Periferiako gizona

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-08-10 14:06
Emakume batek esan eban etxera bidean ikusi ebala, uriko periferian dagozan auzune horreetako baten.

Farol baten alboan ei egoan, ez aurrera, ez atzera, geldi-geldirik. Emakumezkoari ez eutson deus egin, begiratu baino ez; ze ordu zan kontuan hartuta, baina, bildurra pasau omen eban. Poliziak fitxa bat atondu eban datu apurrokaz: gizonezko bat, parte onekoak ez diran orduetan eta kalearen izena.

Hurrena, autozale batek esan eban etxera bidean ikusi ebala, uriko periferian dagozan semaforo horreetako baten. Hantxe egoan, antza, geldirik: bai semaforoa gorri egoanean, bai orlegi egoanean. Ez eutson inori ezer egin, begiratu baino ez; ze ordu zan kontuan hartuta, baina, bildurra emoten ei eban. Orduan, poliziak fitxa bat prestau eban datu apurrokaz: gizonezko bat, ordu berantiarretan eta kalearen izena.

Hurrengo asteetan, antzeko esames gehiago ailegau ziralarik, polizia ondorio batera heldu zan: farol alboko gizonezkoa semaforokoa be izan zeitekeen. Fitxak beteterakoan, gizonaren deskribapena ipintea ahaztu jaken eta, horrenbestez, aurreko lekukoen bila ibili behar izan eben, gizonaren deskribapen fisikoa eta jantzita eroana zehazte aldera. Ha topetako erarik egokiena lekukoek aitatutako farola eta semaforoak zelatatzea izango zala begitandu jaken.

Gaba baten, farolaren ondoan ikusi eben, baina, hurrengo baten semaforoaren alboan ikusi eta gizon ha zala baieztau arte, ez eben atxilotu. Komisaldegira eroan eben eta argibideak eskatu eutsezan. Hark ia nonork salatu ete eban. Poliziak, ostera, ezetz, baina bere portaerea zinez susmagarria zala. Susmagarria, zer dala-ta?, gizonezko bakartiak.

Leporatzen jakon delitua, polizien esanetan, arina zanez, ez eben torturatu. Baina poliziaren jakin-gura astunak aspertu egin eban gizonezkoa: Farolaren alboan egoten naz nonor nire bila etorriko dan itxaropenagaz. Eta semaforo aurrean, ba, bestaldera pasetako arrazoirik ez dodalako aurkitzen. Libre laga ebenean, polizia-buruak honakoa esan eutson: Zuk zeuk joan beharko dozu zeure bila, eta zeuk aurkitu beharko dozu semaforoa pasetako arrazoia.

Handik egun bira, zaharren egoitzan sartzeko itxaroten dagozanen zerrendan emon eban bere izena periferiako gizonak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu