Galdera-ikurrak
2021-08-20 17:05-Afganistanen lau hildako, autobus erlijinoso baten kontrako erasoan. Barruko orrialdeetan izkutaturik, ostera, beste hau: Taliban batek hilketea eragin dau Kabulgo hegoaldean. Hildakoak 56 zirala aitatzen eban, zibilen aurka eginiko erasoaldirik potoloenetako baten. Gizarte edo zibilizadu berbak merezi ete ditu lau erlijino-gizon 56 afganistandar baino garrantzitsuagoak jakozan herrialde batek?
-Ikusi dodaz hamar urte inguruko umeak, hamendik urrun, txokolatea ezagutzen ez ebenak eta nik emondako tabletak iruntsi egin zituenak, berba bakarra esan barik, ezta amaitu zituezanean be: ez eukien hiztegirik kontzeptu harentzat. Ikusi dodaz 70 urteko amamak egundo atun-lata bat probau ez dabenak eta, hain zuzen be, nik emondako ha jan ebenean, bapatean, begiradea probau ez zituen gozamen guztien nostalgiaz blaitu jakenak. Izango al da berbarik kendu deutsagunaren proportzinoa jasoko dauanik ondorengo belaunaldientzat?
-XIX. Mendean, 29 milioa europearrek Ameriketara emigrau eben. Aurreko mendean, 500.000 espainiar joan ziran harantza, gehienak Katalunia, Kantabria, Galizia edo Euskal Herria lako eremuetatik. 1939an, gerra zibiletik ihesi, milioa erdi espainiarrek egin eban atzera hanka, eta osteko hamarkadetan 400.000 joan ziran Europara, ogibide bila. Ze izen merezi dogu gure arbasoen memoria baztertuta, etorkinengan gure urte honeetako ongizatea galtzeko mehatxua baino ikusten ez dogun herrialde bateko biztanleok?
-Nahualt indioen testu batek holantxe dino XV. mendean ikusi zituen lehendabiziko espainiar hareei buruz, euren zaldi, armadura nahiz bizar dotoreakaz: Jainkoak zirala pentsau genduan eta opariz estali genituan; gerora jakingo genduan txarri gosetiak besterik ez zirala, urrezale zikinak baino ez. Bost menderen ostean, datozenak txarri gosetiak besterik ez dirala uste dogu, urrezale zikinak baino ez; kargutuko ete gara geurea besteko sakratua dala euren bizia eta anai-arrebatasunez josi beharko geunkezala, heldu ahala?
-Barriro egunkarietako lehenengo orrietara noa: bahituta izan daben britainiar bat hil dabela dino. Barrualdean, orri osoa eskaintzen deutse albisteari, argazki eta guzti, eta alboko zutabe txikitxu batek, pobrezia tipografikoak lagunduta, dino estatubatuarrek, isilean, hamar afganistandar hil dituela. Sortuko ete da eurozentrismoa ordezkatuko dauan beste ikusmolderik, mundua ulertzeko orduan?
-Inkesta barri baten arabera, gazteen %80ak dino zoriontsu sentiduko litzakeela gura dauan guztia erosi ahal izango baleu. Zelan definiduko dabe zoriontasuna etorkizuneko hiztegiek?
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!