Eskola uniforme bat Tigrisen
2021-07-29 13:39Interneteko pornografia orrietan sartzea aldizkari infinitu baten murgiltzea lakoa dok, ez daukak akaburik, heuk amaitzen duan arte…
…eta, korritzen hazenean, atara azkar baten handik, telefonoak korritzen segidu ez daian, esan eutson lagunak, nabigazino lujuriosorako helbide bat emonaz.
Izugarrikeriek ez daukie amaierarik Iraken. Atzo, hildako hiru biztanle irakiarregaz eta bost soldadu estatubatuarregaz batera, eta giza krudelkeria infinitua dala frogatuaz, aurkikuntza makabro bat egin eben Tigris ibaian: poliziak 50 gorputik gora atara zituan errekatik; Madaien herrian bahituak izan izandako biztanle xiïten gorpuak direla baieztatu dabe, argi-argi azaldu dau irratiak, ezkaratzetik.
Edegi da atariko orria, eta zerrenda luze bat agertu jako aukeran: big tits, blonde, lesbian, mature, interracial, teens… ‘teens’. Berba horrek sutu dau bere irudimenaren lastoa: eguzkipean, izerditsu, gona laburrak jantzita, tenisean jokatzen ari diran neskatila gaztetxuak etorri jakoz gogora, hainbeste gustetan jakozan neska gazte horreek.
Barham Salih lehendakariak berak onartu dau astegoienean gerrillari sunitek 50 xiïta bahitu zituela, tartean emakume nahiz ume asko. Erasoa Madaien herrian emon zan, Bagdadetik hegoalderantz jota hogeita hamarren bat kilometrora. Domekan, gerrillariek bahituak hilteko mehatxua zabaldu eben, alkarte erlijiosoen arteko gerrea isiotu nahian.
Bere logelan dago neskatoa, ikastetxe erlijiosoren bateko uniformeagaz. Blusa bularrak ikusteko beste askatuta, gona laburra igonda, ipurdia ilargia lako zuria zein borobila dauka, eta hatzamarrak bere gurinezko aluan sartzen ari da. Ze basatiki joko leukion narrua, gorputz desiragarria daukanaren kontzientzia osoz begiratzen deutson pertsona horri, zutunik jarrita, burua koltxoira makurrarazota.
Gorpuei labankada piloa igarten jakezan. Hamar emakumezko agertu dira, eta hamasei ume, gehienak nesken eskola batetik ataratakoak. Hondamendia ikusi daben kazetariek dinotenez, eskolako uniformeakaz egozan neskatoak, eta euretako batzuk burua ebagita eukien.
Irudimenaren eraso erretzaileak erakutsi deutsoz tenisean ari ziran gona laburdun neskatoak, kamareari alua erakutsi ostean, buru barik Tigris ibaira botata. Momentu horretan, lauki bat agertu jako ordenadorearen pantailan: El programa ha efectuado una operación no válida y se apagará. Eta, bapatean, zakila amatau egin jako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!