Arrazoia zenduan, Alfred

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-06-28 23:33
Alfred Polgar idazle austriarrak, gertaera bat kontetan ari dalarik, barru-barruraino heldu jatan esaldi hau idazten dau.

Dana 1932an pasau zan, desastrearen aurreko urte gris hareetan, zeintzuk, gero etorriko zana ezagututa, gaur urte urdin argitsuak begitantzen jatazan. Egun hareen kolorea denporearen pintzel-puntan zelan aldatu dan ikusteak zer pentsatua emon dost. Bizitzaren errelatoa denporearen joku bat baino ez da, eta ez beti orainean gertatzen dana. Askotan, jakin barik bada be, iraganean bizi gara, edo etorkizunean, gure gorputzak momentuko beharrizanak asetzen dituan bitartean.

1932ko urte ha grisa iruditzen jako Polgarri, ezagutzen ez doguzan arrazoiak tarteko; izango eban zoritxar sentimentalen bat, edo familiartekoa, edo bere idazle ogibideagaz lotua… baina denporea igaro da, ezagutu dau osteko gerrak ekarri eban sufrikarioa (urte hartako bere samin koskor haren alboan milaka bider latzagoa izango zana) eta horrek aldatu egin dau bere eretxia: urte ha urdina begitantzen jako, alaia, argitasunez josia, gerrate izugarrien sufrimendu ligorrik ez zalako existitzen egun hareetan; are gehiago: ostean gudua etorri ez balitz, 1932ko urte ha grisa izango litzake, beti-betiko, Polgarren oroimenean.

Gure bizia kontetako orduan, esangura handia dauka kontau gura dogun gertaera horren ondoren etorri zanak be. Urteen jarraipena egitea derrigorrezkoa da, urte baten gertatuak edertu edo itsusitu egingo daualako aurrekoa. Amodioen kontaketea egiterakoan, sarritan, honakoa pasetan da: zazpi amodio izan baldin badoguz, beharbada, hirugarrena izan zan ederrena, osoena, ‘benetako maitasunaren’ adiera horretara gehien hurreratzen zana; akaso, hirugarren amodio horrek aurreko bien erromantizismoa tontokerian ito eban eta ostekoei ez eutsen benetako aukera danak agertu eragiten. Hor dago arazoa: ez gagoz bizitakoaz libre, baina ez gagoz biziko dogunaz libre be.

Nik, urte bitan barrena, zapatu-goiz danak bakar-bakarrik emon nituan, ikasle garaian, obratan egoan Bergarako ikasgela hotz baten; maiz igarri neban neure burua isolatuta eta triste. Orain, ostera, maiz harrapetan dot neure memoria zapatu goizetako eskolara bideko kale busti hareek nostalgiaz gogoratzen. Zelan leiteke nostalgiaz gogoratzea txarto pasautako une bat? Geure buruak badaukaz ulertzen ez doguzan misterioak. Arrazoia zenduan, Alfred.

Bizitea zer da, ba? Gure biziaz gabizanean, ba al dau zentzurik ona izan zala esatea, txarra, tristea, aberasgarria eta parekoak? Eguaztenean, gogoz kontrara zaharren egoitzara eroan daben atsoak zer esango leuke martitzenean, eta zer barikuan? Horrexegatik da hain gatxa Pítacos grekoak idatzitakoa zinez betetea: Bizi egizu aukerea, iragana faltan bota barik eta etorkizunaz larregi arduratu barik. Ez eban gitxi eskatu…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu