1872ko Zornotzako Ituna

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2022-05-31 12:29   Antxinakoak Geurera

Akordioaren arabera, karlistek armak laga behar zituen eta Gobernuak preso karlistak aske itxi.

Oraintsu Zornotzako Udalak hainbat ekitaldi prestau ditu orain dala 150 urteko jazoera historiko bat gogoratzeko: Zornotzako Ituna. 1872an karlistek eta liberalek sinatu eben itun politikoa da hori, Euskal Herriko Bigarren Guda Karlistearen testuinguruan (Estaduan, berez, hirugarren guda karlistea izan zan eta ez bigarrena, 1846tik 1849ra Katalunia aldean batez be, I. Guda Karlistan parte hartutako batzuk orduko tropa gubernamental eta liberalen aurrean altzau ziralako). Kontua da ze, orduko karlista esanguratsu batzuek Seiurtekoko gobernuko Serrano jeneralagaz Zornotzan akordio bat sinatu ebela, ordura arteko gatazka militarra geldiarazoten lagundu ebana.

Urte batzuk lehenago, 1868an, Seiurteko Demokratikoa hasi zan.  La Gloriosa deituriko  altzamenduan, Serrano eta Prim jeneralek lortu eben Isabel II.a kargutik kentzea. Urteotan behin behineko gobernua ezarri zan Espainiako unionista eta progresisten artean, 1871n Saboiako Amadeo errege bihurtu zan arte. Helburua zan sufragio unibersala ezartea eta Estadua apur bat demokratizau eta modernizetea. Karlistek aldaketa honeek txarto ikusten zituen, erlijinoaren, ohitura zaharren eta, azken finean, Erregimen Zaharreko baloreen aldekoak ziralako. Beraz, 1868an Madrilen ezarritako gobernuaren kontra agertu ziran. Ganera, uste eben Espainiako erregea Karlos VII.a izan behar zala eta ez behin-behineko gobernuak ezarri eban errege italiarra.
 
Gauzak holan, karlistek 1872ko hauteskundeen ostean altxamendu militarra egitea erabagi eben, emoitzakaz bat ez etozelako. Euren ustez liberalek iruzur egin eben, eta, ganera, Estadu mailan idea iraultzaileak eta erlijinoaren kontrako neurriak ugaritu ziranez, karlistentzat egoerea jasaezina zan. Karlistak tradizinoen aldekoak ziranez eta euskal foruei eutsiko eutsien berbea emoten ebenez, euskaldun asko erakarri zituen. 1872an Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian lehenengo talde armaduak sortu eta antolatzen hasi ziran, tropa gubernamentalei aurre egiteko. Dana dala, maiatzean karlistek Orokietan porrot handi sufridu eben. Egoera haretan, Karlos erregeak, potorea lortu nahi eban erregegaiak, Frantziara alde egin behar izan eban.

Orokietako porrotaren ostean Bizkaian egozan tropak barriro batu ziran, Arrigorriagan eta Mañarian Serranoren tropei aurre egin eutseen eta garaipen batzuk lortu zituen. Halanda be, jeneral batzuek, karlisten ustezko ahultasuna begibistakoa zala pentsaurik, 1872an Serrano jeneralagaz Zornotzako Ituna sinatu eben. Akordio horren arabera, karlistek arma guztiak itxi behar zituen eta trukean Gobernu zentralak aske itxi behar zituan aurreko hileetan preso hartutako karlista guztiak.

Hortaz, karlismoa ahul egoan momentu haretan, itxuraz. Fausto de Urquizu, Juan E. Orue eta Antonio de Arguinzoniz karlistak Serrano jeneralagaz alkartu ziran Zornotzan eta ituna sinatu eben. Sinatutakoaren arabera, armak ixteko konpromisoa hartzeaz gan, aurrerantzean egon eitekezan altzamenduak geratuarazoteko berbea emon eben karlistek. Horren truke, soldadu liberalek atxilotutako karlista guztiak aske ixteko konpromisoa adierazo eben eta karlistei aukerea emon eutsen, nahi baeben, armada nazionalean sartzeko. Horrezaz gan, Serrano liberalak Bizkaiko Foruak eta honen instituzinoak (Juntetxeak) errespetetako berbea emon eban.

Itun honek altzamendua atzeratzeko balio izan eban, baina egia esanda karlista gehienak armak ixtearen kontra egozan eta ez eben ondo ikusi Serranogaz sinatutako itun horretan esaten zana. Hortaz, 1873an, Espainiak bizi eban ezegonkortasun politikoa aprobetxaturik, karlistek armak hartu eta gerreari ekin eutsen. Espainian I. Errepublikea aldarrikatu eben 1873ko zezeilean, kantonalismo prozesua hasi zan eta Gobernu zentralaren poterea ahuldu zan. Karlistek egoera hau baliatu eben Euskal Herriko lurralde gehienak eurenganatzeko (uri garrantzitsuenak salbu). Baina horretaz hurrengo batean egingo dogu berba.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu