Neolitoko kokaleku bat Uribe Kostan: Mandañu

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2022-05-16 12:33   Antxinakoak Geurera

Uribe Kosta leku garrantzitsua da Bizkaiko Historiaurrea ezagutzeko.

Plentziako Museoan dagoz Uribe Kostan agertutako aztarna asko | Ikusi handiago | Argazki originala

Historiarrean kokalekuak egon ziran Bizkaian. Orain dala dozenaka milaka urte dagoeneko bizkaitarren arbasoek lurraldeko leku estrategiko batzuk okupau zituen: Santimamiñe eta orain aztertuko dogun Gorlizeko aire zabaleko kokalekua, Mandañu.

Mandañu Uribe Kostan kokaturiko lekua da, baina ez da zonaldean arkeologoek topau daben Historiaurreko kokaleku bakarra. Inguruan, Kurtzia, Muriola, Landeta, Errekalde, Mendieta eta abar dagoz. Beraz, duda barik Bizkaiko txoko honetan, Uribe Kostan, oso antxinatik egozan herritarrak. Material litiko ugari topau ditue han, silexez egindako harlandu asko. Egia esanda, Jose Migel Barandiaranek 1960ko hamarkadan egindako lehenengo indusketetatik gaur egunera arte hainbat lan egin dira zonaldean eta, lehen esan dogun moduan, indusketa horreetan topautako aztarnak ugari dira. Dana dala, Butroi ibaiko eskumako aldean, Mandañu izeneko inguru haretan, askoz aztarna gitxiago topau dira eta oraindino asko dago egiteko. Mandañun, aztarnategiari izena emoten deutsan mendian, silexezko harri zati batzuk baino ez dira agertu. Arkeologoen arabera, mendi honetako zortzi sektoretan batzen dira topautako  aztarna guztiak.

Guztira, silexez egindako 230 pieza agertu dira eta hondarrezko beste zazpi tresna makrolitiko. Adituek pentsetan dabe harria edo silexa handik hiru bat kilometrora dagoan puntu batetik hartzen ebela Mandañun bizi ziran biztanleek. Kurtzia eta Mendieta I eta II-ko aztarnategietan harri edo silex bereko materialak eta tresnak topau ditue. Kuartzita Mandañun bertan hartuko eben. Kareharrizko  koskorrak be topau dira, tartean arroka bolkaniko bategaz egindako bat; kasu horretan adituek ez dakie zein izan daitekeen harri horren jatorria. Bestalde, silexez landutako tresna litiko askotan suak eragindako aldaketa kimikoak begibistakoak dira. Beraz, ondorioztatu geinke Mandañuko biztanleek euren tresnak sutan jarten zituela materiala bera gogortzeko edo hobetzeko.

Danetariko harri-puska eta harri-xaflez gan, tresna batzuk be topau ditue, baina  material osoaren zati txiki bat baino ez dira. 35 harri-xafla horreen ezaugarri nagusiak dira, alde batetik, ertzak paraleloak eta meheak dirala. Bestetik, erraboilak markauta dagoz, orpoak preparauta eta erlaitzen angelua handia da. Tresna edo harri-puskak zizelkatzean, adituek ondorioztau dabe zeharkako metodoak erabili zituela, hau da, zeharka jotako kolpeak eta presinoa. Harri-xaflei jagokenez, hiru klasetakoak dira, zabalera eta loditasunaren arabera: batzuk meheagoak eta estuagoak dira, eta beste batzuk, aldiz, zabalagoak eta potoloagoak. Bestalde, euren luzeraz esan behar da, harri- xafla gehienak apurtuta dagozala eta bi baino ez dituela osorik topau.

Mandañun agertu diran tresnak honeek dira: punta foliazeoak, bifazialak, karrakailuak, harraskailu-zulogailuak, harraskailu txikiagoak, lehen mailan dekortikautako edo gainazala leun daben harri xaflak, gandordun harri-xaflak, mukuruko harri-xaflak eta harri xafla handi eta txikien zatiak.

Tresna gehienak kazan edo gerran erabiliko zituen, baina, neurri txikiago batean, garia eihoteko tresnak be topau dira. Horrek aditzera emoten deusku Mandañuko biztanleak kazatik biziko zirala, baina zeozelango oinarrizko nekazaritzea be  baeukela. Gogoratu behar dogu zonalde honetan eihoteko tresna gitxi topau dirala, beraz, deigarriak dira Mandañukoak.

Argi eta garbi, Mandañukoek ortuak baldin bazituen, uzta eskasa jasoko eben, beraz, nekazal produktuok euren konsumorako izango ziran eta inoiz ez merkaturatzeko edo saltzeko. Materialaren antxinakotasuna dudan dagoan arren, arkeologoen ustez Neolito sasoiaren amaierakoa izan leiteke Mandañuko kokalekua. Adituek ondorioztau dabe harri-xaflak kalidade handiz landuta dagozala eta beharbada horreekaz egindako tresnak beste zonalde batzuetara esportauko zituela. Uste dabe pieza eta tresnok sasoi haretako kanposantuetan erabilten zirala.

Landutako harri-xaflak eta landu bako pieza makrolitikoek aditzera emon leikie kokaleku honetan aniztasun handiko jarduerak egiten zirala. Beraz, agertu diran tailerrek eta habitatek gogorarazoten deuskue zein neurritaraino zan konplexua Neolitoaren sasoiko gizartea Bizkaian. Horrek guztiak argi ixten dau leku estrategikoan egoan Mandañuko kokalekua nahiko garrantzitsua izan zala Neolitoan. Duda barik, Mandañu, Kurtzia eta Mendietako kokalekuek erakusten dabe Uribe Kosta esparru garrantzitsua dala Bizkaiko historiaurrea ezagutzen jarraitzeko eta inguru honetako ondarea zelan edo halan jagon eta babestu behar dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu