Bizkaiko foru-alkateak
2022-03-17 09:11 Antxinakoak GeureraSindikoak, korrejidoreak, merioak edota diputaduak be existiduten ziran.
Foru-alkatea Erdi Aroan eta Aro Modernoan Bizkaiko Jaurerriko kargu publiko garrantzitsua izan zan. Bizkaiko foruaren arabera herrialdean bost egozan eta auzi bat egoanean lehenengo instantziako epaileak izaten ziran. Eremu zibilera mugatzen zan euren betebehar judiziala.
Harotarren garaian, behintzat, XIV. mendera arte foru-alkateek bizitza osorako lana eben, hau da, eurena bizitarteko kargua zan eta 2.000 maravediko soldatea eben. Korrejidorearen azpian egozan justizia alorrean, hau da, korrejidorearen ikuskapena behar eben eta, beraz, foru-alkate batek epaitutako auziaren sententziagaz gustora ez baegozan inplikautakoak eta apelazino bat egin nahi baeben lehenengoz gainerako foru-alkateakana joan behar eben (gogoratu beste 4 egozala Bizkaiko Jaurerrian) eta oraindino konforme ez baegozan korrejidorearen tenintearengana edo korrejidorarengana jo behar eben.
Markina inguruko foru-alkatea (Lea-Artibaiko zonaldekoa) Amalloako burdinolaren gaineko auziak konpontzen be arduratzen zan. Ezin dogu ahaztu Bizkaian burdinola asko egoala eta Erdi Aroan zein Aro Modernoan burdinolen jarduera ekonomikoa oso garrantzitsua izan zala gure herrialdeko ekonomian. Hemen ataraten zan burdina Ingalaterrara edo Frantziara eroaten eben eta burdinolen alkate jakin bat egoan (beste kargu publiko bat zana) jarduera horreen gaineko auzietan epaitzen ebana. Baina Lea Artibaiko foru-alkateak be alor honetan eskumena eban.
Bestalde, aurreko artikulu batean esan genduan lez Enkarterrin beste instituzino batzuk egozan, Avellanedako Juntetxeak, hain zuzen be eta Erdi Aroaren amaieran, behintzat Avellanedako Foru propioa apliketan zan eskualde horretan. Eta foru honek bere berezitasunak zituan Bizkaiko foruagaz alderatuta. Ondorioz, Enkarterrin politikea egiteko beste era bat egoan eta Enkarterrin foru-alkate propioa egoan, Bizkaiko bost horreez gan.
Foru-alkateen indarraz gan eleizateetako alkateak be baegozan eta horreek 48 maravedi baino gitxiagoko gastua ekarren auzi zibilak epaitu eikiezan. Bizkaiko Foruak adierazoten eban bezela Bizkaiko Justizia ardurako kargu publiko guztiak Bizkaiko jaunak izentau behar zituan eta kargu horreetan normalean Bizkaiko edo bertoko senitarteko nagusiak egoten ziran.
1379. urtera arte kargu horreek izenteteaz arduratu izan ziran lehenengo Harotarrak eta XIV. mendearen bigarren zatitik aurrera, Laratarrak eta Trastamaratarrak; horrezaz gan, Gaztelako erregearen kontroletik kanpo egozan familiak. Urte haretara arte, Bizkaiko Jaurrerria subiranoa zan aitatutako familien esku egoanean, hau da, ez zan Gaztelaren erreinuaren parte. 1379. urtean, Gaztelako erregeak, Juan I.ak, Bizkaiko jaunaren tituloa bereganatu eta urte haretatik aurrera Bizkaiak bere autonomiari eutsi eutson arren, Gaztelako erregea Bizkaiko jaun bihurtu zan eta, ondorioz, haren erreinuaren barruan geratu zan Bizkaia osoa.
Bizkaiko jauna justiziagaz zerikusia eben kargu publikoak izentetan arduratzen zan eta, beraz, korrejidorea, merioa, prestameroa edota foru-alkatea Bizkaiko jaunak aukeratzen zituan, XIV. mendearen amaieratik aurrera Gaztelako erregeak.
Foru-alkateak leku batetik bestera joaten ziran auziak edo pleitoak entzun eta epaitzera eta 1575. urtetik aurrera derrigortuta egozan herri jakinetan astero hiru audientzia egitera. Erreinuko altxorzaina zan foru-alkateei soldatea emoteko ardurea ebana.
Bitxikeria moduan, 1452an Bizkaian oraindino foru idatzirik ez egoanean, bizkaitarrek ikusten eben beharrakaitik, foru-alkateak ziranak aurreko Bizkaiko Batzar Nagusietan adostu eben lez orduko korrejidorearengana joan ziran, Pedro Gonzalezengana, hari adierazoteko Jaurerriak foru idatziak behar zituala eta testu legal bat idazteko asmoa ebela. Eta holan egin zan; Juntetexeek eta haren kargu publikoek mendeetan zehar gordetako eta aplikautako foruak, horreek idazteko komisino bat izentau eta Foru Zaharra testu juridikoa idatzi eben.
Foru-alkateez gan, sindikoak, korrejidorea, merioak eta diputaduak be existiduten ziran Antxinako Erregimeneko Bizkaian baina horreen gorabeherak jorratzeko astia aurrerago izango dogu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!