Ekarpentxua
2021-09-21 21:30Banketxean izan da aste honetan.
Komisinoak kobretan hasi behar dirala-ta, kontua ia zertan dan argitzeko intentzinoz joan da. Berak ahoa edegi orduko edegi dau berea “bere” kudeatzaileak: ia nominea helbideratuta daukan, asegururik, hipotekarik, internetez eragiketarik egiten dauan, hiru hilabetean gitxienez sei helbideratze... Kopetea zimurtzen hasi jakon momentua aprobetxau dau galderea egiteko: ia zer dala-ta hasi behar daben orain komisino gehiago kobretan; segiduan, han hasi jako mahaiaren bestaldekoa, Euriborra gora, Europa behera...
Ulertu dauanaren arabera, Europatik iritsitako “agindua” ei da. Estadu espainoleko bankuek beste estaduetakoek baino komisino gitxiago kobretan omen dabe, eta diru gehiago biltzeko “presinoa” daukie, antza. Mozkin horreek lortzeko “bezero” eta “erabiltzaileen” arteko ezbardintasuna egingo dabe. Lehenengoak liratekez, baldintza jakin batzuk beteten dituenez, komisinorik kobrauko ez jakenak. Bigarrenak, ostera, hareek ezarritako gitxiengoa bete ez eta bankuan kontua izatearren bakarrik hiru hilean behin 12 euro kenduko deutsiezanak.
Kudeatzailea kopeta zimurtzetik “uffff” egitera pasau bada be, azkenean lortu dau bere aurrekoa bazkidetzat onartua izatea. Eskerrak emotea gura eban sentsazinoa igarri dau momentu batez. Baina ez dau halangorik egin, ekonomiaz askorik ulertzen ez badau be, alderdi gizatiarretik begiratuta ondorio argia atara barri daualako: “bezero” izateko baldintza beteko ez dabenak diru-sarrera gitxien daukien pertsona horreek izango dira. Bestela esanda, banketxeak, mozkin beharrean dagoanean, betikora joten dauala: gehien daukana saritzera eta gitxien daukanak oraindino gitxiago izan daian bere ekarpentxua egitera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!