Korapiloa
2021-09-14 23:32Estadu espainolean, hamaikatxu ikerketa-proiektu egiten dira, urtero-urtero, krimen matxistak aurreikusi eta ekidin ahal izateko.
Euratako frankok galdera bat izaten dabe oinarri: zergaitik hilten ditue gizonek emakumeak? Ehunka kasu aztertzen ditue, eta zenbait datu publikau; besteak beste, uste orokorra izan arren genero-indarkerian beti gertatzen dala bortizkeriazko ekintzen sekuentzia bera (tentsinoa-irainak-manipulazino emozionala-jipoiak-erailketea), kasuen ia erdietan ikusi izan da eraileek ez eukiela, antza, inongo aurrekari biolentorik (ezagunik, sikiera). Beraz, bapatean eta inork igarri ezinik, hiltzaile bilakatu ziran.
Zergaitik? Gizonek zer daukie barrenean? Zelan bizi dira jendarte honetan? Zertaz elikatzen dira, horretara ailegetako? Horri guztiari erantzun gura ei deutse burutzen diran ikerketek, halango metodo zientifiko bat aplikauta, indarkeria hilgarria aurreikusteko modu eraginkor baten bila, orain arte ez bezala gizonak eta euren testuinguruak fokupean ipinteko.
Polizia, Guardia Zibila, Genero Indarkeriaren Kontrako Behatokia, Fiskaltzea, Espetxeak, unibersidadeetako katedradunak, psikologia- eta kriminologia-graduondoko ikasleak eta psikologoen nahiz auzitegi-medikuen alkarteak jarri ditue horretan beharrean, hau da, erakunde ofizialak, profesional pilo bat eta, are inportanteagoa, laster barru profesional izango diranak indarkeriaren subjektu aktiboari begira jarri dira: gatxaren kauseari, eragileari, azkenean arreta osoa biktimearengandik aldenduta.
Emoten dau azkenean be ulertzen hasiak dirala (seguru asko, pandemia honen kontrako burrukean etenik bage ikusten ari garalako) orain arteko erara kale egiten dogula; izan be, emakumeen kontrako askotariko biolentzia desagertzen joan barik, hazten eta zabaltzen dabil, eta ez dau ezertarako balio alde bati bakarrik begiratzeak, alegia, alde txikituari: emakumeei. Modu berean, benetako arazoa ez bada (lehendabizi) onartuko eta (ostean) kolokan ipiniko, ezin izango jako ha guztiz baztertzeko bidea egiteari ekin.
Benetako arazo hori gizontasun-eredua da: patriarkadu basatia; sexu maskulinoaren supremaziari eusteko makineria politiko, ekonomiko eta soziala; sexismoaren kulturea… guztion buruan sexu indartsuaren eta sexu ahularen kontzeptuak bere horretan segidu daian. Beraz, behin estamentu ofizialak gizonek zergaitik hilten daben ebazteko eta benetako konponbideak topetako beharrean hasita, gura zein gura ez iritsi beharko dira argi eta aho batez onartu nahi ez daben ondoriora: korapiloa ez dago gizonezko partikular batengan edo batzuekan, mundu honetan gizon izateko moduan eta eredu hori elikatzen jarraitzeko grinean baino.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!