila persona inguru atxilotu zituen. Handik gitxira, zifra horreek biderkatu egin ziran Guda Zibilean, baina kontu hori beste batean azalduko dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu