ELA sindikatua Transizinoan
2022-06-30 13:55 Antxinakoak GeureraNegoziazino, greba eta hitzarmenetan hartu eban parte 1970eko hamarkadan.
ELA sindikatu abertzaleak pisu handia dau gaur egun Euskal Herri osoan, baita Bizkaian be; eta Transizinoan be pisua izan eban patronalagaz egin ziran negoziazinoetan. Transizinoa Franco diktadorea hil ostean etorri zan. Gogoratu behar dogu Gerra Zibila amaitu zanetik, 1939an, hil arte diktadoreak potere ia osoa izan ebala Espainian nahi beste egiteko, askotan euskaldunen interesen kontra. Francok gobernau eban bitartean partidu politikoak eta hizkuntza gitxituak (euskerea, katalana edota galiziera) debekatuak egozan eta giza eskubide asko urratu ziran. Teorian, sindikatuak be legez kanpokoak ziran, baina 1960ko hamarkadatik aurrera klandestinidadean lan egiten hasi ziran. ELA horreetako bat izan zan. Klandestinoak izan arren, aktibidade handia eben sindikatuek frankismoaren azken urteetan, eta, Transizinoak Espainiara ekarritako zelanbaiteko demokratizazinoak lan hori areagotu eban, batez be 1970ko hamarkadearen amaieran onartutako Langileen Estatutuen ostean. Horrezaz gan, sindikalista ugari atzerritik bueltau ziran 1975etik aurrera.
Beste alde batetik, ELAren bilakaereari jagokonean, 1960ko hamarkadan ETAren aldeko eta kontrakoen arteko gatazkak biztu ziran, eta batzar, banaketa eta birfundazino garrantzitsuenak Gipuzkoan jazo ziran, beti be klandestinidadean. Sindikalista batzuk iraultzaileagoak izanda, sozialismo puruaren kontzeptuak sindikatuan txertatu nahi zituen; beste batzuk, ostera, solidarioak izenekoak, ETAren ekintza armatua salatzen eben, eta aldaketa sozialak bide paketsuan egin nahi zituen. Eztabaida honeen sasoian, ELAren eta Euzko Alderdi Jeltzalearen arteko lotureari eta hartu emonei eutsi jaken, alderdiak eban ikuspuntu neoliberala txarretsi arren. Ezin dogu ahaztu Alderdi Jeltzaleko kideek ELA sindikatua sortu ebela XX. mendearen hasikeran, 1911n.
Honenbestez, 1976ko batzar nagusian ELA-STV birsortu eben, baina Bizkaiko ELA-Zaharra kanpoan itxita. Batzarrean, ELA-STV sindikatu barriak betiko aldarrikapenak mantenidu zituan hurrengo hiru printzipioetan oinarrituta: sozialismoa euskal gizartearentzat, baina kapitalismoagaz guztiz apurtu barik (eta modu horretan Alderdi Jeltzaleagaz eban hartu-emon historikoari eutsi); subironotasuna Euskal Herriarentzat; eta alderdi politikoetatik independente izatea.
Esainiako Estaduak bultzaturiko greben legearen eztabaidetan hartu eban parte Transizinoan ELA STVk, baita hitzarmen kolektiboen legean be. Inserso eta Insalud entidade publikoen sorreran be parte izan zan. Halan da be, Espainiako Gobernuaren eta sindikatuen arteko hartu-emonak ez ziran onak eta 1979an greba orokor egin zan Espainia osoan. Sindikatuak, besteak beste, ez egozan konforme Gobernu zentralak dekretu bidez ezarri eban soldaten mugeagaz.
Transizinoaren hasikeran, sindikatu gehienak batzen ziran, estadu mailakoak batez be, esate baterako, UGT eta CCOO. Baina ELA alde batean geratzen zan. ELAk argudiatzen eban ez ebala batasun horretan parte hartu gura UGT eta CCOO alderdi politikoen menpe egozalako eta ELA ekintza sindikal independentearen aldekoa zan, alderdi politikoen esku-sartze barik. Bestalde, UGT eta CCOOren kontrara, ELA Euskadin soilik sinatuko eta aplikauko zan negoziazino kolektiboaren aldekoa zan.
Kontuak kontu, ELA Bizkaian eta Euskal Herri osoan pisua hartzen joan zan, eta horren isla ziran hauteskunde sindikaletan lortzen zituan emoitza onak. 1980ko hamarkadan zehar, eta batez be Estaduak bultzatutako transformazino industrialean, ELA erabat kontra agertu zan eta Euskalduna lantegi garrantzitsuaren eta Labe Garaien itxieren kontura sortutako mobilizazino eta grebetan parte hartu eban modu aktiboan.
Aitatzekoa da 1981ean ELAk hartu eban jarrerea Eusko Jaurlaritzeak legebiltzarrean onartu eban legearen inguruan, EAEko langileen marko propioa ekarrena. Ondoren, sindikatuaren Bosgarren Batzarra egin zan, eta handik urte batera, hurrengo hauteskunde sindikaletan, EAEko sindikaturik bozkatuena bihurtu zan. Bizkaian be emoitza oso onak lortu zituan, historian zehar hango langileak UGTren aldekoak izan baziran be: errealidade hori be aldatzen joan zan. Beraz, ELA euskal sindikalismoaren barruan garrantzia hartzen joan zan 1970eko hamarkadako barruko eztabaidan batuago urten eta gero.
Birmoldaketa industrialean, ELA lantegi askoren itxierearen kontra agertu zan, eta ahal zan neurrian langileei laguntasun guztia emoten jarraitu eban. Negoziazino askotan, eta UGTren eredu paktisteagaz bat, akordio askotara heltzeko gai izan zan ELA enpresaburu eta patronalagaz. LABek eta CCOOk muturreko jarrerak zituen bitartean, ELAk eta UGTk patronalagaz adostutako baldintza leunagoak onartu zituen, edo, beste batzuetan, mobilizazinoak lehenago geratuarazo, LAB eta CCOOri kontra eginez.
Halan da be, Euskaldunaren kasua aitatzekoa da, ELAk modu oso aktiboan parte hartu ebalako. Itxierearen kontra sindikatu gehienek antolatu eben greba orokorrean izan zan, eta bitxikeria lez, ELAko hiru kidek gose grebeari ekin eutsen. Beste sektore batzuetan, barriz, altzairu fabriketan esaterako, pragmatismo handiagoz jokatu eban sindikatu abertzaleak, eta administrazino eta patronalegaz akordioetara heltzeko prestutasun handiagoa izan eban.
Hortaz, industria munduko langileentzat urte txarrak izan ziran hareetan be burrukan jarraitu eban ELAk, eta urteak pasau diran arren, euskal langileentzat erreferentziazko sindikatua izaten segitzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!