Malko bat, aberriari
2021-11-04 17:12Ez deutsuet nahikoa kontau ekialdean, mendiak zuritzen diran lurrean, itxaroten gaituan aberriaz.
Ez dira mobidu harlauzak. Itxi genduzan lekuan jarraitzen dabe. Oraindino be entzuten dogu mendi-ekipamentuen dendako ule-luzearen motor-hotsa, Pirinioatako herrixka txiker bat lo dagoala emoten dauanean. Eta ikusten doguz Mondarruegoko harresi gorrikarak, Praderara edo Bujaruelora ete goazen ikusteko zelatan. Ara errekea esperoan daukagu, bere urak guretzat larregi izoztu ez dirala erakusteko. Lehenengo, zerbeza bat limoiagaz Linas de Broton; ostean, kafe bero bat Sabiñanigon, eskailera batzuetan jesarrita; gero, ogi-papurrak mahatsakaz eta artxo errea, Jorgerenean, frantses artean.
Ez dira mobidu landak. Ezta harritzak, arboladiak eta trokak be. Bernatuara aldera joan geinke, gura badozu. Lehenengo igo beharko gara Frantziarako mugako lepora, izerdiak beharko doguz bota Soum Blanc gainditzeko, argazkitxu bat atara Saint-Andre magalean, ikusiko doguz putreen kabiak Gabiet gailurrean, amildegitik jaustearen bertigoak pasau ondoren, eta helduko gara lakura. Nekatuegi zagozala-ta, lasai egon, ze Bernatuaratik behera hankek korrika egiteko beste erantzungo deutsue, Lapazosako behiakandik igesi egiteko ez bada be. Sandarueloko arroila, beste behin, sikuegi ikusiko dogu, eta imajinauko dogu zelakoa izan behar dan han barruan ura kokoteraino daukagula egotea, soka batetik zintzilik. Guri gustetan jakun lez.
Iluntzean, kantsauta baina beste 3.000 metro igoteko prest dagoan gorputza bezela, berotan eginiko izozki batera konbidauko zaitut, eta zuk arranoaren garagardo-latea eskatuko dozu biontzat. Ez naz egundo abilena izan kozinetako kontuetan, baina jango doguz ensaladea (badakizu, nik gura baino ozpin gitxitxuaugaz), egun bi atzera erositako ogi gogorra eta oilasko-bularrak. Ez ahaztu animalia proteinea, zure konfiantzazko dietisteak agindu dotsu-ta. Gura badozu, leihotik salto egin eta zentimo erdirik ordaindu barik alokatuko dogu parkea. Egia da fokuen argiak, sarri, ez dauala zeru izartsua disfrutetan lagaten, baina, osterantzean, imajinau ilunetan gagozala, eta ez dakigula alkarreri begira gagozan ala ez. Kontu mistikoak beti maite izan doguz.
Badirudi, batzutan, bizia barrankismoko neopreno baten parekoa dala: kostata janzten dozu, ia-ia alperkeriz; behin soinean daukazula, baina, ez dozu sekula erantzi gura, eta bere ñabardura oro dastatzen hasten zara. Zeure burua dotore ikusten dozu haregaz, fin-fin, irribarretsu. Gauza bera pasetan da 100 metroko erorketa bertikalagaz tupust egiten dozunean. Zeure burua bildurtuta eta inongo baliabide barik ikusten dozu, baina jakin badakizu zure kejakaz aldamenekoa be horman behera bota zeinkela. Ez zara lehenengoan kargutzen, jakina. Baina, bapatean, konturatzen zara 50. metroan, erorialdiaren erdian, atsedengunetxu bat dagoala, eta aldamenekoak sokaz aldatzen laguntzen deutsu. Laguntzino horregaz, geratzen jatsun horma-zatiari hobeto eusten deutsazu. Geratzen jatsun biziari hobeto heltzen deutsazu.
Beti daukazu kanta-zerrenda bat prest: hara heltzen zarenerako, kotxerako, dutxearen eta afalostearen arteko tarterako eta, batez be, martxa egiten dozunerako. Urteko momenturik tristeena izan leiteken horretarako, alegia. Orduantxe, melodia hori jartzen dozu, eta kopilotuari, sorbalda ganetik, disimulu-nahi osoz eta disimulu eskasez, begirada bat bidaltzen deutsazu. Eta, zer gura dozu esatea, kontsolagarria (edo horren antzeko zeozer) da zeozertan bakarra ez zarela igarteak pizten dotsun hori. Izan leiteke Zorionaren Lobby-a, edo Konpromezu, edo Basureta, edo Another Love. Cotefablon gora egiten dozu, mendebalderantz, Yesako ur turkesen lurretarantz, eta ordura arte amesetan bizitea zana amesetan pentsetea izaten hasten da. Holantxe sortu doguz gure bizi-mito danak. Doinu baten gerizpean.
Itzulerako trantzean, beharbada, subertau leiteke oso zortedunak izatea, eta Mediterraneorako bidea hartzea: algek ura bahitzen daben eremura. Han, ahalko gara biluzik itsasoratu, negar egin ostean bizikletan Pedreratik ibili, astelehenetako merkatura hurreratu eta goizaldez xakera olgetan ibili. Hamar mila aldiz egingo dostazu agirika, auzokoari hots egin eta gero beragaz berbetan bakarrik isten zaitudalako, gauez mobidu eta ohean inkordiau besterik egiten ez dodalako, azeituna murtziarrak oliotsuegiak diralako edo Tabarcan, kale erdian abesten jarri nintzanean, oktaba bat desafinau nebalako. Eta danatan arrazoia izango dozu.
Baina sentiduko gara etxean, sentiduko zara aske, sentiduko dogu gozagarri, eguerdiko bero umel-itogarria. Eta ez dozu ahaztuko bi egun lehenago Cilindroko gailurrean zengozala, bildurrak uzkurtuta, mekaguendioska, mendian behera zelan egin ez zenekiala, eta zoriontsu. Zoriontsu, bere esanahirik bitalenean.
Egunak luze dira hemen, Gipuzkoa aldean. Gauzetaz gogoratzen. Eta sentipena daukat ez deutsuedala nahikoa kontau ekialdean, mendiak zuritzen diran lurrean, itxaroten gaituan aberriaz. Ez da hartaz akordetan ez nazelako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!