Zorionak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-10-21 10:02

Zer? Zer pasetan da?

Zer pasetan da hilten zarenean? Zer uste dozu pasetan dala hilten zarenean? Gorputzak zelula guztiak bapatean geldiarazoten ditu, baina garunak neuronak aktibo mantentzen ditu: su artifizialak diruditen tximistargiak dira. Beharbada, pentsauko dozu izateari uzteko puntuan zarenaren inguruan, edo igarriko dozun tormentuaren inguruan. Baina ez. Ez. Ez dozu horrelango ezer sentiduko. Horrelako ezer be ez. Ze, oso lanpetuta egongo zara, gogoratzen.

Gogoratzen dozu atomo bakotxa izar baten sortu zala; gorputz hau, materia hau, azkenean, espazio hutsa baino ez dala. Zati solidoa energia besterik ez da, astiro-astiuro dardarka. Eta ez da ni-rik existitzen. Ez dago ni-rik. Gorpoutz honetako elektroiak dagorduko arnasten ez nabilen aireko eta azpian daukadan lurreko elektroiakaz nahastetan dira; ostean, gogoratzen dozu ez dagoala hori amaitzen dan punturik inon, ez dagoala ni-a hasten dan punturik. Eta, ostera be, energia hutsa baino ez zarela: ez oroitzapenik, ez oroimenik, ez oroigarririk. Zure izena, zure izaera, zure izatea zure ondoren etorri zirala, zu lehenago ailegau eta beranduago joan arren.

Gainontzeko dana bidean hartutako imajinak dira, agonizetan dagoan burmuinak eten barik ataratako argazkiak. Eta zu irudiotatik urtengo dan izpia zara, neuronak aktibetan dituan energia. Etxera bidean zoaz. Gogogratze hutsagaz etxera itzultzen zara. Ozeanora bueltan jausten dan ur-tanta bat lez; beti haren parte izan dan ozeanora. Dana da parte bat. Danok gara parte bat. Zu, ni, zure aita, nire ama, behinola egon ziren guztiak; landara oro, animalia oro, atomo oro, izar oro, galaxia oro. Hori dana. Itsas-hondoan dagozan hare-garaunak baino galaxia gehiago dagoz, eta hori da, hain zuzen be, hiltea dinogunean azaltzea bilatzen doguna: izatea, kosmosa eta bere ames infinituak. Bere buruagaz amesten dauan kosmosa gara. Zure bizia geroz eta harago urruntzen dabilela uste dozun amesa da.

Baina ahaztuko dozu. Beti egiten dozu. Beti ahazten dozuz zure amesak. Baina, orain, istante zehatz honetan, gogoratzen zagozalarik, dan-dana batera ulertzen dozu. Ez dagoala denporarik; ez dagoala heriotzarik; bizia ames bat dala. Behin eta barriro, eta barriro, eta barriro, eta barriro, eta barriro jaioten dan gurari bat. Eternidadera arte. Eta zu hori guztia zara. Gauza guztiak zara. Bazara.

Ze pasetan da hilten zarenean, edo biziari beste urte bat eransten deutsazunean?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu