XIX. mende amaierako Gernika (1876-1900)

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2021-10-27 12:19   Antxinakoak Geurera

Uribilduko jenteak Bigarren Guda Karlistearen ondorioak sufridu zituan, asko erbestera joan ziran.

Gernikako Arbolea, XIX. mendean | Ikusi handiago | Argazki originala
Espainiako berrezarkuntza politikoa XIX. mendearen akaberatik hurrengo mendearen lehenengo laurenera arteko aro politikoari deritzogu. Lehenengo Errepublikearen amaieratik Primo de Rivera diktadoreak poterea lortu eban urtera bitarteko garai honen ezagurri nagusia izan zan Espainiako politikan kazikismoa nagusitu zala. Horretaz aparte, alternantzia politikoa ezarri eben urte hareetan Espainian egozan korronte politiko nagusi biek.
 
Bestalde, garai honen hasikerearen ezaugarri nagusia izan zan, urte gatazkatsu eta gorabeheratsu askoren ostean, Alfonso XII.aren erregealdiak Espainiara egonkortasun politikoa ekarri ebala. Holan, albo batera itxi ziran aurreko urteetan Bigarren Guda Karlisteak eta Lehenengo Errepublikeak ekarri zituen iraultzak (kantonalismoa adibidez) eta kaosa.
 
Alternantzia politikoaren denporan, Euskal Herrian lehenengo industrializazino handia hasi zan. Burdinea ustiatzea funtsezkoa zan orduko tren eta trenbideentzat. Burdina Meatzaldean hartzen eben ingelesek, Euskal Herrian eta Espainian egiten ebizan trenbide eta trenak egiteko. Hortaz, berrezarkuntzearen sistemeak ekonomiari egonkortasun nahikoa emon eutsan.
 
Eremu politikoan be, XIX. mendeko akabera arte zelanbaiteko egonkortasuna lortu zan, baina Puerto Rico eta Kubako lurraldeak galdu ostean ezegonkortasuna eta haserrea nagusitu ziran esfera politiko eta militarrean. Hurrengo urteetan, ordurako Alfonso XIII.a errege zala, 1902tik aurrera, Antonio Mauraren eskutik kazikismoa alboratzeko ahaleginak egin ziran, baina ez zan lortu sistemearen demokratizazinoa. Errepublikarrek eta sindikalistek tensinoa areagotu eben kalean, eta egoera horretan
Lehenengo Mundu Gudea eta Primo de Riveraren altxamendua etorri ziran, Espainiak benetan behar zituan erreformak guztiz egin barik. Baina hori beste batean aztertuko dogu.
 
Euskal Herrira eta Bizkaira etorrita, ezin doguz ahaztu urte hareetako jazoerarik esanguratsuenek ekarri zituen ondorioak, hau da, Bigarren Karlistaldia eta haren eraginak. Gudea bukatutakoan, Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako foruak balio barik itxi zituen, baita mendeetan iraun eben euskal instituzinoak be. 1878an, gaur egun ezagutzen dan Kontzertu Ekonomikoa sortu zan. Gobernu zentralaren eta Diputazinoen arteko akordio honen eraginez, aldundiek herritarren zergak batzeko ahalmena lortu eben, foru zaharragaz lez. Halanda be, foruzale batzuek, horreetako asko karlistak ziranak edo izandakoak, ez egozan horregaz konforme eta foruen integrazino osoa eskatzen eben. 
 
Kontestu haretan Sabino Aranak EAJ alderdia sortu eban; XIX. mendearen amaieran, Bizkaiaren independentzia edo integrazino foral osoa eskatzen eban. Gernikan, eta orokorren Busturialdean, Sabino Aranaren mezuak erantzun ona izan eban herritarren artean, batik bat, foruen eta erlijinoaren aldekoen artean. Jente ha progresistek erlijino katolikoaren kontra ezarri nahi zituen neurrien guztiz kontra egoan.
 
Gernikan, uribilduko jentea berehala (1876tik aurrera) hasi zan sufriduten Bigarren Guda Karlistearen ondorioak, batez be, karlismoaren jarraitzaileak. Asko eta asko erbestera joan ziran, eta familientzako kalte soziala eta ekonomikoa begibistakoa izan zan.
 
Baina zelakoak ziran gernikarrak urte hareetan? Eta zertatik bizi ziran? Herrian nekazaritzearen pisua handia zan, izan be, gernikar gehienak sektore horretatik bizi ziran. Esplotazinoak txikiak ziran. Beraz, etekinak lortzea oso gatxa zan eta sarritan bide bakarra izaten zan inbersinoak egitea, lur gehiago erostea konplikadua zalako. Dana dala, maizterren kopurua askoz handiagoa zan jaubeena baino, eta horrek zeharo mugatzen eban inbersino handiak egiteko aukerea. Halanda be, nekazarien eta gernikarren hartu-emona estua zan eta baserriko produktuak ondo saltzen ziran.
 
Artisautzeak eta merkataritzeak (metalezko tresna txikiak, oihalgintzea, burdigintzea eta ardo saltzaileak) garrantzia eben herriko ekonomian. Edozelan be, industria modernoa agertzeaz bat, artisauen lana herriko lantegietan egiten hasi ziran. Halanda be, XX. mendea heldu arte ez ziran ugaritu lantegi modernoak Gernikan. Ez zan labe garai handirik egon, Bizkaiko beste txoko batzuetakoen modukorik, eta XIX. mendearen amaieran Gernikara trena heldu zan arren, Busturialdeko inguru honetan ez zan benetako industrializazinoa XX. mendearen bigarren hamarkadara arte hasi.
 
Politikeari jagokonez, gernikarrak oso karlistak eta foruzaleak izan ziran betidanik. Herrian egoan haretxagaz eta horrek irudikatzen ebanagaz harro egozan. Izan be, Gernikako Arbolea Euskal Herriaren askatasunen ikurra zan. Horrenbestez, Gernikako karlistek Guda Karlistearen osteko hauteskundeak erraz irabazi zituen. Emoitza hari esker, udalean kargu garrantzitsuenak hartu zituen bigarren karlistaldia amaitu eta berehala. 
 
Dana dala, monarkikoak poterea lortzen hasi ziran, batez be karlismoa ez egoalako ondo egituratuta eta hurrengo hamarkadako lehenengo hauteskundeetara ez ziralako aurkeztu. Horrek monarkikoei bidea zabaldu eutsen. Ganera, gogoratu behar dogu gobernu zentralak presino handia egiten ebala herritarren artean karlismoa alde batera itxi eta konserbadoreei babesa emoteko. Estrategia hori baliogarria izan jaken. Horren ondorioz, 1880ko hamarkadan karlistak ez ziran lehenengo indarra izan, monarkikoek aurrea hartu eutseelako. 
 
Hurrengo hamarkadan gauzak zeharo aldatu ziran: 1893an San Roke egunean foruen aldeko manifestazino moduko bat antolatu eben foruzaleek. Manifestariek foruen aldeko eta Gaztelaren poterearen kontrako aldarriak bota zituen eta tensino handia bizi izan zan egun haretan.
 
Sabino Aranak zabaltzen eban mezu abertzaleak, duda barik, Gernikan harrera ona izan eban, aurretik be foruen aldeko eretxia nahiko zabalduta egoalako biztanleen artean. Dana dala, abertzaleek XX. mendearen hasikeran muturreko diskursoa leundu eben, eta posibilitistagoak bihurtu.
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu