Nostalgia inperiala

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-11-29 18:34

Zorionekoak gu, ustezko euskal independentistok.

Datozen urteatan garatuko dogun prozesu eraldatzailea diseinetako egundo amestu genduana baino informazino gehiago izango dogu, aldez aurretik. Diktadurearen garaiko erresistentzia estrategiari jagokon konfrontazino armautik, borondateen batuketean oinarritutako eraldaketa politiko eta soziala helburu dauan konfrontazino demokratikora bitarteko berrantolakuntzea da fase horretarako elikagaia. Zientzia sozialetan ezinezkoak beste desiratuak diran laborategi erraldoi bi antolatu deuskuez neba-arreba eskoziar eta kataluniarrek.

Glasgowko aldirietako laborista historikoen boto independentisteak erakutsi euskun prozesuak eraldatzailea behar dauala izan; eratzailea baino ez balitz, porrot egingo leukeela. Independentziak bizitza hobe bati lotutako ilusioa eragin behar dau, edo, behintzat, ilusino hori probetako gogoa nahiz interesa. Eta, jakina, edonori ilusinoa ernaltzeak didaktika sozialetik zein politikotik piloa eskatzen dau.

Edimbrako auzo historikoki abertzaleen ezezko botoak erakutsi euskun nazionalista berbeak ez deutsola beti mesederik egiten independentismoari. Beti poterean egon diranen oportunismoa izkutetako leku bikaina izateaz gan, internazionalki hoztasuna eragiten dau eta zenbat garen jakitea galarazoten deusku. Junts Pel Sik ez ditu Esquerrak gehi CIUk beste boto batu. Yanis Varoufakisek esan ohi dauan lez: Potereak adimen bildurtiak konzentretan ditu.

Kezkagarria da bozketa erabagigarrien aurrean herritarrak bizi dauan informazino asimetria. Ezetzaren aldekoek beti dakie ze ondorio izango dituan independentziak. Baiezkoaren aldekoei, ostera, ez jake halangorik entzuten. Asimetria horren eragileetako bat Europar Batasunaren jarrerea izan leiteke. Bruselari argi laga behar jako XXI. mendean norbanakoaren eskubideetatik eskubide kolektiboetarako jauzia demokratikoki gauzatzeko trabak ipintea barne tentsinoak potolotzea eta herritarrak erakunde supraestataletatik are gehiago urruntzea baino ez dakarrela. Faktura garestiegia, tristeegia, batzuen nostalgia inperiala pozik mantentze hutsaren truke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu