Anarkosindikalismoa Bizkaian XX. mendearen hasikeran

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2022-01-31 11:03   Antxinakoak Geurera

1920ko hamarkadan sindikaturik indartsuena zan CNT, legez kanpo itxi eben arte.

CNT sortzeko batzarra, 1910ean, Bartzelonan (argazkia: CNT) | Ikusi handiago | Argazki originala

CNT-ri buruz berba egiten badogu sindikalismoaz egin behar dogu berba. Eta Bizkaian XIX. mendearen amaieratik aurrera sindikalismoak eta sindikatuek garrantzi handia izan eben. Gogoratu behar dogu Bigarren Guda Karlistearen ostean Bizkaian metalurgia eta siderurgiako sektoreek hazkunde handia izan ebela, lehenengo industrializazino sasoian. Labe Garaien aurreneko urteetan Espainiatik etorritako langile asko heldu zan Bizkaira eta, ondorioz, biztanleriak igon egin eban; aldi berean, Karl Marx-ek sortutako idea eta planteamendu politiko, sozial eta ekonomiko barria Europan zehar zabaltzen joan zan: marxismoa eta sozialismoa, hain justu be.

Sindikatuak korronte politiko eta ekonomiko horren aldekoak ziran eta idea hareetan oinarrituta sortu ziran sindikatu espainiar eta euskaldunak, kasu gehienetan (UGT-ren kasuan, behintzat). Euren helburua zan orduko beharginek lanean bizi zituen baldintza okerrei aurre egitea eta baldintza duinagoak izatea. Pablo Iglesiasek Alderdi Sozialistea sortu eban, eta handik urte batzuetara, 1888an, UGT, Espainiako lehenengo sindikatuetako bat be bai. CNT sortu arte, afiliadu gehien zituan sindikatua izan zan.

Karl Marx marxismoaren sortzailea izan zan. Marxismoaren arabera, eta asko laburbilduz, langileek, klaserik indartsuena izanik, Estaduaren kontrola izan behar eben, burgesia zein antxinako nobleak eta funtzionarioak alde batera itxi eta boteretik kenduz. Liberalismoari esker burgesiak eta familia oligarkikoek euken boterea amaitu, eta langileek, alderdi sozialistan antolaturik, enpresen zein Estaduaren potere osoa eskuratu behar eben, eta bardintasunean oinarrituta gobernau.

Bakuninek, Karl Marxen sasoiko beste ideologo eta filosofo batek, anarkismoa sortu eban. Pentsamendu politiko hau sozialismoa baino erradikalagoa zan. Anarkistek Estadua desegitea proponiduten eben, eta askatasun personal eta ekonomiko osoa aldarrikatu. Gizartea eta herria komunetan antolatuko ziran eta gizartean eragingo eben erabagiak asanbladetan hartuko ziran. Asanblada horreetan gizarteko kide guztiek parte hartuko eben, gizonek zein emakumeek.

Idea anarkistak oinarri harturik, 1910ean Bartzelonan CNT (Lanaren Konfederazino Nazionala) sortu eben anarkista batzuek eta gerra zibila hasi zan arte Espainiako sindikatu indartsuena bihurtu zan. Bizkaian be  pisu handia eukan eta langile asko sindikatuan afiliau ziran. Industria astunaren garrantzia gure lurraldean begi-bistakoa zan eta industria munduko langile andana egoan. Gehienak militanteak ziran eta sindikatuan egozan, pentsetan ebelako sindikatua patronalari presinoa egiteko eta euren lan baldintzak hobetzeko modurik onena zala.

Testuinguru horretan, ELA sindikatu euskalduna sortu zan, Alderdi Jeltzalearen eskutik. Halan da be, alderdi euskaldunek, CNT-gaz eta UGT-gaz alderatuta, ez eben iraultza sozialista egin gura eta planteamendu pragmatikoagoak zituen. Ganera, ELAko kide eskasak (lehenengo urteetan gitxi ziran) katolikoak ziran gehienak, eta Alderdi Jeltzalearen orbitan edo eraginpean egozan.

Kontuak kontu, CNT-k 1918ko eta 1919ko langileen mobilizazino eta manifestazino handiak antolatu zituan eta 1920ko hamarkadatik aurrera (1923an legez kanpo geratu zan arte) Bizkaian indarra hartu eban; langileen burruketan sindikaturik aktiboena bihurtu zan, Estaduaren errepresinoa handia izan bazan be.

Lehenengo urteetan, barriz, CNT-ren pisua Bizkaian ez zan goraipatzekoa izan. 1918an Espainiako Gobernuko koronel bat Bizkaira etorri zan sindikatuak Bizkaian izan eikean eragina amaitzeko asmoz. Ez eban lortu bere asmoa, eta 1920ko hamarkadan anarkosindikalismoak gora egin eban Bizkaian, sindikatu guztietatik indartsuena bihurtu zan, behintzat ilegalizau eben arte. Normalean UGT-ren erabagi bigunakaz ados ez egozanak eta muturreko idea ezkertiarrak zituenak CNT-n sartzen ziran. Urteotan CNT eta UGT akordio batzuetara heldu ziran alkarregaz patronalari aurre egiteko eta, besteak beste, siderurgiako eta metalurgiako langileen soldaten igoerea eskatzeko.

Dana dala, gogoratu behar dogu Primo de Riveraren diktaduran, 1923tik 1930era bitartean, sindikatu anarkistea legez kanpo egon zala. Halan da be, CNT-k Errepublika garaian indar handia hartu eban barriro eta gerra zibilean, Bizkaian, kide batzuek lehenengo Eusko Jaurlaritza barruan lan egin eben eta sailburu bat izan eban sindikatuak. Bestalde, Bizkaian Francoren tropei aurre egiteko eta frankismoaren zabalkundeari aurre egiteko, sindikatuak miliziak sortu zituan eta Eusko Jaurlaritzeak kontroletan zituan milizia abertzaleakaz eta Eusko Gudarosteagaz batera burrukatu ziran.

Datu esanguratsua da, 1920an, UGT eta CNT akordio batera heldu zirala sortu barri zan ELA sindikatua baztertzeko eta Bizkaiko eta Euskadi osoko sindikalismo abertzalea amaitzeko. Baina ez eben helburua bete, urteek aurrera egin ahala ELAk gero eta pisu handiagoa hartu ebalako Bizkaiko langileen artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu