Bizitza da handiena
2022-04-23 19:00Pandemia sasoitik berreskuraturiko lerroak. Batzuetan, beharrezkoa dalako bizitzeari aditzen denporea aldatzea.
Amu Justi maitea, zelan zagoz? Badakit etxe-bueltan zabizela –orain hain urrun–, eta egoereaz ikaratuta imajinetan zaitut, artega eta urduri; horrenbestez, zuri lasaitasun apur bat emoteko, lerro batzuk idaztea otu jat, jakin baitakit esaldiok bai ala bai helduko jatzuzala, edonon egonda be. Horixe da, hain zuzen be, zuk lagatako irakaspenetako bat: beti kendu izan deustazu bildurra, nire bizitzan zehar. Beharbada, horrexegaitik dinot beti bildurrak, bizi honetan, paralizau edota blokeau besterik ez dauala egiten, eta, ondorioz, gerra egoera horretan pakea emoten deutsuen personak dirala jagon beharrekoak, zinez.
Bildurra kendu zeunstan tia Isabel eskilaretatik jausi zan egunean; Xabierrek, etxe aurrean olgetan egoala, besoa apurtu ebanean; Ibon joan zanean. Aitortzen dot zurrunbilo honetako lehendabiziko egunetan zu besarkatzeko bulkada hori baino ez nebala igarten, baina laster ulertu neban bai zeu, bai gainontzeko aitaita-amuma danak babesteko modu bakarra etxean lotzea zala, eta horixe egiten nago. Daborduko, ez daukat prisarik: gogoa baino ez.
Eta badakit ailegetan diran albisteak, edonongoak izanda be, makurrak dirala. Badakit zifrek orain ez askoko gerrak ekarten deutsuzala gogora; bizitzak behingoz lasai bizitzen ixten ez deutson belaunaldi madarikatu eta ohoretsu bateko partaide zarela. Baina hor kanpoan hainbat personak lubakiei eusten deutsiela jakitea gustauko litzakit, baletatik defendiduz, zu eta zure belaunaldikook batek be ez harrapetako. Gure txandea da lanerako. Hartu arnasa. Nahikoa egin dozue zuok, zuon bizian zehar.
Hainbeste eta hainbeste miseriaren artean, hor kanpoan pasetan dabizan eta agian helduko ez jatzuzan gauza ederren barri emotera natortzu. Extremadurako herritxu bateko 80 urte inguruko emakume batek milaka musuko josten ditu, eta tela-laguntzinoak be emon deutsiez zenbait enpresak, musukook ehuntzen jarraitzeko. Maialen ahalik eta gogorren dabil aurrera ataraten bere ikasketak, eta ezin harroago nago berataz. Lurrek ez dau pisurik galdu, baina umorerik be ez. Iluntzeko zortzirak ez diran arren, etxe aurretik pasau dan zaztar-biltzaile bati txalo egin deutsat balkoitik, eta irrifarre bategaz erantzun deust. Konsultak doban eskaintzen dituen psikologoak dagoz. Mutiko bat ehunka opil kozinetan dabil, ospitale bateko solairu oso bateko beharginei jaten emoteko. Hainbeste gogoratzen deustie Amu Justi.
Ez dago esan beharrik zuretzat be sasoi latzak behar dirala izan. Baina itxi esaten dana ondo urtengo dala. Ez neuke guk biok hainbeste arbuiatzen doguzan politikari ustelen pareko erregistroz agertu gura. Bestelako dimensino baten ganean zuzentzen naz. Eta, bai, dana ondo urtengo da. Eta danok ahalik eta hoberen egongo gara. Izan konfiantzea, ze laster baten alkarregaz egongo gara, tortila bat jaten. Eta autortu gurako neuskizu eredu zarela. Salto baten telefonoz deituko dodala, eta Maialenek, Lurrek, Kirak, Davidek, Eguzkik, Rockyk, Estherrek, Manolok nahiz Gorkak zure ahotik egingo dabela berba. Eta hor kanpoan pasetan dabizanez enterau gura badozu, niri deitzeko. Zuretzako eta autortu dodazan persona guztientzako nagoala. Beti egon nazela. Eta telefonoak komuniketan baldin badeu, ni deitzen nabilelako dala. Ez adiorik, Amu Justi. Bizitza da handiena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!