Hartu-emonen ustela

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-11-02 22:55

Zeuk zelan ulertzen dozu pasinoa maitasunezko hartu-emonetan?

Eutsiezinezko sexualdiagaz dago lotuta? Beharbada, errusiar mendia da: orain zeruan, orain inpernuan, baina beti barriro igoteko prest? Intimidaderik estuena eragin behar al dotsu, intelektualki zein fisikoki? Ala, akaso, hori guztia eduki behar dau?

Txikitatik edaten dogu (iturriak nonahi dagozalako) maitasunak, mereziko badau, ikusgarria izan behar dauala. Zoratu egin behar gaitu, goia jotera eroan, eta, batik bat, min emon behar dau, zorakeriaraino min; maitasuna maiteminagaz erabat lotuta. Bere horretan egiten dogu, aukerarik emon bage, bestelangoa mespretxau. Bilatzen dogu gure bizitzako amodioa, jarduten dogu fantasia komun hori pertsona zehatzetan iraultzen, pertsoneari berari gehiegi erreparau barik. Denporeagaz, dezepzinoa eta samina datoz. Bihotz puskatuak, ederto izorratuak. Baina beti izango dogu zahartzaroan zer kontau, behar bezelako maitasun-istorio kartsu bat bizi izan gendualako.

Maitasunak, benetakoak, erraiak kiskali behar ditu. Batzuoi beste batzuoi baino gehiago. Rolak hain dagoz errotuta eta elikatuta, eta hain daukaguz odolera itsatsita, izugarri gatxa egiten jakula, gehienori, harreman-ereduak zalantzan ipintea; zeresanik ez aldatzeko saiakerea egitea. Teoria argi daukagu, aspalditxu hasiak gara jendartean hedatzen, bardintasunezko hartu-emonak gitxik jarriko ditue kolokan ozenki. Izkutuan, ostera, larregik segitzen dabe bihotzez desiratzen bikotekideak jagon eta babes daian, gehiegik uste dabe horixe espero dala eurekandik; gehiegirentzat da oraindino fideltasuna maitasun-probarik handiena, eta gehiegirentzat irainik onartezinena hirugarren bat mirestea, maitatzea, zaintzea edo behatzea da. Maitasuna, maitalea, besteek ikutu ezineko jabetza lez joten dogu. Ez dogu horren garbi esango plazan, baina urrun gagoz, oraindino, bestela bizi eta garatzetik. Helduok eta, are gitxiago, gaztetxuenak.

Ikusi eta ikasi: maitale amesez, kontrolaren eremuan ari dira hazten gure gazteak, menpekotasunezko erlazinoatan, non gizonezkoa dan legegile-betearazlea eta emakumezkoa agindupekoa, ikerketa frankok erakusten daben lez. Bikote gazte homosexual eta lesbianetan, barriz, auskalo dinamikak… horreek ez ditue hainbeste aztertzen, estatusa beherago daukie-ta. Bardintasunari jagokonez, lotsagarria besteko faltsua begitantzen jat ze gardena dan uste orokorra eta ze arrea jardunbide publiko nahiz pribadua, eremu danatan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu