Santa Ana de Bolueta lantegiaren hasierako pausuak

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2021-10-20 09:30   Antxinakoak Geurera

Begoñan, 1841ean sortutako lantegia Euskal Herriko zein Espainiako erreferente bihurtu zan industria siderurgikoan. 

Boluetako Santa Ana (1901) | Ikusi handiago | Argazki originala

1841ean Santa Ana de Bolueta izeneko soziedade anonimoa sortu eben orduan Bilbon bizi ziran merkatari garrantzitsu batzuek. Urte bi lehenenago I. Gerra Karlistea amaitu zan, hainbeste hildako eragin zituan gerra zibil oldoltsua. Urte haretan, 1841eko maiatzaren 5ean, Joaquin de Mazas eta Juan Romualdo de Arellano merkatariek Ángel Martinez jaube aristokrateari Boluetan, orduko Begoñako eleizatearen auzoetako baten, lursail batzuk erosi eutsezan eta handik hiru egunera, maiatzaren 8an, soziedadearen lehenengo Batzar nagusia egin eta erabagi eben burdinezko piezak egiteko lantegi bat eta labe garaiak eregitea. Gogoratu Mazas eta Arellanogaz batera beste zortzi merkatarik jarri ebela dirua lurrak erosteko, izan be, Epalza jaunak terrenoen aurreko jaube aristokatrikoakaz hartu-emonak zituan.

Horrezaz gan, esan behar da Epalza jaunak Bilboko eta Bizkaiko gobernuagaz lotura zuzena ebala eta, hortaz, etorkizunean egingo zan lantegia administrazino publikoakaz ez erlazionetako Epalza jauna soziedade anonimoaren jaubeen artean bigarren maila batean geratu zan.

Bestalde, gogoratu behar da lursail horreek XV. mendetik maiorazgo baten lurrak izan zirala. 1836an, gerra karlistan maiorazgoa amaitu zan. XIX. mendearen erdialdean eregi zan lantegiko terrenoetan mende batzuk lehenago burdinola garrantzitsu bat egon zan eta, hortaz, zonaldean mendeetan errementariek burdinolan lan egin eben burdinagaz.

Jaubegoaren trasferentzia egiterako orduan, lantegia Begoñako udalerri barruan egoanez eta eleizate hau Lur-lauan kokatzen zanez, bertan jurizdikzino forala apliketan zan. Horregaitik, ohiturea zan bezela hiru dei egin ziran Bizkaiko Foruak bere zazpigarren legean ezarritako moduan, senide edo balizko ondorengo bat baegoen abisetako. Ez zanez inor agertu maiatzaren 5ean bertan terrenoen salmentea egin zan Domingo de Soparda notarioaren aurrean. Conde Angel Martínez jaubea eta Arellano eta Mazas erosleak agertu ziran. Hurrengo egunean notario bategaz, barriro be, erosle barriak terreno horreen jaube bihurtu eta lantegiaren lehenengo urratsak emoten hasi ziran.

Lantegia eregiteko arrazoi nagusiak

Terreno horreen erosleak aristokrazia zaharragaz eta aurreko jaubeagaz zeozelako hartu-emon familiarrak edo ahaidetasuna euki arren, beste mentalidade batekoak ziran. Burgesia barriak errentagarriak ziran sektoreetan inbertiduteko ausardia nahikoa eben eta Bilbo lako uri batean, merkataritzeak indar handia eban lekuan, ez zan salbuespena izan. Merkatari gehienak guda karlistan zehar onura ekonomikoak lortu eta liberalek irabazteak onura horreek areagotu zituan. Testuinguru horretan, ez zan harritzekoa Bilboko merkatari dirudunak hemendik aurrera industria munduan inbersio garrantzitsuak egin izana.

Gauzak holan dirala, antxinako burdinolea barritu beharrean Euskal Herrian eregitako lehenengo Labe Garaia egin eben. Estadu espainarrean siderurgia modernoaren hasierako pausuak Andaluzian emon ziran lehenengo 1830ean edo Malagan eta Sevillan. Euskal Herrian be, Araban eta Nafarroan Labe Garai primitibo batzuk eregi zituen, baina Boluetakoa modernagoa zan eta instalazinoak hobeak ziran.

1841era arte Bizkaiak barrualdean aduanak zituan baina urte horretan Espainiako Gobernuak hartu eban erabagiaren ondorioz aduana horreek kostaldera eroan zituen; horren ondorioz, urte batzuk lehenagora arte Bizkaiko gobernuaren politika protekzionisteagaz amaitu eta Bizkaiko eta orokorrean Euskal Herriko enpresak atzerritik produktuak ekarten hasi ziran merkeago, izan be, 1841tik aurrera Santa Ana de Boluetako agintariak hasi ziran Ingalaterratik makinaria modernoak ekarten eta burdinezko lingoteak be bai Labe Garaian burdinezko laminak egiteko. Lehengo urteotan Santa Ana de Boluetako jaubeen eta Bizkaiko burdinola tradizionalen jaubeen arteko gatazkak gogortu egin ziran, lehenengoei bigarrenek konpetentzia handia egiten eutselako, antxinako burdinolen sistemea krisian egoan siderurgia modernoaren aurren ezin ebalako lehiatu. Berehala, Antxinako Erregimenetik etozen teknikak eta burdinolak zaharkituta geratu ziran.

Bestalde, 1848an jazoera bik bultzakada handia emon eutsen soziedadeari: Alde batetik, Labe Garaiaren funtzionamenduaren hasierea eta, bestetik, urte berean Ollarganen terreno batzuk erosi zituen. Bertan burdin asko egoan. Negozioa nahiko biribila zan, Ollarganeko burdina 500 bat metrora baitzegoan lantegitik; horri gehitzen badeutsagu lantegia bide estrategiko askoren bidegurutzean egoala eta Bilbotik eta haren portutik oso hur egoala jaubetuta, erantzun bikaina bermatuta egoan. Urteak aurrera egin ahala Labe garai gehiago egin ziran eta Estaduan ijezketa-zilindroen erreferente be bihurtu zan. Produktibidadeak gora egin eta horren eraginez, langile konpuruak gora egin eban, euren soldatea be bai eta biltegi kopurua be hazi egin zan.

Kontuak kontu, Begoñako eleizatean, 1841ean sortutako lantegia Euskal Herriko zein Espainiako erreferente bihurtu zan industria siderurgikoan. XIX. mendearen akaberan ezkerraldean kokatutako fabrika siderurgikoek lehia handia egin eutsen eta produkzinoan atzean geratu bazan be Boluetako lantegia XXI. mendearen hasikerara arte iraun eban euskal siderurgian erreferentea izan zan Begoñako lantegia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu