Enkarterri Erdi Aroan, ikuspegi politiko-juridikoa ardatz hartuta

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2022-02-16 08:32   Antxinakoak Geurera

1804an, Enkarterriko eskualdeak Bizkaiko lurraldean sartu ziran behin betiko.

Erdi Aroan Enkarterri Bizkaian egoan arren sistema juridiko propio eban lurraldea zan. Egia da, Bizkaiagaz lotura estua ebala eta interes komunak zituela lurralde biek. Enkarterriko ordezkari bat (sindikoa) Erdi Aro guztian zehar Gernikako Batzar Nagusietara joaten zan eskualdea ordezkatzen, Bizkaiko mendebaldeko eskualdea XIX. mendearen hasikeran Bizkaiko Jaurerriagaz batu zan arte. Enkarterrik sistema legala eban 1394tik. Urte haretan Enkarterriko forua edo Avellanedako forua idatzi eta argitaratu eben Gonzalo Moro korregidorearen gobernaldian. Testu legal honek 45 kapitulo zituan eta historialari askoren eretxiz, k.o 711. urtetik (Bisigodoen erreinua desagertu zanetik) 1040. urtera bitartean Bizkaia eta Enkarterri guztiz subiranoak ziran. Horren eakusgarri, “Alfonso III-aren Kronika” izeneko liburuan Sopuerta eta Karrantza aitatu izana da; egileak nabarmentzen dauenez, VIII. mendean Enkarterrin aitatu herriak independenteak ziran.

XI. mendean gauzak aldatzen hasi ziran. Enkarterrik eta Bizkaia osoak autonomia handiari eusten eutsen, antza denez, Nafarroako konde baten eraginpean geratu zan Bizkaiko lurralde osoa eta garai horretatik dator “Merindade” kontzeptua. Enkarterrik eta Durangaldea, Nafarroako Erreinuaren menpe egozanean, merindade bihurtu ziran eta han Nafarroako Erreinua ordezkatzen eban “Merioa” izeneko autoridadea egoan eta horrek eskumen judizialak eta administratiboak zituan lurraldean.

XII. mendean Nafarroak kontrol galdu eta Enkarterri Bizkaiko Jaurerriko jaunaren maiorazgo bihurtu zan. XII. mendetik aurrera Harotarren Leinuko jaunek Bizkaia zein Enkarterri euren kontrolpean izan zituen. Enkarterrik euren lege propioak zituan, baita asanblada edo batzar/juntetxe propioa be. Askoren ustez, Avellanedako Juntetxeak 1394ko Ordenantzetan lehenengoz aitatu baziran be, segurutik aurretik be lurralde honetako senitarteko eta ordezkari nagusiak batuko ziran, Avellanedako haretxaren ondoan edo).

Enkarterriako sistema juridiko-politikoa labur-labur azalduta Sistema juridikoari jagokonez, Bizkaiko merindadeen eta Enkarterriko merindadearen arteko ezbardintasun nagusia zan Busturian, Arratian edo Uriben Foru-alkatea arduratzen bazan gai zibilak konpontzen eta ebazten eta Korregidorearen tenientearen esku geratzen baziran gai krininalak, Enkarterrin, barriz, Kontseilua (Enkarterriko eleizateak) zan gai judizialetan eskumena ebana. Gueñesen, Zallan, Muskizen eta Gordexolan alkateek auzi zibilak eta kriminalak epaitzen zituen. Karrantzan, Turtziozen, Sopuertan eta Galdamesen alkateek gai zibiletan baino ez eben esku artzen, beste Merindadeetan jazoten zan moduen. Herri horreetan Korregidorearen tenientea arduratzen zan auzi kriminalak konpontzen. Beraz, Enkarterriko ordezkariek euren sistema propio hori defendiduten eben, hau da, lehenengo eskaerearen nagusitasuna eta euren alkateen izentapen ahalmena. Apelazioa egin behar ebenean Enkarterrikoek, Bizkaian egiten zan moduan, Korregidorearengana joten eben eta handik Valladolideko Bizkaiko Epaile Nagusiarengana.

Enkarterrin kargu politiko ugari egoan Errejidoreek asanbladan hartzen ziran erabagiak betearazoteko eta, gainera, landa munduko eguneroko gaiak kudeatzen zituen. Sindiko bakarra egoan eta kargu hori oso garrantzitsua zan Enkarterrin. Harek lurralde osoa ordezkatzen eban Gernikan, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Sindikoak Avellanedako Juntetxeetako Batzarrak deitu be egiten eban eta batzarra berak zuzentzen eban Korregidorearen Tenientearen izenean. Bestalde, eguneroko bizitzako gaiak kudeatzen zituan eta batzarrean konpondu behar ziran gaiak eta arazoak zerrendatzen zituan. Arlo fiskalean be botore handia eban.
Beste alde batetik, Eskribauaren figurea be existiduten zan eta, zelan ez, alkateak. Bizkaiko beste eremuetako alkateek baino botere handiagoa eben Enkarterriko herri batzuetako alkateek eremu judizialean lehen eskarietako prozezu zibil zein kriminaletan parte hartzen ebelako.

Ondoren Avellanedako Juntetxeak egozan, Enkarterriko instituzino publikoa. Hara Merindadeko eleizate guztietako ordezkariak joaten ziran. Gai adminsitratiboetan eskumenak zituen baina batez ere Justiziaren administrazinoa atontzen eben. Gaztelako Korregidorearen Tenientea izaten zan Avellanedako Juntetxeetako Batzarren burua.

Enkarterriko kartzela Avellanedan egoan eta hango Juntetxeetako kideek kudeatzen eben. Gogoratu Enkarterrin be uribilduak egozan eta maila administratiboan ez ziran kokatzen Enkarterriko sisteman eta uribildu hareetan Gaztelako zuzenbidea eta legeak apliketan ziran. Portugalete, Balmaseda (bertan Bizkaiko Jaurerriari eta Bizkaiko merkatari eta nekazariei, eta orohar, bertoko merkataritzari abantaila asko emoten eutsen aduana bat egoan) eta Lanestosa ziran Enkarterrin egozan uribilduak.

XVII. mendean gauzak aldatu egin ziran, izan be, mendearen erdialdean eleizate batzuek uko egin eutsen Avellanedako Juntetxeetan parte hartzeari uztea: Gordexola, Zalla, Galdames, Gueñes eta Muskiz Avellanedako Juntetxeak laga eta Bizkaiko Juntetxeetan parte hartzen hasi ziran herriaren izenean, ez Enkaterriko Merindadearen izenean.

Enkarterrik foru propio izan eban, 1394ko Ordenantzak eta honen erreformea, 1503koa.

1394ko Ordenantzetan, Gonzalo Moro korregidoreak bultzatutakoak, zigor-legeak eta zibilak be indar handikoak ziran. Ez da harritzekoa zigor-lege ugari agertzea orduko testuinguru historikoa aztertzen badogu. XIV. eta XV. mendeetan zenitarteko nagusiak, ganboatarrak eta oinaztarrak, Bizkaia osoan ibili ziran burrukan, baita Enkarterrin be. Burrukon atzean arrazoi asko dago: Adituen ustez, Bizkaiko Jaurerria Gaztelaren orbitan sartu ostean, 1379tik aurrera, erreagearen kontrola indartu zan Bizkaiko lurraldeetan eta ondorioz, senitarteko nagusien autonomiak eta botereak behera joan ziran. Aldi berean, garai haretan krisi ekonomiko handia egoan eta horren eraginez, senitarteko nagusien diru sarrerek eta errentek behera egin eben. Horrek, ezinbestean, senitarteko nagusien arteko burrukak piztu zituan. Familia indartsuenek gerrearen bidez euren eragina zabaldu gura izan eben Bizkaian zehar, besteak beste, errentek gora egiteko.

Ez da kasualidadea sasoi haretan idatzi izana Bizkaiko barruko antolaketea eta bizitza arautuko eben bertoko foruak (Bizkaikoak eta Enkarterrikoak), besteak beste, senitarteko nagusien boterea murrizteko eta udalerri eta bizkaitar xumeak babesteko. 1394ko Avellanedako Forua Juan Nuñez de Larak (Bizkaiko jaunak) 1342an idazteko agindua emon eban Foruan oinarrituta egoan. 1342ko forua Enkarterrin be apliketan eben. 1394ko Foruan, besteak beste, adierazoten da Avellanedara batu behar zirala Enkartarriko herri edo errepubliketako ordezkariak. 1394koan, noiz batu behar ziran azaltzen zan Avellanedara Enkarterriko ordezkariak. Sindikoak Batzarrak deitzen zituan gorabeherarenbat jazoten bazan. 

Enkarterriko 1394ko forua ehun urte geroago barritu eeben, 1503an. Enkarterrin 1452ko Bizkaiko Foru Zaharra eta lehen aitatutako 1342ko Ordenantzak be apliketan ziran. Biak bardin. Eskualdea Bizkaitik kanpo egoan eta bere sistema juridiko propia euki arren, XIV. mendetik aurrera Bizkaiaren eragina gero eta handiagoa zan Enkarterrin. Gauzak holan dirala, 1503. urtean Enkarterriko forua barritua izan zan arren, 1526. urtetik aurrera Bizkaiko Foruaren erreforma barria be apliketan hasi ziran eta Enkarterrin bertoko forua alde batera ixten hasi zan. Apurka-apurka Avellanedako foru eta lege propioak alboratu eta Bizkaian zein Enkarterrin dana uniformizetan hasi zan, administrazinoa, ekonomia, sistema judiziala, etab.

Azkenean, 1804an, Bizkaiko Jaurerriaren eta Enkarterrietako eleizate batzuen arteko auzi andanaren ostean, Enkarterriko eskualdeak bere autonomia administratibo eta judizial osoa galdu eban eta Bizkaiko lurraldean sartu zan behin betiko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu