Herrilotsa
2022-03-14 22:51Zelako lotsa, Herria. Ze lotsa astuna. Zertan zabiz, zertan bihurtu zara.
Zer dala-eta luzatzen deutsazu eskua lurretik arrastaka daroatsunari. Zergatik onartzen dozu umiliazinoa. Zergatik ez dozu behingoz planto egiten. Zer dala-eta ez dozu zeure burua jagoten. Euskal Herrian pasetan dabilena upealakoa da. Neure udalerrian hiru leku dagoz, husterik urrun, geroz eta jente gehiago hartzen dabenak. Lehendabizikoa osasun-etxea da; derrigorrez pasau behar izaten naz bertatik, medikuagaz egoteko, nire medikazinoak hartzeko, edo pareko zeozertarako. Jentea atean artatzen dauan erizainak ez dau galtzen irrifarrea, emoten dau ia-ia begiakaz laztantzen dauala. Pertsonak leuntasunez tratetan ditu; txantxa bat egiten deutso nire aurrean bere aitagaz dagoan neskatileari. Badirudi beretzat ez dala esfortzu bat atsegina izatea, baina nago biziraute hutsa dala. Horrek beti funtzionau dagiola desio deutsat.
Husten ez dan beste espazioetako bat banketxea da. Obligazinoz joten dot bertara, beste hainbatek lez. Banketxera hurreratzea esperientzia mingarria da oso: ez bakarrik beharginengatik, bezero gisa bertaratzen direnengatik baino; desesperauta eta desanparauta, erantzun zuzen batek zinez eduki ez dituen zalantzak argituko ete deutsiezan ikusteko joaten diran horreez nabil. Hirugarren eremu paretik be sarri-sarri pasetan naz. Hango atarian, geroz eta pertsona gehiago: istiluak dagoz, negarrak, erreguak. Lan Bulegoa da. Eta hiru lekuok eztanda egiteko puntuan dagozan bitartean, hilotzak pilatzen doaz, sistema izozten, birusa bere bidea egiten. Deus ez da aldatzen.
Ez dakit Estaduko gainontzeko tokiak zelan dagozan, baina nire udalerrikoa ondo ezagutzen dot, egunean-egunean ikusten dodalako. Gaixotasun-hatsa dauka, baina, daborduko, ez dauka heriotza-hatsik: ez dakit desagertu ete dan edo ohitu egin ete garen. Eta, hain zuzen be, bildurra lako sentsazino hain poteretsu bategaz ohitzea hutsune edo errata bat da: frakaso absolutu bat. Bildurra gu laguntzeko jaio da, gu astintzeko, mugimendua berreskura daigun, batek daki zeren esperoan eta modu estatikoan bizi ez gaitezan. Bildurrak gu atezuan bizi gaitezan balio dau, ze mundua, gu behin eta barriro saiatu arren, ez da leku atsegina. Bildurrak gauzak aldatzeko balio dau. Geure burua zaintzera behartzen gaitu, aterpea bilatzera. Emozino partikularra da. Bildurra guk ha garaitzeko dago hor, baina, horretarako, lehenengo eduki egin behar dogu.
Horrenbestez, egun ez dago gehiago lotsatuko nauen gauzarik, bildurrik bako politikari bat baino. Ezerk izutzen ez dauan nonor buru izatea, alegia. Adimen trakets bat. Iluntasunak bildurtzen ez dauanez, argi isiotzeko beharrizanik sentitzen ez dauan arduradun bat. Ez dago bildurrik bako pertsona bat baino arriskutsuagorik. Eta esku hori ari zara oratzen, Herria. Pertsona horregaz oheratzen zara gauero-gauero. Horrexegatik emoten deustazu, momento honetan, herrilotsa. Baina lotsa handiagoa emoten deustie zuganako lotsa sentiduarazoten deustienek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!