Burdin eta istorio arteko errekea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-06-17 23:54

Literaturea lantegi haretan ikasi eban, baina inoz oso ondo ulertu barik. Gaur be, nekez.

Ipuinari buruzko teoria xelebre harek ez eukan heldulekurik inon. Ipuin batek historia bi kontetan ei ditu, idatzi eban nonork: ‘A’ kontakizuna eta ‘B’ kontakizuna. Gu ‘A’ istorioa leiduten gabizen artean, horren azpian ‘B’ istorioa igarri behar dogu, antza. Holan, personaiari zer pasau jakon jakin barik, jazo jakonak laga deutsozan ondorioetatik atara behar dogu pasau jakonaren haria. Eta Hemingwayren ipuin bat aitatzen zan, idazkera horren eredutzat.

Egunak emon zituan idea horri bueltaka: zelan kontau leiteke zeozer, ezer kontau barik? Zelan lotu, adibidez, umore-aldaketa bat, jarrera berezi bat, sentimenduen mailako atsekabe bat jazoera fisiko bategaz? Ez al zan nahikoa lan historia bat dotore eta suspense apurtxu bategaz idaztea, halako zorakeriatan sartu barik? Hemingwayren ipuineko personaia gerran izandako nonor zan. Desbardin edaten al dau, ba, garagardaoa bonbak ezagutu dituan batek?

Oinarrikoa kontau barik itxita, ez al jako ipuinari hutsune handiegia egingo? Halako zeozer galdetu ostean eskaini eutson lantegiko irakasleak, hain urrundik etorten zan idazle borondatetsu harek, irudi argitzaileagoa: ipuinak izozturiko errekea izan behar dau; izotzezko geruzea da guk leiduten dogun testua, baina azpian urak bizirik jarraitzen dau bere ibilbidea. Izotzaren gogortasuna daukie testuaren berba pitzaezinek, baina sentimen asko eta asko daroazan uriolea bizirik dabil azpian.

Zelan erakutsi harri bihurturiko azal itsuan zehar azpiko ur bizien kilikilia? Istorio bat, hasi eta akabau, idazten ikasi orduko, istorioa kontau barik bere eragina kontetera pasetea larregi begitandu jakon. Zertarako balio ete eban?

Zertarako balio dau?, itaundu deutso bere buruari, enegarren aldiz autobusetik bajatu eta errekara begira: ura zeharo ugerra dator egunotan. Euri piloa bota dau eta kaminoak be basaz beteta dagoz; hainbeste obra egiten dabiz! Bera autobus-txoferra da eta testu baten txarto jarritako berbak lez irudikatzen ditu errepideetako obrak, ipuina trakesten daben datuak, ondo eginda ez dagoan deskribapenaren matxurak.

Egia esan, ez daki zer dala-ta gogoratu dauan teoria xelebre hori, kotxe gorri ha autobus azpian sartzera etorrela ikusi dauan momentuan, ze laster etxera joango da eta emazteari kontau beharko deutso, honek gauerdiko albistegian entzun orduko, lau gazte joiazala kotxe barruan, erruberek basatzan laban egin deutsela eta laurak hantxe hil dirala, burdin artean txikituta. Edo, beharbada, ezin izango dau apurtu bere berben isiltasun izoztua, bere barrenean ura bizi-bizi dagoan arren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu