Mendeko uriolarik handienak Bizkaian, 1983an
2022-03-31 13:42 Antxinakoak GeureraAlkartasuna nagusi izan zan egun ilun eta euritsu hareetan.
1983ko abuztuan, Aste Nagusiaren erdian, ekatx indartsu batzuen eraginez euri zaparrada handia bota eban Bizkai osoan. Eurite gogorren ondorioz, uriola ikaragarriak egon ziran Nerbioi ibaiaren ertzetan. Abuztuaren 26an eta 27an, zapatua eta domekea hurranez hurran, zaparrada itzelak bota zituan, eta uriola handiak eragin. Bizkaian ez eze, Gipuzkoako eta Kantabriako herri ugari urpean geratu ziran eta uriolek eragindako gastuak handiak izan ziran, 25.000 miloe pezeta inguru, kalkuluen arabera.
Urte haretan, Espainian aldaketak izan ziran: Alderdi Sozialistea Espainiako Gobernuan zala, asteko 40 orduko lanaldia ezarten eban lan-legea onartu eben. Urte haretan bertan sinbolikoa izan zan beste aldaketa bat be jazo zan. Frankismoan indarrean egon zan Garrote vil-a debekatu zan, heriotza zigorrean erabilten zan tortura metodoa.
Nazinoartean aitatzekoa da Iranen eta Iraken arteko gudearen hasierea ostera be. Munduko herrialde komunista garrantzitsuenetan presidente aldaketak egon ziran. Txinan, Li Xiannian-ek hartu eban kargua eta Sobiet Batasunean, barriz, Yuri Andropovek. Ezin dogu ahaztu Sobiet Batasuneko tropek Afganistanen jarraitzen ebela garaipen desiratua lortu ezinik. Urte haretan, zezeilean, Argelen Yasir Arafat OLP-eko presidente izentau eben barriro. Israelen be presidente barria aukeratu eben, Jaim Herzog laboristea. Amaitzeko, Ronald Reaganek, Estadu Batuetako presidenteak, Gerra Hotzean bete-betean sartuta egoala, Galaxien Gudea izeneko Defensa Estrategikorako Sistema barriaren ezarpena iragarri eban.
Geurera etorrita, aitatzekoa da 1983ko lehenengo hileetan Euskal Telebista martxan jarri zala, Karlos Garaikoetxearen agintaldian. Bestalde, Euskal Herrian zein Espainian ETAk atentaduak egiten jarraitu eban, hildako ugari eraginez.
Halan eta guzti be, danak ez ziran albiste txarrak; izan be, Athleticek aurreko denporaldian, 1982-83an, Espainiako Ligea irabazi eban, eta uda haretako abuztuan, uriolak baino lehenago, orduan ospe handia eban udako txapelketa bat irabazi eban, Teresa Herrera; lehenengo Real Madrili irabazita eta gero finalean aurreko urteko Uruguayko txapeldun historikoari, Peñaroli.
Baina, gero, inork uste ez ebana jazo zan. Abuztu haretan, Bizkaiak azken mendeko uriolarik gogorrenak sufridu zituan. Bilbon ez eze, Bermeon, Ugaon, Etxebarrin edo Galdakon be uriolearen ondorioak handiak izan ziran. Adituek pentsetan dabe egun bi hareetan 1.500 tona ur baino gehiago jausi zirala. Ugaon, Galdakaon eta Etxebarrin 10 bat lagun hil ei ziran.
Aste Nagusi bete-betean, Bilboko Alde Zaharrean urak bost metroko altuerea hartu eban eta auto, txosna, lokatz eta hondakin andana pilotu ziran Zazpi Kaleetan eta ibaiaren ertzetan. Erriberako merkadua suntsituta geratu zan eta Abusu auzoan hildako bi egon ziran. Alde Zaharrean 600 saltoki hondatu zituan urak eta dan-dana lokatzez bete zan. Datuen arabera, Bilboko erdialdean lagun bat baino ez zan hil, El Madriles izeneko eskalea. Alde Zaharreko kaleetan bizi zan eta kartoiak saltzen zituan.
Maria Dolores Hernandezek, sasoi haretan Basaurin bizi zan gaur egungo lezamarrak dinoanez, Basaurin urak Mercabilbaoko kamioi guztiak eroan zituan eta ur-emariak eta ibaiaren ibilguak uriko zubietako bat apurtu eben. Ibaiaren ondoan bizi ziran basauritarrak, bildurraren bildurrez Basauriko goiko partera joan ziran. Bilboko Peñascal auzoan 300.000 metro kubo harri pilotu ziran. Gogoratu behar dogu auzo honetatik hur harrobi bat dagoala, eta menditik jaisten zan ur-piloak harri guztiak arrastau zituan.
Herritarren erantzuna berehalakoa izan zan; asko eta asko egun gitxian guztia garbitzen ibili ziran eta bilbotarrek euren prestutasuna adierazo eben etxe barik geratu ziranak hartzeko. Etxea galdu eben bilbotar batzuek, ondorengo gauetan, Bilboko agintariek beren-beregi atondutako kiroldegietan egon ziran lotan. Alkartasuna nagusi izan zan egun ilun eta euritsu hareetan; bilbotar arruntek ez eze, udaleko zinegotziek, orduko alkateak berak –Jose Luis Roblesek-, poliziek eta Babes Zibilekoek lagundu eben kaleak garbitzen; ura, lokatza eta hondakin guztiak kentzen; etxe barik gelditu ziranei lo egiteko lekua eskaintzen...
Abuztuaren 28an, hondamenditik egun bira, agintariak janaria eta edaria banatzen hasi ziran Bilboko hainbat puntutan. Batik bat ur botilak, ogia eta oinarrizko beste elikagai batzuk banatu zituen agintariek.
Halanda be, dana ez zan alkartasuna izan. Beste biztanle batzuek, orduko kaosa aprobetxatuz, Alde Zaharreko hainbat dendatan eta saltokitan ostu eta sakeoak egin zituen. Bestalde, Espainiako armadea be etorri zan laguntzera eta Deuston eta Erandion behin-behineko zubiak eregi zituan.
Suntsipena sekulakoa izan zan eta bizkaitarrek aste asko behar izan zituen aurreko egoerara bueltetako. Halanda be, aditu ugariren aburuz, hondamendi honek Bilboren eta Bizkaiaren barrikuntzea ekarri eban. Uriolek Bilbo ilun eta industriala lurperatzen lagundu eben. Handik urte gitxira heldu zan krisi industrialak eta ekonomikoak eta 1983ko uriolen hondamenak Bizkaiaren eraldaketeararen lehengo pausua egiten lagundu eben. Bilbon, esaterako, Arabella, Matiko eta Abusu auzoak berregituratu ziran eta egun latz hareen ostean uriaren itxurea pitinka-pitinka aldatzen joan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!