Pildoritak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-12-15 14:38

Zein da sorkuntzearen balioa espetxean?

Zer suponiduten dau espetxean sortzeak? Zenbat min? Zenbat barre? Zelan eragiten deutso itxiturearen barruan dagoanari? Etxeko konfinamendutik idazterakoan, beharbada, imajinau geinkezan galderak dira, edo lagun bat bisitetan goazenean, edo ohe batera lotuta dagoan gaixoagaz gagozanean; erantzun borobilik atontzea zinez gatxa da, kasurako, hain zorrotza dan espetxe errealidadeari erreparetan deutsagularik. Jardun armaduaren etena emon zanetik hamar urte baino gehiago igaro arren, preso aina espetxe dago, bere barruan harrapatua daukana burdinezko instituzinoak oso manera intimoan urratzen dauanez.

Zertarako sortu, hortaz? Sentimendu, emozino, estimuluen eremu laua dan ez-lekuak, gorputz otzan eta idea propiorik bako norbanako bilakatu gura ditu bere baitaratuak. Jomugea lortzeko, instituzinoen estrategia posibleek hamaikatxu ertz ditue, baina bada bat bereziki krudela, norbanakoa manera apartekoan urratzen dauana, nire ustez: bakardadea.

Bakarlekua, bakarmortua eta beste hainbeste izentapen, espetxe instituzinoaren erraietan emoten dan indibiduazino-prozesua adierazoteko. Bakardadea sortzeko makina erabatekoa, totala, absolutoa instituzinoa bera baita. Bakardade fisikoa, agerikoena, baita intelektuala, afektiboa, kanpoan dagoanaren aurreko loturea errazten dauan zubi nahiz hari bakotxa ebagia, bahetua, era sistematikoan eraitsia da bertan.

Halan, espetxeratuaren eta kanpoaren arteko loturan, espetxe-instituzinoa bitartekari ekidinezina bilakatzen da. Kanpo-errealidadea antzemateko interface-a, nogaz, noz, non, zenbat denporaz, zer, zertarako, nora... espetxeak atondua, neurtua, ebaluadua, diagnostikadua dauka. Ondorioz, oinarrizko autonomiarik bakoa dauka presoak bere egunerokoa. Diagnostikadua dinot, ze bakardadea eta honek eragiten dituan aje, egonezin eta keriak, erantzun terapeutiko baten aurrebaldintzea dira. Bakardadea sortu, beroni aurre egiteko bitarteko terapeutikoak eskaintzeko (ze pildorita gura dozu? Gorria, urdina, zuria?).

Zelan marraztu izugarrikeria hori guztia? Zeintzuk litzatekez bitartekoak? Zelan biziraun?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu