1718ko Matxinadea Bizkaian
2022-01-14 10:37 Antxinakoak GeureraBegoñakoak altzau ziran lehenengo.
XVIII. mendean Bizkaian matxinada nahiko entzutetsu bat izan zan. Jazoera gehienak Bilbo inguruan izan ziran eta matxinada honen arrazoien atzean Felipe V.aren gobernuak Bizkaian aplikau nahi eban uniformizazino ekonomikoa eta komertziala egoan. Izan be, 1717an Espaniako errege borbondarraren dekretu baten ondorioz, Balmasedan, Gasteizen eta Urduñan egozan barrualdeko aduanak ezabatu eta kostaldera eroan zituen.
Bizkaiko nekazari, merkatari eta elitearen zati baten erantzuna azkarra izan zan eta neurri horreen kontra azaldu ziran, alde batetik foruaren aurkakoak ziralako, eta bestetik, euren interesei kalte egiten eutselako erabagi harek. Foruak Bizkaiko barruko merkataritzea babesten eban lege batzuen bitartez; Balmaseda, Urduña eta Gasteizko aduanei esker, kanpotik etozan produktuak garestitzen ziran. Horrenbestez, euskal produktuak babesten ziran kanpokoen aurrean eta bertoko nekazari, artisau eta merkatari txikiak pozik egozan neurri foralagaz euren produktuak merkeago saltzen zituelako; konsumitzaileak be pozik, merkeago erosten zituelako oinarrizko gauzak.
Dana dala, Ondorengotza Gudearen ostean panorama politikoa guztiz aldatu zan. Habsburgotarrek gerra hori galdu eben, eta horren ondorioz, borbondarrak bihurtu ziran Espainian jaun eta jaube. Frantziatik etorren errege familia bat zan eta estadu zentralistea inposatu nahi eben Espainiako Koroan. Hartu eben lehenengo erabagietako bat izan zan Aragoiko Koroako lurraldeei (Aragoi berari, Valentziari, Kataluniari eta Mallorkari) erreinu izakerea ezabatzea, eta horregaz batera, lurraldeotako instituzinoak eta foruak be bai. Bizkaitarrek eta euskaldunek, barriz, gerran borbondarren alde egin ebenez, euren sistema instituzional eta legalei (foruei) eutsi eutsen. Halan da be, garai haretako Felipe V.a, haren ministroen laguntzinoagaz, neurri zentralistak hartzen hasi zan, euskal lurraldeetan be bai. Horren aurrean Bizkaiko agintariak bildur ziran borbondarrek ez ete zituen euskaldunek hainbeste maite zituen foruak be kenduko.
Azkenean, lehen aitatu dogun moduan, 1717an Errrege agindu baten bitartez Felipe V.ak ebatzi eban euskal aduanak barrualdetik kostaldera eroatea. Handik aurrera, erregearen eta haren gobernuaren inposaketearen eraginez, aduanak Bermeon eta Bilbon ezarri ziran. Horren ondorioz, Gaztelatik sartzen ziran produktuak ez ziran garestiagoak eta, halabeharrez, Bizkaiko produktuei lehia bizi egingo eutsen. Horrek danak bertoko produktuak garestitu zituan.
Bestalde, erregeak, besteak beste, Bizkaian egiten zan kontrabandoa amaitu nahi eban eta horretarako neurri bi hartu zituan: aduanak kostaldera eroatea eta Tabakoaren Lantegi Erreala eregitea Bilbon bertan. Lehenengoari jagokonez, erregeak uste eban aduanak kostaldean egonda Errege Ogasunera diru gehiago sartuko zala. Bestalde, Bilbon Tabakoaren Lantegi Erreala eregiteko agindua emon eban 1715ean. Holan, merkatari bilbotarrek eroango eben lehengaia hara eta han fabrikauko zituen zigarro legalak. Halan da be, neurri biek porrot egin eben eta kontrabandismoak pisua izaten jarraitu eban Bizkaiko ekonomian.
Matxinadearen hasikerea
1718an legea apliketan hasi zan eta Errege Ogasuneko zerga biltzaileak lan egiten hasi ziran kostaldeko aduanetan. Hasikeran dena lasai egoala emoten eban arren, 1718ko irailean matxinadea lehertu zan. Adituen arabera, faktore askoren eraginez, batik bat Bilbo inguruko nekazariak altzau ziran eta sarraski handiak egin zituen. Argi dago foruen aurkako neurri horrek nekazari asko altzauarazo zituala, bizkaitar gehienak (nekazaririk txiroenak zein gizon eta emakume aberatsak, merkatari txiki zein jauntxo handiak) foruzaleak ziralako. Horrezaz gan, nekazarien eta Bilboko merkatari handien arteko gatazka bat izan zala esaten dabe jakitun askok. Nekazariek gorroto eben bilbotarren harropuzkeria, baita Bilboko familiarik indartsuenek eta aberatsenek (merkatari handienek) oinarrizko produktuakaz espekuletea be, horrek nekazari txiroei kalte egiten eutsalako. Amaitzeko, oso foruzaleak ziran herritarrek leporatzen eutsien Diputazioko kide eta Juntetxeetako ordezkariei (merkatari handiak, jauntxoak..) erregeak Bizkaian hartutako neurrien aurrean ezer egin ez izana.
Altzau ziran lehenengo foruzaleak Begoñako herrikoak izan ziran. Handik gitxira Abandoko, Deustuko, Sondikako, Larrabetzuko edo Galdakaoko nekazariak batu jakezen. Irail gatazkatsu haretan sutan egozan 5.000 nekazari bizkaitar inguruk armak hartu zituen, ez bakarrik erregearen neurriaren aurka egozalako, baita Bizkaiko agintari nagusien aurka egozalako be.
Berehala hainbat agintarigana joan eta bat baino gehiago hil eben: aduana barrian lan egiten eban zerga-biltzailea, ahaldun nagusia (leporatzen eutsen Gobernu zentraleko agintariakaz akordioa egin ebala aduanak lekuz aldatzeko) eta abar. Bestalde, armen bitartez korregidorea mehatxatu eben matxinoek eta eskatu eutsien kostaldeko aduanak ezerezten zituan dekretu bat sinatzeko, baina korrejidoreak lortu eban handik bizirik urtetea dokumentua sinatu barik.
Matxinaduek burrukan jarraitu eben, harik eta Loyak gidaturiko tropa monarkikoak Bilbon sartu ziran arte, 1719ko urtarrilean. Espainiako tropek ez eben burrukatu behar izan eta matxinaduen haserrealdia eten egin zan. Matxinada amaitu zan eta soldadu monarkikoak hasi ziran errepresioagaz. Matxinadearen buru nagusiak garrotez hil zituen, beste batzuk kartzelara bialdu edo erbesteratu egin zituen, Bizkaitik kanpo.
Erregeak beste dekretu baten bitartez aduanak barrualdera eroan zituan 1722an eta kartzelan egozan matxinoei indultua emon eutsen. Felipe V.ak ez eban ebatzi hori hartu bizkaitarren presinoagatik, ezta Bizkaiko agintarien erreguengaitik be, baizik eta uste ebana baino etekin eskasagoak lortu zitualako Errege Ogasunak aduanen aldaketeagaz. Frantziaren eta Espainiaren arteko gudearen garaian, lehen aitaturiko 1722. urtean, aduanak barriro barrualdera bueltau ziran bizkaitar gehienen pozerako, baina handik aurrera Bizkaiko Jaurerriak monarkia espainiarraren eraso uniformatzaileei aurre egin behar izan eutsan. Hori bai, Bizkaiak; orain bai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabaren laguntzinoagaz bere foraltasuna tinko defendiduten jarraitu eban Espainiako gobernu liberalak 1839tik 1876ra bitartean foruak ezabatu zituan arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!