Beste dolu mota bat

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-10-06 22:04

Uste dot ohiko zeozer dala, ez jatala niri bakarrik pasetan.

Sekula ez naz oso originala izan. Kontua da liburu edo telesail bikain bategaz alkarbizitza luzea izan ostean, amaitzen danean, kosta egiten jatala hurrengora salto egitea, hau da, unibersoz aldatzea, zeozelan esatearren. Egoereak atsekabetu egiten nau, eta ez naz errez neure onera bueltetan –orain normaltasun barria deituko geunskio, akaso–. Imajinetan dot horretaz dabizela, beste ikuspuntu batetik, ez dot liburu hau amaitzerik gura dinoenak eta, ondorioz, irakurketea luzatzen eta luzatzen ibilten diranak, fikzino jakin horretan goxo jarraitzeko amiñi bat gehiago, sikiera –ni, autortzen dot, grinatsuegia naz bide horretatik ekiteko: zeozerk apasionetan nauanean, azken bururaino heldu nahi dot lehenbailehen, gaua eguntzera eroan nauana, behin baino gehiagotan–.

Azken aldi honetan baten pasau jat, Lev Tolstoiren Gerra eta bakeagaz (1869). Gatxa da beste zeozer leiduten hastea Pierre Bezukhov, Andrei Bolkonski, Natasha Rostova, Maria Bolkonskaia, Vasili Denisov, Platon Karatev nahiz Mikhail Kutuzov mariskala lako jenteagaz hartu-emonetan egon ostean, luze, halabeharrez, nobeleak, bere lau atal eta bi epilogoakaz, lerro trinkoez estalitako 1473 orrialde beteten ditualako etxean daukadan edizinoan. Gatxa, zure sendiaren eta lagunartearen parte handi bat baino kideago bihurtu jatsuzanean pertsonaia –pertsona– horreek guztiak. Historia –historia “handia”–, idazle errusiarrak altxautako mikrokosmos konpleju, dramatiko, goibel, filosofiko eta, batzutan, ironiko horren bitartez bizitera ohitu zarenean.

Baina zer egin akabua ailegetan danean? Dolua pasetea ezinbestekoa begitantzen jat niri, errespetua gorde egin behar jakolako luzaroan horren konpainia ona egin deutsun zeozeri. Arazoa da dolu horri zelan egin aurre. Berehalako aukerea ordezkapenarena izango litzake, jakina; maila bereko edo antzeko zeozegaz jarraitzea, aurrekoa amaitu bezain pronto. Arazo logistiko handiak dakartzan konponbidea izateaz harago –ez da horren erreza purutasun bereko droga aurkitzea kultur eskaintzearen eremuan: kontu handiz hartu beharreko erabagia da, eta arrakastea ez dago betiere ziurtatua–, ez jat nahikoa errespetuzkoa iruditzen, laga barri dozun –laga barri zaituan– lanaganako. Alde horretatik, fideltasunari tarte bat gordetearen aldekoa naz ni. Kontu horri jagokonean, behintzat.

Beste aukerea hutsunearena da, hau da, kultur kontsumo orori uko egitea, denpora batez. Oraintxe arte –horrenbeste– lagundu zaituan lanari, pertsonaiei, egoerei… aldi baten zehar zure baitan biziten jarraitzen uztea, bestelango mutur-sartze arrotz barik. Aitatu barri dodan errespetuzko jarrera lez, seguru asko, kontsekuenteena litzake, eta are zen-ena. Nahiz eta muturrekoegia subertau, beharbada, kultur kontsumora ohituegia bazagoz aitatu dot lehenago nire izaera antsiosoegiak alde horretatik ipinten deustazan  oztopoak.

Nire jarrera horren aldaera erradikal bat, edozelan be, (auto)degradazinoarena izan leiteke, alegia, zaborraz elikatzera jotea tarte batez, Sálvame edo Greyren 50 itzalak moduko lanen ordezkapenezko kontsumo zuhurbakoari ekitearena –El Conquis izan daiteke horren eusko labeleko ordaina, esate baterako–. Dolutzen ari zaren lanak, egoera horretan, nekez itxiko deutso zure baitan oihartzun egiten segitzeari, eta zure burmuinaren –edo erraien– sekzino bat okupauta mantenduko dozu, sikiera, bien bitartean. Metodologia horren erabileratik ondorioztau daitezkeen epe laburreko zein luzeko albo-kalteak dirala-ta, ostera, ez jat edonorentzako gomendagarria iruditzen.

Adiskide batek, bestalde, genero-aldaketearen baliabidea erabilten dau, eta ondo joakola komentetan dost: inpaktua izandako nobela baten ostean, saiakera bat hartzea, adibidez –edo alderantziz, noski–, edo telesail gogoangarri baten ostean film klasikontzi bat edo batzuk barrikustea –nahiz eta azken horri, komentau neutson, lotura-motaren bat ikusten deutsadan aurretik komentautako ordezkapenaren konponbideagaz–. Beste aukera bat da, beraz.

Nik, maiz, trantsizinozko produktuaren komodina erabilten dot: horrenbeste inpliketan ez nauan zeozer, baina gitxieneko maila bat ziurtatzen deustana, dolua igaroteko aldian. Telebista-kontuetan ez daukat horretarako ohiko formularik, baina irakurketen alorrean sarri joten dot Simenonengana, halangoatan, Maigret komisarioaren inguruko haren nobelatara, gehienbat: genero-poliziakoaren zale porrokatua ez banaz be –edo horregaitik, hain zuzen be–, ondo irakurten dodaz elabarri horreek, formulazkoak izanda be, apur bat harago begiratzen dabela iruditzen jatalako. Izan be, giza jarduerearen xehetasun psikologiko zein sozial batzutarako begi zorrotza eukan egile belgikarrak, eta ederto txertatzen ekiazan tankera ia-ia industriala eukien bere nobela laburratan. Baina imajinetan dot bakotxak bere komodina bilatu beharko dauala; nirea adibide bat baino ez da, niri funtzionetan deustana, gehiago edo gitxiago.

Kultur dolua modu baten edo bestean pasau ostean, edozein modutan be, prest egoten naz hurrengo epifaniari aurre egiteko. Noiz iritsiko dan, horretara zelan iritsiko nazen ez dakidan arren, oraindino.

Baina hori, zer esanik ez, beste kontu bat da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu