Athletic txapeldun!

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2021-12-30 07:50   Antxinakoak Geurera

8 Liga, 24 Errege Kopa, 3 Superkopa, Eva Duarte Kopa bat, Euskal Kopa bat eta Bizkaiko 12 Txapelketa irabazi ditu.

Erretratua: Athletic Club | Ikusi handiago | Argazki originala

Athletic egungo Bizkaiko talderik handiena da eta izan da azken mende honetan. Baina ez da izan lorpen esanguratsuak lortu dituan futbol talde bizkaitar bakarra, izan be, beste sei talde bizkaitarrek lortu dabe Espainiako Lehenengo edo Bigarren mailan jokatzea. Gainerako sei talde horreetatik Arenas Club izan zan garaipen handienak lortu zituana. Espainiako Lehenengo mailan zazpi denporalditan jokatzeaz aparte, 1919an bere historiako lorpenik borobilena lortu eban: Errege Kopea, hain zuzen be. Horrezaz gan, “Iparraldeko Txapelketea” hiru aldiz irabazi eban eta Bizkaiko Txapelketa birritan. Txapelketa horreetan txapeldunek Espainiako Errege Kopea jokatzeko aukerea izaten eben. Kontuak kontu, 1936an Euskal Kopea irabazteko kapaz izan zan. Arenas de Getxok ez eze, Barakaldok, Indautxuk, Erandiok, Sestaok eta Amorebietak be Bigarren mailan jokatu dabe. Athleticen bigarren taldeak (Bilbao Athletick) be Bigarren mailan jokatu dau. Zornotzako taldea, adibidez, aurten dabil olgetan Bigarren mailan. Barakaldok Bigarren mailan jokatu eban denporaldi bakarrean, 1954an, hain zuzen be, Lehengo mailara igoteko zorian egon bazan be. Orain 70 bat urte Erandio eta Indautxu taldeak zidarrezko kategorian egon ziran.

Dana dala, Bilboko Athletic lako talderik ez dago Bizkaia osoan: Alde batetik, irabazi dauen guztiagaitik eta bestetik, Bizkaian zein kanpoan dituan zale kopuruagaitik eta, bestetik, taldeak hasierako filosofiari eutsi deutsolako. Athleticek hasieratik Euskal Herrian jaiotako jokalariak baino ez ditu izan edo behintzat (azken urteotan), txikitan Euskal Herrira heldu eta futbol jokalari Euskal Herrian hazitako jokalariak baino ez ditu izan.

1898an, bizkaitar gazte batzuek Athletic sortu eben. Bizkaia industrializazino sasoi betean egoan eta Ezkerraldean, batez be, enpresa britaniar asko egoan, baita handik etorritako asko be. Azken horreek ekarri eben Bizkaira futbolaren indarra eta danok dakigun moduan, izenean bertan ikusi daiteke ingelesen eragina.

Athleticek lehenengo urteotan lorpen handiak eskuratu zituan: sortu zanetaik gerra zibila hasi zan arte, hau da, 1898tik 1936ra eta profesionaltasuna oraindiko guztiz ezarrita ez egoanean futbolean, klubak 14 Errege Kopa eta 4 liga irabazi zituan, Espainiko edozein taldek baino gehiago. Lehenengo urte horreetan San Mames eregi eben eta Athletic 1913an San Mamesen jokatzen hasi zan. Aurretik Lamiakon eta Jolasetako futbol zelaian ibili ziran. Urte horreetan Arenas de Getxo zan bilbotarren areriorik sendoena eta Estadu mailan, mende osoan zehar izango dan moduan, Real Madril eta Bartzelona.

Gerra ostean, Athleticek beste erritmo batean, baina txapelketak irabazten jarraitu eban. 40ko eta 50eko hamarkadetan Venancio, Gainza, Panizo, Iriondo eta Zarra jokalariek osotutako aurrealdea oso famatua izan zan eta gol asko sartu zituen, gol gehien, Zarrak. Hamarkada bi horreetan Athletickek beste 7 Errege Kopa eta liga bi irabazi zituan: Aitatzekoak dira 1943tik 1945ra bitartean, bata bestearen atzetik, irabazitako hiru Errege Kopa; eta 1958an Real Madril-i, Madrilen bertan, irabazitako partidua Errege Kopako finalean. Orduko Real Madril Europako Kopea irabazi ebala (sei irabazi zituan) urte horretan bertan eta ordutik aurrera jaun da jaube izan zala Espainiako Ligan. Final haretan jokatu eben Athleticeko jokalariei “11 baserritarrak, los once aldeanos” erderazko ezizena jarri eutsen. Azkenik, 1947an Athleticek irabazi eban Eva Duarte Kopea, egungo Superkopearen aintzindaria.

Ondorengo hamarkada bitan txapelketa ofizial gitxiago irabazi zituan arren, goraipatzekoa da Iribar atezainaren magia; “Txopo” ezizeneko Iribarrek 18 denporalditan jokatu eban taldean eta urte horreetan Athleticek Errege Kopa bi irabazi eta UEFA txapelketako finalera be heldu zan 1976-77 denporaldian. Final haretan Juventusen kontra galdu eban talde bilbotarrak.

80ko hamarkadan Athleticek irabazi zituan azken ligak eta kopea: 1982-83 eta 1983-84 denporaldietan Athleticek Ligea irabazi eban eta 1984an Errege Kopea be bai Maradona eta Schusterren Bartzelona jota itxita. Urte horreetan gabarrearen presentzia ohikoa izan zan Bilboko Nerbioin eta poza zabaldu zan Bizkaian. Athletic barriro talde txapelduna zan. Ondoren, Athleticek txapelketak irabazteari itxi eutsan. Taldeen arteko lehia gero eta handiagoa zan eta talde handien (Real Madril eta Bartzelona) eta txikien arteko diferentzia gero eta nabariagoa zan. Testuinguru horretan, 1998an lehenengo mendeaurrena ospatu eban taldeak, egia esande modu ezin hobean, Ligan bigarren postuan geratu zalako. Gauzak holan dirala, lehenengoz “Champion´s League-rako sailkatu
zan.

Azken urteotako superkopa bi irabazi ditu taldeak: 2015ean eta aurtengoa, 2021ean.

Dana dala, 2012an, Bielsa entrenatzailea zalarik, talde txurigorria Europa League-ko (Antxinako UEFA Txapelketearen ondorengoa) finalera heldu arren, galdu egin eban Atletico de Madrilen kontra. Azken urteotan be Errege Kopako hainbat finaletara heldu da baina zoritxarrez galdu egin izan dau.

Halan da be, pozik egon behar dogula uste dot. Athleticek bere filosofiari eusten deutso eta Ligea 1928an sortu zanetik Bigarren mailara bajau ez dan talde bakarrenetakoa izaten jarraitzen dau (Real Madrilek eta Bartzelonak baino ez dabe lortu hori). Beraz, espero dogu hurrengo urteotan poztasun handiak emotea
jarraitzaileoi eta Aupa Athletic! ohikukatzen jarraitzea zaleok

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu