Autrigoiak eta karistiarrak, Antxin Aroko bizkaitarrak
2021-11-18 08:40 Antxinakoak GeureraAutrigoiek eta karistiarrek kultura zeltiarra izan eben eta ez eben euskeraz egiten.
Autrigoiak eta karistiarrak egungo Bizkaian eta Araban bizi ziran. Historialari gehienek pentsetan dabe autrigoiak eta karistiarrak zeltak zirala eta kantabroen antzera mendi tontorretan eregitako kastroetan bizi zirala. Malmasineko tontorrean esaterako, Bilbon, Burdin Aroko kastro zeltiar bat topau dabe eta mendeetan sasoi haretako bizkaitarrak bizi izan ziran, karistiar eta autrigoien aroan.
Hizkuntzeari jagokonez, aditu batzuek uste dabe zeltak ziran arren tribu horreek protoeuskera bat erabilten ebela. Jakitunok teoria hau argudiatzean esaten dabe egungo euskalkien mugek autrigoi, karistiar, barduliar eta baskoien garaiko mugakaz bat egiten ebela. Beste aditu batzuen arabera, autrigoiek eta karistiarrek kultura zeltiarra izan eben eta ez eben euskeraz egiten. Horreen ustez, Bizkaira ez zan euskera heldu Erromatar Inperioaren amaierara arte, harik eta baskoiak mendebaldera heldu ziran arte.
Autrigoiak
Plinio erromatarraren arabera, Ason ibaie autrigoien lurraldean egoan. Ibai honen beste aldean kantabroak kokatzen ziran eta, beraz, autrigoien lurraldearen mendebaldean kantabroak egozan, herri guztiz zeltiarra zana. Egungo Lanestosa eta Karrantza udalerriaren mendebaldea kantabroen menpean egoan erantsitako mapan ikusten danez.
Mendebaldean autrigoiak egungo Burgoseko Villarcayo eskualderaino egozan. Segontia Paramica (egungo Cigüeza, Villarcayoren ondoan dagoan herria) autrigoiek mendebaldean eben kokaleku garrantzitsuena zan. Iparraldean Ason ibaiak autrigoien eta kantabroen lurraldeak banatzen zituan eta hegoalderago Puerto de la Brujula-ko (Tritium-en) zonaldean autrigoien eta turmogoen arteko mugea egoan.
Hegoaldean beroiakaz turmogoakaz eta pelendoniarrakaz muga egiten eben. Azken horreek, pelendoniarrak, zeltiberiarrak ziran. Zonalde honetan Tritium (egungo
Monasterio de Rodilla) uria egoan.
Ekialdean autrigoiak eta karistiarrak alkarren ondoan bizi ziran eta haarago karistiarrak. Inguru horretan Trifinium edago, egungo Treviño. Han barduliarren, karistiarren eta austrigoien lurraldeen mugea egoan. Mendebaldean, baina iparralderago Uxama Barka egoan (autrigoien kastroa) egungo Osma de Valdegobia eta iparralderago egungo Orduña. Herri horretan bertan jaioten da Nerbion ibaia eta gorago ibai honek autrigoien eta karistiarren arteko mugea ezartzen eban. Hegoaldean egungo Soriako lurraldetaraino heltzen ziran autrigoien lurraldeak. Eremu honetan egozan autrigoien uririk garrantzitsuenak, bsteak beste, Uxama Barka (Osma de Valdegobia,), Virovesca (Briviesca), Salionca (Poza de la Sal) edo Segisamunclum egungo Cerezo del Rio del Tiron. Iparraldeko uririk handiena Ammanum Portus zan, gero erromatarren garaian Flaviobriga izango zana (Castro Urdiales). Plinioren ustez, egungo Castro Urdiales autrigoien uria zan eta Estrabonen eretxiz, barriz, herria barduliarren menpean egoan eta Castro Urdiales izena “Castrum Vardullis” izenetik etorrela inoan.
Karistiarrak
Karistiarrak Nerbioi ibaitik Deba ibairaino joian lurraldean bizi ziran. Iparraldean Kantauri Itsasoa eben eta hegoaldean Trifinim-eko (Treviño) zonalderaino zabaldu ziran.
Mendebaldean, Deba ibairano heltzen ziran karistiarren lurraldeak eta mendebaldean, baina hegoalderago, Azkarate mendatean eta Aizgorri mendian karistiarren eta barduliarren mugea egoan eta hegoalderago, barriz, egungo Arabako goi-ordokian kokatzen zan mugea.
Karistiarren uririk garrantzitsuenak ondokoak ziran: Velegia (Veleia, karistiarren uririk garrantzitsuena), Getaria, Tullica (Tuyo, Erriberagoitian) eta Suesattio (egingo Arcaia, Gasteizen). Getaria kenduta, beste guztiak hegoaldean egozan.
Egia esan, erromatarrak Bizkaira heldu aurretik gure herrialdean ez zan uri handirik egon. Haren orografiagaitik edota baliabide eskasiagaitik, erromatarrek ez eben interes handirik izan Bizkaiko lurraldeetan eta horrexegaitik ez eben uririk eregi. Salbuespena Forua izan zan. Halan da be, Gernika ondoan dagoan herri hori uri txikia izan zan. Erromatarren helduera baino lehen bertoko tribuek, bai autrigoiek mendebaldean bai karistiarrek erdialdean eta ekialdean ez eben kastro edo herri handirik sortu egungo Bizkaiko lurraldean. Hegoalderago egozan lurraldeak Bizkaiko lurralde menditsu eta hezeak baino hobeak ziran laborantzarako. Kostaldean edo kostaldetik oso urrun bizi ez ziran autrigoiak eta karistiarrak herri txikietan biziko ziran sasoi haretako merkataritza gune garrantzitsuetatik urrun.
Erromatarrak heldu baino lehen Euskal Herriko bizileku gehienak hegoaldean, Araban, Nafarroan eta egungo Nafarroa Beheran eta Zuberoan egozan. Bizkaian dozena bat baino ez egozan: Malmasin, Arenaza, Santimamiñe edota Tromoitikoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!