Lehenengo Eusko Jaurlaritzea
2021-12-01 12:58 Antxinakoak Geurera40 urte aurrerago Eusko Jaurlaritza barri bat berrezarri zan.
Hiru herrialdeek lehenengoz gobernu bateratu bat ez eben euki 1936ra arte, Euskadirentzako Autonomia Estatutua onartu ez zan arte. Lehenengo Eusko Jaurlaritzea sortu baino lehen hiru herrialdeak batzeko ahaleginak egin baziran be (Nafarroa be hiru herrialdeakaz batzen saiatu ziran Estatutuaren aldeko abertzaleak baina ezin izan eben lortu, sekula ez zan modu instituzionalean eta ofizialean lortu).
Antxinako Erregimenean herrialde bakotxak bere juntetxeak, legedia eta barruko antolakuntzea eban. Bizkaiak, esaterako, bere foru propioa eban. Foru horrek bizkaitarren bizitzako arlo gehienak arautzen zituan eta arlo batean arazoa sortzen bazan orduan Koroako legedia apliketan zan. Beraz, Bizkaiak Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa bezela, subironotasun partekatua eben Koroagaz batera. Barruko kontu gehienetan Bizkaiko agintariek, Forua oinarri eta berme izanda, euren erabagiak hartu eikiezan Gaztelako Koroari edo Gobernu Zentralari baimena eskatu barik. Halan da be, Korregidoreak Bizkaiko Forua errespetau behar eban arren, ha be erregearen bermatzailea zan, hau da, erregeak bere menpe egozan lurralde guztietan (Bizkaian be bai) lege edo neurri bat ezarri nahi ebanean korregidoreak ziurtatzen eban agindu horreek beteten zirala. Dana dala, sistema foralean baimena egoan eta ondorioz, erregearen lege bat Foruaren kontrakoa bazan Bizkaiko agintariek obediduteko baina ez beteteko aukerea eta betebeharra eben. Gehienetan, Koroa eta Bizkaiko agintarien artean girabeherak egozanean akordioa lortzen eben. Bestalde, erregeak inponidutako zerga garrantzitsuenak ez ziran Bizkaian kobretan eta Bizkaiko Juntetxeek opari bat emon behar
izaten eutsen gerra garaian, batez be. Egoera hori 1839ra arte egon zan indarrean eta hortik aurrera gobernu zentralak, sistema konstituzionala eta liberala Espainia osoan ezarri ostean, neurri zentralistagoak hartu eta pitinka-pitinka Bizkaiko Foruaren ezaugarri gehienak baliobakotu zituan, Aduanak, Justiziako administrazino propioa edota baimen forala. 1876an, Bigarren Guda Karlistearen ostean, foruak bertan behera geratu ziran eta handik urte bira egun Kontzetu ekonomikoa adostu eta ezarri bazan be, momentu horretatik aurrera foruzaleak lehenengo eta gero abertzaleak integrazio foral osoa eskatzen hasi ziran.
1936ko Autonomia Estatutua
Gauzak holan dirala, XX. mendearen hasieran sistema forala berrezartzeko ahaleginak indartu eta Errepublikea aldarrikatu zanean 1931. urtean Estatutuaren aldekoek indarra hartu eben. 1931n, Lizarrako Estatua-ren aurreproiektua idazten hasi ziran abertzaleak eta egungo EAE-ko eta Nafarroako alkateek testu bat idatzi arren Madrilgo Gorte Orokorrek testu horri uko egin etsen konstituzinoaren kontrakotzat joten ebelako. Halan da be, 1936ko zezeilean, hauteskunde orokorretan Alderdi Jeltzaleak emoitza onak lortu eta Estatutuaren ideia bultzatu eban alderdiak.
Denporea aurrera joian eta Guda Zibila behin hasita, 1936ko urriaren 7an martxan jarri zan eta egun horretan bertan Aguirre lehendakari izentau eben Gernikan. Gogoratu behar dogu Alderdi Jeltzalea Frankoren altxamenduaren kontra eta Errepublikearen alde egin ebala, Errepublikea eutsen eben eben alderdiek hiru herrialdeentzako (Euskadirentzako) Autonomia Estatua prometidu eutsielako.
1936ko Estatutuak Eusko Jaurlaritzeari eskumen eta botere gitxiago emoten eutsan, berez gudearen lehenengo urtean aplikau zana baino. Izatez, urriaren 1ean onartutako Estatutuak 14 artikulu baino ez zituan, nahiz eta Kontzertu Ekonomikoa, adibidez, indarrean egon. Batzorde misto baten eraketea be aurreikusten zan gobernu zentralak Eusko Jaurlaritzeari pasau ahal eutsazan eskualdatzeei buruz berba eiteko eta adosteko.
Gerrea hasi eta berehala nazionalek edo Frankoren tropek Araba eta ia Gipuzkoa osoa konkistau eben. Araban eta Nafarroan matxinatuak izan ziran nagusi eta egun gitxitan herrialde biak frankisten esku geratu ziran. Donostian eta Bilbon altxamendu frankistak porrot egin eban, baina Molaren armadak hilebete baten lortu eban Gipuzkoa osoa menperatzea. Horregaitik, hasikeratik Eusko Jaurlaritzearen kontrola Bizkaira mugatu zan.
Dana dala, gudearen egoerea dala eta Eusko Jaurlaritzeak Estatutuan agertzen ziran eskumenak baino askoz gehiago zituan eta aditu batzuek esaten dabe 1936ko urritik hurrengo urteko bagilera bitartean (frankistek Bizkaia okupau eben arte) Eusko Jaurlaritzeak Estadu erdi independente bat gobernau ebala: Justiziako administrazinoa kudeatu eban gobernuak eta epaileak, fiskalak, edota magistratuak izentetako boterea izan eban, hau da, Justiziako Administrazinoa atondu eban. Txanpon propio bat eta pasaporteak bialdu eta kanpoko hartu-emonak be izan zituan. Euskadiko gobernuak armada txiki bat sortu eban eta gerra sasoian orden publikoari eusten arduratu zan euskal polizia be bai (Ertzaintzearen sorrera hemen kokatu behar da). Hasieran Lehendakaria bera izan zan Euzko Gudarostearen (euskal ejerzitua) agintari gorena eta frankistek baino arma eskasagoak zituen arren, hilebete batzuetan frankistei aurre egiteko kapaz izan ziran.
Gobernuak be Euskal posta zerbitzu propioa be izan eban eban eta zigiluak bialdu zituan. Kartzelak Eusko Jaurlaritzearen esku geratu ziran eta preso askoren indultoak be sinatu zituan Jaurlaritzeak. Ospitaleak eta osasun sistemea be beregan hartu zituan Euskal gobernuak, baita hezkuntzea be. Alde horretan, Euskal Herriko Unibersidadea be sortu eban.
Lan mundua eta giza asistentzia gobernu autonomikoaren kontrolpean geratu ziran eta, beraz, Estadu baten botereak izan zituan eta Alderdi Jeltzaleak, Errepublikearen aldeko beste alderdi batzuen babesari esker (Alderdi Sozialistea, ANV, CNT...), batasunerako gobernu bat osotu eban eta Estaduak teorian gudea hasi baino lehen emon eutsan autonomia txikia handi bilakatu zan.
Gero Frankoren tropek Bizkaia osoa konkistau eben eta Eusko Jaurlaritzeak euskal lurraldeen kontrola galdu eta atzerrira joan behar izan eban, lehenengo Kataluniara eta gero Parisera. 40 urte aurrerago Eusko Jaurlaritza barri bat berrezarri zan Transizino garaian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!