1980ko hamarkadako desindustrializazinoa Bilbo Handian
2022-04-29 13:11 Antxinakoak Geurera1975etik 1995era, Bizkaian 100.000 lanpostu galdu ziran industrian.
Bilbo inguruan, eta batez be itsasadarraren ezkerraldean, XIX. mendearen amaieran Estatu Espainiarreko metalurgiako eta siderurgiako lantegirik indartsuenak sortu eta ezarri ziran, baita ontziolak be. Ezkerraldearen alboan dagoan Meatzaldetik oinarrizko baliabideak ateratzen ziran, burdinea batez be. Hau neurri handi batean Ingalaterrara, Belgikara edo Alemaniara inportetan zan eta beste zati bat Ezkerraldeko industrietan lantzen zan. Barakaldo eta Sestao inguruko lantegiak Industria Astuna dalakoaren barruan kokatu geinkez. Garai haretan langile asko behar ziranez, Espainiako beste zonalde batzuetako gizonek Bizkaira emigrau eben XIX. mendearen amaieran eta XX. mende osoan zehar.
XX. mendeko bigarren zatian, Bigarren Industrializazinotzat joten dan prozezua hasi zan: Industria Astuna indartu eta Gaztelatik, Extremaduratik edo Andaluziatik alde egindako langile asko modu masiboan etorri ziran; Bizkaiko biztanleria asko hazi zan. Lehen aitatu dogun moduan behargin hareek Espainiako barrualdetik etorri ziran, batik bat nekazal mundutik. Prozesu honek, jakina, gure herrialdeko demografian eragina izan eban. Honek guztiak, besteak beste, euskerea ahultzea eragin eban, hona etorritako askok eta askok ez ekielako euskeraz berba egiten eta gehienek erabagi eben ez ikastea (gogoratu behar dogu Frankismoan euskerea erabiltea eta ikastea debekatuta egoala).
Industrializazino honen beste ondorio bat izan zan, hasikeratik Bizkaian langileen mobimenduak indar handia hartu ebala. XX. mendearen lehenengo hamarkadan CNT, UGT eta ELA sindikatuak sortu ziran eta Frankismoan, lehen esan dogun Bigarren Industrializazinoan, Bizkaiko sindikatuek modu aktiboan jokatu eben eta greba eta mobilizazio handiak bultzatu zituen patronalaren zein gobernu frankistearen kontra.
Beraz, ez da harritzekoa imajinetea zein izan zan sindikatuen eta langileen erantzuna 1980ko hamarkadan desidustrializazino prozezua hasi zanean eta industria sektorerako funtsezkoak ziran hainbat eta hainbat lantegi handi itxi zituenean. 1973ko petroleoaren krisiaren ondorioz, ekonomia industriala kinka larrian geratu zan eta, Mendebaldeko beste herrialde batzuetan jazo zan lez, Euskal Herrian eta Espainian be Industria Astuneko hainbat lantegi itxi behar izan zituen, euren produkzino gastuakaitik, beste arrazoi batzuen artean. Bizkaiko bigarren sektoreko langile guztien % 42k Ezkerraldean lan egiten eban, hortaz, Bizkaiko gune horretan desindustrializazinoaren ondorioak modu argiagoan igarri ziran. Datu ofizialen arabera, 1975etik 1995era bitartean, Bizkaian 100.000 lanpostu galdu ziran industrian, Espainiako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko birmoldaketa-industrialaren erruz.
Beharbada, itxi ziran lantegi guztietatik Bizkaiko Labe Garaiek izan eben oihartzunik handienetakoa. Barakaldon egoan XIX. mendearen akaberatik eta Estatuko metalurgiaren erreferentea zan. Dana dala, 1980ko hamarkadan 12.000 langile kaleratu zituen bertatik. Firestone, Union Explosivos Rio Tinto, Echevarria (5.500 langile) eta Sefanitro lantegi handiak be itxi behar izan zituen.
Altzairuagaz lan egiten eben enpresetan be eraldaketa handia egon zan. Sektore honetako enpresa sendoenetako batzuk, Astilleros Españoles (8.000 langile kaleratu zituen Bilbo Handian eukazan hiru lantegietatik) eta Babcock Wilcox kasurako, Industriako Institutu Nazionalaren (gaztelaniaz INI-Instituto Nacional de Industria) menpe geratu ziran, hau da, Espainiako Gobernuko enpresa publiko baten menpe. Ontziola batzuk be itxi ziran 80ko hamarkadan, Astilleros Euskalduna esaterako. Ontziola horretan 3.000 bat langilek egiten eben behar. Erandioko Astilleros Celaya be zarratu eben, baita Asuako AESA be.
Arazoak handitu egin ziran sektore industrialean: zorrak nonahi, langileak askotan kobrau barik geratu ziran edo soldatak berandu jasoten zituen, enpresek ezin eutseen hornitzaileei pagau, behargin asko EREn sartu ziran... Langileek euren etorkizuna ilun ikusten ebenez, mediku-bajak asko ugaritu ziran. Gauzak holan, langileen mobimenduak eta grebak asko ugaritu ziran. Gobernuak, mobilizazinoon bildur zanez, egoera ekonomikoa txarra izanda be, langileei soldatea igon eutsen. Horrezaz gain, Espainiako Gobernuak langileen auzoak hobetu zituan sindikatuek indarra hartzen eben bitartean. Sindikatu espainiar zein euskaldunak birmoldaketa-industrialaren kontra agertu ziran, baina UGTk, adibidez, mobilizazinoak bultzazen zituan bitartean negoziau be egin eban Gobernuagaz, langileen baldintzak hobetu nahian.
Birmoldaketearen eraginez kaleratutako langileak aurrejubilau ziranez, jubilazinoei zuzendutako aurrekontua areagotu behar izan eban Gizarte Segurantzeak, lana betiko itxi eben langileen kopuruak ikaragarri egin ebalako gora belaunaldi haretan. 80ko hamarkadako beste ezaugarri soziologiko bat izan zan langile klasearen parte bat hainbesteko ospea hartu eben drogen menpe geratu zala, baita alkoholismoarenean be. Urte hareetan familia ugari desegituratuta geratu ziran aurrejubilazinoen, drogen edo alkoholismoaren erruagaitik.
Baina dena ez zan iluna eta txarra izan, apurka-apurka Bilbo Handia krisitik urteten hasi zalako, eta antxina Ezkerraldean, Bilbon eta Erandion industriak eban pisua aldatzen joan zan; oraindino garrantzia handia dauen arren, batez be Barakaldon, Sestaon, Basaurin, Txorierrin eta Erandion. Hirugarren sektorearen hazkundea hasi zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!