Forua: Bizkaiko herri erromatarra
2022-06-15 11:27 Antxinakoak GeureraSasoi haretako bizkaitarrentzat Forua modernidadearen ikurra zan.
Erromatarrak Europan jaun eta jaube ziranean, K.o. I. mendean, latindarrek Gernika ondoan civitas edo uri bat eregi eben. Historiagile ugarik, batez be XX.mendera artekoek, esaten eben erromatarrek ez ebela Euskal Herria konkistau eta gure lurretan presentzia eskasa izan ebela. Baina Foruak eta horren moduko inguruko ezarmenduek hipotesiok hankaz gora itxi ditue. Erromatarrak, duda barik, Euskal Herrian ezarri ziran, bai hegoaldean baita iparraldean be; eta zelan ez, Bizkaian be bai. Forua Urdaibaiko eta, beharbada, Bizkaiko uririk garrantzitsuena zan. Hemen merkataritzea jarduera garrantzitsua zan eta leku adminsitratibo inportantea be bazan. Ziurrenez Bizkaiko barrualdea eta kostaldea lotzen eban civitas garrantzitsua izan zan.
Klaudio enperadorearen sasoian egindako uri hau orduko Vesperies-egaz (Bermeo) lotuta egoan eta kaltzadea Bilboraino heldu zan lehenengo; eta gero, Balmasedaraino be bai. Bide honetatik, erromatarrek meategietan hartutako burdina eroaten eben seguruenez, eta oinarrizko beste produktu batzuk be bai, nekazal produktuak esate baterako. Ereñotik ekarritako marmola be Foruko portuko itsasontzietan sartzen eben eta Bermeora edo harago eroan.
Beraz, Forua ez egoan bakarrik; ordurako Laziokoek hainbat herri eta uri ezarri zituen: Bermeo, Lekeitio, Bilbo (oraintsu Bilboko Alde Zaharrean Trajano enperadorearen sasoiko zeramika zati batzuk topau ditue, K.o. I mendekoak) eta Balmaseda, esaterako. Uriok, ziurrenez, autrigoiek eta karistiarrek erromatarrak heldu baino mende batzuk lehenago eregitako ezarmenduak izango ziran eta erromatarrek kokalekuok hobetu eta handitu zituen. Hortaz, Forua ez zan izan Erromatar sasoiko Bizkaiko ezarmendu erromatar bakarra, baina bai handiena eta poteretsuena.
Gaur egun, orduko etxe askoren aztarnak ikusi daitekez, baita terma batzuenak be. Adituen ustez, uriak 6 hektareako zabalerea izango eban eta bertara heltzen zan burdinea transformau eta Bermeora bialtzen zan esportetako. Orduko forutarrek burdinazko barrak, lingoteak eta tresnak egiten zituen. Hori halan izan zala dakigu, arkeologoek Foruan aztertu dituen eraikin guztiek tailer metalurgikoa izan ebelako. Tailer horreez gan, kuartel militar txiki bat be topau eta identifikau dabe, biltegi ugari, korta handia eta portu zaharra egoan lekuan etxe erromatar handi bat. Azken honetan uriko agintari nagusia bizi zala uste dabe.
Kontuak kontu, argi dago sasoi haretako bizkaitarrentzat Forua modernidadearen ikurra zala eta abeltzain, nekazari eta artisau bizkaitar askok euren jatorrizko herrixkak itxi eta Forura joango ziran bizi izaten, hango bizi kalidadea handiagoa zalako eta lan hobeak topetako aukerea be bai. Jakitunen ustez, urte hareetan, ondoan egoan Kosnoagako kastroa desagertu zan, edo behintzat populazino gehienak itxi egin eban Forura joan zalako. Orduko Portuondo edo Bermeo ezarmendu erromatar garrantzitsuak be egon ziran inguruan.
Forua K.o. I. mendean eregi eben arren, bere momenturik ederrena eta gozoena hurrengo mendean izan eban. Dana dela, IV. mendetik aurrera gainbeheran sartu zan eta V. mendeko krisian populazino guztia galdu eban Europatik etorritako beste herri batzuen inbasinoen testuinguru historikoan. Halan da be, mende gitxi hareetan Foruak izan eban eragina nahikoa izan zan inguruko lurraldeak, neurri handi batean, erromanizetako.
Forua latinezko forum berbatik dator; plazea, bilgunea edota azokea esan gura dau. Erromatar Inperioaren urteetan, Forua Erroma txiki bat bihurtu zan eta kultura erromatarraren bultzatzaile nagusia zonaldean. Halan da be, Bizkaian erromanizazinoa ez zan hain indartsua izan. Orduko bizkaitar poteretsuenek eta buruzagiek erromatarren ohiturak eta janzkera hartu arren, erromatarren hizkuntzea erabili eta legeak aplikau arren, herritar apalek euskerea eta ohitura zaharrak erabilten jarraitu eben. Horren guztiaren erakusle da egun Urdaibain euskereak bizi-bizirik jarraitzen dauela, baita ohitura propioek be. Baina orduko Bizkaia ez zan isolatuta geratu eta erromatarrek ekarritako aurrerapenek Bizkaian be eragina izan eben.
Amaitzeko, hausnarketa txiki bat. Nahiko bitxia begitantzen jat Erromatarren sasoian Forua izeneko uria sortu izana, Erdi Aroan handik hurreko Gernika bizkaitarren uriburu sinboliko bihurtu izana, eta hantxe, Gernikan, Bizkaiko instituzino garrantzitsuena ezarri izana, Bizkaiko Batzar Nagusiak. Eta aurreko dan-dana biribiltzeko, honako hau be harrigarria begitantzen jat: Erdi Arotik gure egunetara bizkaitarrek ohituretan oinarritutako Foruak izeneko legeak sendo defendidu izana eta egun, zelan edo halan, defendiduten jarraitzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!