Konbentzino Gerrea Bizkaian
2022-04-19 07:47 Antxinakoak GeureraFrantsesak 1795eko garagarrilean sartu ziran Bilbon.
Konbentzino Gerrea dalakoa Frantziako Iraultzearen ostean armada frantsesak Espainiako Koroan eginiko inbasinoa izan zan. 1789an frantsesek euren iraultzea egin eben, erregea kendu eta errepublikea aldarrikatuta. Baina lau urte geroago, iraultzaileek (burgesiak, noblezia ertainak, txikiak eta herri xumeak osoturikoa) Luis XVI.ari burua moztu eutsien eta beste estaduek eraso egingo eutsien bildur ziranez, Frantziak gerrea deklarau eutsen Erresuma Batuari, Herbehereei eta Espainiari. Europako monarkia gehienetan ikarea zabaldu zan Frantziako jazoerak zirala eta; hortaz, iraultzeari aurre egiteko preparau ziran.
Frantziako Konbentzino Nazionaleko tropak 1793an Espainiarutz joan ziran. Euren soldaduek arma barriagoak zituen eta, orokorrean, Frantziako tropak profesionalagoak ziran. Zelanbait esateko, frantziarrek, espainiarrek ez bezela, benetako arrazoi sakonak zituen burrukatzeko: euren nazinoaren izenean eta horrek ordezkatzen eban ideagaitik. Espainiarrak, ostera, erregearen izenean baino ez ziran burrukatzen, Karlos IV.a erregearen menekoak ziran ezkero. Frantsesak 1793ko udabarrian Katalunian sartu ziran eta han ekin eutsien gudeari Espainiako tropen kontra. Hasikeran espainiarrek garaipen batzuk lortu zituen eta Rosellonera heldu ziran, baina 1794an frantsesek espainiarrei irabazi egin eutseen eta Karlosen jarraitzaileek Kataluniara atzera egin behar izan eben. Han, gudea ez atzera ez aurrera geratu zan eta frantsesek ebatzi eben Pirinioetako mendebaldera jotea, euskal lurraldeak inbaditzeko. Eta halantxe egin eben.
1794ko udan Getarian batuta egozan Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Donostiako burgesiak bultzaturik, eskatu eben Espainiako Erreinutik alde egitea eta Frantziako Errepublikan sartzea, foruei eutsita. Frantziako Errepublikako ordezkariek ez zituen onartu Gipuzkoako ordezkarien aldarrikapenak eta eskariak; Gipuzkoa konkistautako lurraldetzat baino ez eben hartu. Frantziako tropek Gipuzkoatik Bizkaira jo eben. Orduan Jaurerriko agintariak burrukarako preparau ziran, 5.200 soldaduko armada errekrutauta (aldez aurretik Bizkaiko Jaurerriak 500 soldadu bialdu zituan Gipuzkoara hango armadeari eta Espainiakoari laguntzeko), eta Espainiako armadeagaz koordinetako ahaleginak egin zituen.
Bilboko Udalak, esaterako, uriko alferrak eta eskaleak errekrutau zituan foru armadan parte hartzeko. Bilbon bizi ziran frantsesak kaleratzeko edo botetako agindua be emon eban Udalak. Bestalde, Itsasadarrean zehar defensarako gotorlekuak ezarri eta txukundu ziran eta Eibarreko armategikoei 1.000 arma inguru egiteko eskaerea egin eutseen. Bilboko Udalak eta Konsuladuak diruz lagundu eutsien Aldundiari, miloe bi erreal emonez. Bizkaiko eleizea be frantziarren inbasinoaren kontra agertu zan, frantsesak deabruak zirala eta erlijino katolikoa desagerrarazo nahi ebela esanez. Beraz, eleizeak be ekarpen ekonomiko handiak egin zituan eta ondo baino hobeto lagundu eban, baina dana alferrik.
Dan-danak txarto urten eban. Aldundia hasi zanean bizkaitar gazteei deitzen, askok eta askok foru armadatik ospa egin eben. Bestalde, Enkarterrietako herriek, artean Jaurerriaren parte ez ziranez ikuspegi judizialetik, ez eben gizonik bialdu Bizkaiko armadara frantsesei aurre egiteko. Hori gitxi ez balitz, armak zeharo zaharkaturik egozan, eta, ganera, instalazino militarrak txarrak ziran, baita laguntzino medikoa be. Horrezaz gan, gogoratu behar dogu 1794-95 urteen arteko negua oso gogorra izan zala eta horrek dana gatxago bihurtu eban.
Frantsesek Crespo general espainiarrak Bergara eta Arrasate artean ezarritako defensak hondatu eta gero, Bizkaiko foru armadea bakarrik geratu zan Frantziako Konbentzino Nazionaleko armadeari aurre egiteko. Crespok alde eginda, bizkaitarrek aukera gitxi zituen gudea irabazteko eta halantxe izan zan, bizkaitarrek aste gitxian galdu eben gerrea. Baina frantsesek be ezbehar ugari izan zituen, izan be, soldadu asko zendu ziran negu gogor haretan. Adituek pentsetan dabe frantziarren artean 20.000 soldadu inguru hil zirala Gipuzkoako kanpainian.
Frantsesak 1795eko garagarrilean sartu ziran Bilbon eta Bizkai osoa euren kontrolpean gelditu zan. Halan da be, bizkaitarren zorionerako Basileako Pakea sinatu barri eben Frantziako eta Espainiako gobernuek. Akordio horren arabera, besteak beste, Frantziako tropek alde egin behar izan eben Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik.
Aldundiko kide nagusiak Bilbora bueltau ziran egun batzuk lehenago Burgosera ospa egin ostean, eta gerrak eragindako gastuak kalkuletan hasi ziran. Berehala konturatu ziran gudeak eragindako gastuak oso handiak zirala eta Aldundia zorpetu beharko zala. Ondorengo urteetan krisi ekonomikoa areagotu zan Jaurerrian Konbentzino Gerrearen eraginagaitik eta orduko nekazal munduko krisiagaitik be bai. Krisiak uriaren eta landa eremuko herrien arteko tirabirak handitu zituan. Uriak eta uritarrak orduko idea liberalen isla ziran; landa mundua eta herriak, barriz, betiko baloreena eta tradizinoena. Handik gitxira, XIX. mendearen hasikeran Zamakolada izeneko matxinadeak eztanda egin eban eta arrazoien artean ikuskera bion arteko talkea egoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!