Bilboko Metroa ibili badabil
2022-03-01 08:15 Antxinakoak Geurera1995ean inagurau eben, zemendiaren 11an.
Bilboko Metroa azken urteotan Bizkaian egin dan azpiegitura garrantzitsuenetakoa da. Bilboko agintariak Errepublika garaitik ibili ziran bueltak emoten idea horri eta askoren ustez sasoi haretan beharrezkoa ikusten zan Bilbok metroa izatea. Frankismoaren boladan, 70ko hamarkadatik aurrera, lehenengo ikerketak egin ziran metro barriaren inguruen. Dana dala, 1988. urtera arte ez ziran obrak hasi. Urte batzuk igaro ostean, azkenean, 1995ean inagurau eben, zemendiaren 11an, hain zuzen be, orduko Jose Antonio Ardanza tartean zala.
Hortik aurrera Bilboko Metroa erreferente izan da eta ezinbesteko tresna bihurtu da bilbotarrentzat zein Bilbotik hur dagozan biztanleentzat. Bizkaiko eta Euskal Herriko trenik erabiliena da eta bizkaitarron bizitzea itzel erraztu deuskun garraiobidea da.
Hasikeran linea bakarra egoan, Plentzia eta Etxeberria udalerriak batzen zituana baina urteekaz beste línea batzuk egin dira. Egun 3 linea dagoz (Plentzia-Basauri, Basauri-Kabiezes eta Matiko-Kukullaga) eta Bizkaiko udalerri handienak lotzen ditu. Berez, Bilbo izena agertuten bada be, Barakaldo, Basauri, Sestao, Portugalete, Getxo edo Santurtzi udalerri handiak lotzen ditu.
Aitatzekoa da metroko gelltokien forma modernoa. Norman Foster arkitektoak metroaren diseinua egin eban eta berea da obrea. Eusko Jaurlaritzeak kudeatutako tren honen ondorioz uri bizkaitarrek eraldaketa sakona izan dabe eta modu batean edo bestean inguruok modernizau dira antxinako Bilbo industriala eta
ilunaren irudia ezabatzen eta ahaztuarazoten lagundu dauelarik.
Etorkizunean línea barriak egingo dirala emoten dau. Laugarrenak gaur egun euren artean konexio ona ez eben Errekalde eta Matiko auzo bilbotarrak lotuko ditu eta bosgarrenak Basauri eta Galdakaoko ospitalea, Galdakao herritik pasauko dalarik. Ondiño galdakoztarrek urte batzuk itxaron beharko ditue aspalditik
eskatu dabena lortuteko, baina emoten dau metroa zabaldu egingo dala aurrerantzean. Gauzak holan dirala, bizkaitarrek azkarrago mobiduten jarraituko dabe, azkarrago datorren urteotan eta euren autoa hartu barik. Gure gizartearen erronketako bat garraiobide publikoa bultzatzea da autoek urigunetan sortzen daben kutsadura mailea bajatuteko.
Danok gogoan doguz metroan bizi izandakoak, tren eroso hau gure bizitzako parte bihurtu baita. Oraindino akordetan naz lagunakaz iluntzean metroa hartzen nebanean, udan, inguruko jaietara joateko eta egunsentian jai hareetatik Bilbora itzultzeko (zenbat kantu eta algara) edo domekan hondartzara joaten ginanean kontetan genduzala falta ziran geltokiak Negurira edota Bidezabalera heltzeko. Ezin dot ahaztu Larrabetzuko autobusean Deuston bajatu eta gero metroa hartzen nebanean San Mamesera joateko eta handik, Termibusetik, Gazteiza joaten nintzanean Historiako ikasketak egitera La Union autobusean. Eta zelan ez, nork ez dau gogoratzen metroan sartzen ziranean Athleticeko dozenaka zale kamiseta eta bufandak jantzita San Mames futbol- zelaira joateko. Ahaztuezina. Eta ni ez naz bilbotarra, uriburukoa izan banintz... Halan da be, nik neuk ehunka bizipen ditut, orduak eta orduak metro mordeno honetan igaro ostean.
Inork ezin dau dudan ipini bizkaitarrontzat aldaketa handia izan ebala bere garaian, orain 26 urte, metro hau abian jarri izana ze eta mobikortasunean hobekuntza ikaragarria emon baitzan. Metroa martxan dagoanetik bazter guztietara heltzen gara eta gauerako eta sano interesgarria da, sekulako aurrerapausoa da metroa. Zoragarria da ikustea zelako maiztasuna dagoan trenetan eta askotan ez deuskula ardura metroa galtzea laster gure helmugara ziztu bizian eroango gaituan beste metro bat etorriko dalako.
Aupa danon gogokoa dan Bilboko eta Bizkaiko metroa!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!