Gatzaren Estankoaren Matxinadea Bizkaian
2021-12-17 13:30 Antxinakoak GeureraKorregidorea gatzaren ganeko zergea ezarten ahalegindu zan, baina erantzuna sendoa izan zan.
1631n Bizkaian Gatzaren Estankoaren matxinadea deituriko altzamendua jazo zan. Erregimen Zaharrean Euskal Herrian egoten ziranen moduko matxinada tipiko bat izan zan. Urte hareetan Habsburgotarrek administrazinoan Estadua uniforme bihurtzeko ahaleginak egin zituen Olivares Dukearen bitartez. Espainiak kanpoan zituan gudak finantzietako dirua eta soldaduak behar zituan. Hondarribian be soldaduak behar zituen Frantziaren eta Espainiaren arteko mugea defendiduteko, herrialde biak gerran egozan eta. Horren kontura, tirabirak sortu ziran Bizkaiko agintarien eta Koroaren artean, bizkaitarrentzat Gipuzkoako lurrak arrotzak ziralako, eta pentsetan ebelako euren tropek Bizkaiko kostaldea baino ez ebela defendidu behar.
Hortaz, Koroa euskal lurraldeetan, Bizkaiko Jaurerrian be bai, gero eta diru laguntzino eta soldadu gehiago eskatzen hasi zan gerrarako. Beste behin, gogoratu behar dogu, Bizkaian foru edo lege propioak indarrean egozala, eta Bizkaiko Batzar Nagusiak zirela foru bizkaitarra aplikatzen arduratzen zirenak. Juntetxeek lurraldeko barne kontu gehienak kudeatzen zituen Diputazioagaz batera. Koroak eta haren ordezkari nagusiak Bizkaian, Korregidoreak, foruan agertzen ziren legeak errespetau behar zituan. Bizkaiko agintariek erregearen legeak
eta aginduak ukatzeko aukerea eben foruaren kontra joiazala ondorioztatu ezkero.
1620ko hamarkadan tensino soziala areagotu egin zan Bizkaian, aitonen seme ziran nekazariak kantsauta eta haserre egoazalako zergen igoerakaz. Lehen aitatu dogun moduan, Espainiako Koroa hainbat gudatan murgilduta egoan eta dirua behar eban. Dana dala, Bizkaian ezin eben zergarik inposatu, edo ez behintzat, alkabalak izeneko zerga garrantzitsuak. Koroak bigarren mailako zerga txikiagoak baino ez zituan kobretan Bizkaian: nekazariei kantidade bat, uribilduei beste apur bat, Probestu edo nagusiei uribilduetan konsumorako sartzen ziran ondasunen ganeko zerga bat edo alkateen sententzien ejekuzinoek ekarzen diru sarreren ganeko zergak, burdinolen eskubideak…
Aitaturiko zerga gehienak azkenean ez ziran Erregearen Altxortegira heltzen eta asko eta asko bertoko jauntxoek kobratzen zituen. Foruak argi eta garbi esaten eban bizkaitarrek zerga-salbuespena ebela eta udalek lehenengo (XVII. mendera arte fogerazioen bitartez) eta gero Diputazinoak (1630. urtetik aurrera gitxi gorabehera) kobretan eta ezarten zituen zergarik inportanteenak. Halan da be, Koroaren beharrak zirala eta Bizkaiko juntetxeek, 1620tik 1631ra bitartean, borondatezko donatiboa edo oparixe hirutan eman eutsien Koroari, presinoakaitik. Horregaitik, Bizkaiko jentea haserre egoan, ez bakarrik erregeagaz eta haren ordezkariakaz, baita Diputazinoagaz eta bertoko agintariakaz be, erregearen politikeagaz bat egiten ebelakokoan.
Kontuak kontu, 1631n Pragmatika edo Errege agindua heldu zan Bizkaiko Batzar Nagusietara. Erregearen heldutako agindu horren arabera, gatzaren prezioa % 44 igo behar zan eta Koroak, bere ordezkarien bitartez, Bizkaiko biltegietan egoan gatz guztia konfisketako agindua emon eban. Horrexegaitik, momentu haretatik aurrera Errege Ogasunak kudeatuko eban Bizkaian egoan gatza, ordura arte horretaz arduratu zan Foru Ogasunaren ordez. Neurria foruen kontrakoa zan, eta herritarrentzat kaltegarria. Hozkailurik ez egoanez janaria gordeteko eta ez usteltzeko, gatza erabilten eben.
Urte hartan bertan, irailean, 1.500 bizkaitar arma bat eskuan ebela, Gernikara joan ziran batzarkideak Juntetxean egoazanean, eta besteak beste gatzaren zerga hori kenduteko eta batzarretako saioak euskeraz egiteko aldarrikatu eta eskatu eben. Orduan, Diputazinoak agindu hori alboratzeko eskaerea egin eban, baina kontraforu-tzat hartzen zanez ez zan bete. Halan da be, handik urte batera Bizkaiko Epaile Nagusia Bizkaira ailegau zan, donatiboa eskatzeko. Korregidorea gatzaren ganeko zergea ezarten ahalegindu zan, baina erantzuna bizkorra eta sendoa izan zan. Jentea gero eta urduriago egoan eta nekazariak eta herri zehea altzau egin ziran zerga horren kontra. Bizkaiko agintarien etxeei eraso egin eutsiean eta tensino handiko une haretan Domingo Castañeda hil eben matxinoek.
Matxinada 1631n hasi zan eta 1634ra arte ez zan amaitu. Hildako bakarra egon zan, Domingo de Castañeda, Bizkaiko Korregidorearen langile ofizial bat, baina etxe asko erre zituen matxinatuek eta aldarrikapen ugari egin. Gatzaren gaia garrantzitsua izan bazan be, beste keja batzuk azaleratu ziran.
Klase ertainari, burgesei eta nekazariei azken urteotan ezarritako zerga barriek min handia emon eutsen, eta egoera jasanezina zan. Matxinatuak, beraz, ez ziran burrukatu Koroaren eta haren ordezkarien kontra bakarrik, Bizkaiko aristokrazia eta oligarkiaren kontra be egin eben, uste ebelako erregeak eta haren ordezkariek harturiko neurri horreei oneretxia emoten ebizala eta beste alde batera begiratzen ebela, foruak esaten ebana defenditu beharrean.
Matxinatuek Errege aginduak erre, gatz biltegiak okupau, eta lehen esan dogun lez, bertoko jauntxo askoren etxeak erre zituen. Bestalde, 1633an Batzar Nagusietan sartu ziran ehunka (2.000 inguru izan zirala pentsetan da) matxinatu eta Juntetxeetako agintariak behartu zituen 24 dekretu sinatu eta onartzera. Dekretu guztiak Estatu zentralak hartu zituan erabagien kontrakoak ziran.
Koroak hasikeran ez eban troparik bialdu matxinatu bizkaitarrei aurre egiteko, Portugalen eta Katalunian be gatazka handiak egoazalako eta Koroak ez ebalako gura Bizkaian sortutako matxinada eta altzamenduak indarra hartzea. Hori bai, 1634an, matxinadearen amaieran, Bilboko notable batzuek, Koroaren gidaritzapean, miliziak sortu eta matxinadearen buru nagusiak atxilotu zituen. Horretako 6 ejekutau zituen. Beste batzuek lortu eben erbestera iges egitea. Aldez aurretik, Felipe IV.-ak gatzaren ganeko zergea kentzeko agindua eman eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!