Norbera arlote, norbera doilor

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2022-01-26 13:56
Ez dot uste gomendio lez emon deustienik.

Bihotza apurtu deustan ogibide krisi baten erdian, arimagaz kontuz ibili behar dala esan deustie. Seguru asko, jaso dodan aholkurik onenetakoa izango da. Pasau danak ez dauka esangura potoloegirik: euren kondizino bitalen ganeko eskumena daukien pertsonek euren kondizino bitalen ganeko erabagiak hartzen dabez. Beste barik. Kondizino horreek betetea besterik egin ezin daben pertsonek kondizino horreek otzan beteten dabez. Beste barik. Geure buruak arrazoia daukala autokonfirmau guran ibilten garela beti, alegia. Eta, bapatean, leku baten bakarrik egotetik beste leku baten bakarrik egotera igaroten zara. Eta jantzi barri dozuzan laguntasun lokarri ederrak eranztera. Tristea da.

Baina holako kontuak ez dira beti goibelak. Maiz, Raymond Chandlerren 1953ko Ez adiorik elabarriko akabuan pasetan dan kontua lakoak gertatzen dira. Noz edo noz ezagutu edo maitatu zenduan pertsona bati begiratzen deutsazu, eta jada ez dago hor, ez dozu ikusten. Beti itauntzen deutsazu zeure buruari ia pertsona horrek zer pentsauko dauan bere buruaganako, soberan jakina baita guztiok tematzen garela geure buruaren narrazino bat sortzen; ondo dakigu, hain zuzen be, narrazino hori dala ispilura begiratu, eta gure istorioan arlote edo doilorrak ez garela sentitzen laguntzen deuskuna, horretarako trikimailu kontziente nahiz inkontziente sorta bat erabili behar badogu be.

Garrantzitsuena zera da, ia trikimailu horreek guztiek guganako daukagun begiradea baldintzatzen daben zinez jakitea. Gomendio hori egin deustienean, horixe ikasi (edo gogoratu) dot; aurrerantzean be, ikaspen hori aintzat izango dot, berbarako, arrazoia nork daukan bilatzen dauan edo, bestela esanda, gainontzekoei arrazoia ez daukiela argudiatzen dauan jendaurreko eztabaida ororen aurrean. Ze, nire uste apalean, hori gitxienekoa da: errelato bakarra erdiesteko saiakera oro fantasia hutsala da.

Edonor izan daiteke beste norbaiten istorioan arlote edo doilor, bere istorio propioan heroi den ustean. Bizitzan, gure alderdirik lanbrotsu eta ilunenean sartu barik, aurrera egiteko modu bakarra gure nortasun espirituala bortxatzen daben ekintzak egon badagozala kargutzea da. Are gehiago, ekintzok egiten dituana gu geu izan geinkela onartzea da. Guganako daukagun irudiak ez badau egiten doguzanakaz topo egiten, seguru asko irudi hori hor, atezuan, izkutuan, esperoan, dagoalako da, egiten gabizen hori ikustea galarazoteko. Beste berba batez: kontuz arimagaz. Bihotza apurtu samar igarten dodan sasoi honetan, seguru asko, jaso dodan gomendiorik onena izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu