(G)izakien pakea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-06-10 13:55

Leku batera sartu eta denpora oso gitxian, bere buruagaz paketan ez dagoan pertsonea bereizten jakiteko dohaina eskuratu dodalakoan nago. Ez dakit hori ona ala txarra dan.

Taberna bat izan leiteke, edozein bulego, lagunarte bat, bilera bat, afaria… bapatean, pertsona baten begiradeak gerizpea isurtzen dauala nabarmen igarten dot, edo nonork daukan berbetako moldean desesperantzea nahiz gorrotoa jasoten dodaz, edo ezer parkatzen ez dakianaren imintzinoak garden agertzen jataz, edo bizi dan eremutxuan eroso ez dabilen ipurterrearen biografia haren jarrera aratzean ailegetan jat… eta nik neure burua babestu egiten dot, txarto dagoanak, maiz, bere hantustekerian ez daualako laguntza eskatzeko asmorik izaten, aldamenekoa bere basatzara makurtzeko grina baino.

Urteek sentikor bihurtu nabe; niri, behintzat, ekarri dostie oparirik, euren iragaitetik miraririk ezin espero leitekeela sinistarazo deuskun gizarte honen baitan: neure barrenetik urten eta besteakanako halango kontzientzia barri bat nigan erneten sentidu dot. Besteen egoera ikusten ikasi dot, ezer esan barik adierazoten dan hori antzematen, edo esan diran berbakaz izkutau gura zan beste ha usaintzen. Eta paketan ez dagoan jentea ikustea da, niretzat, aurkikuntzarik mingarrienetakoa. Izan be, hareeri laguntzinoa emoteko aukerak oso urriak eta bihurriak izaten dira. Hasteko, gehienek ez dabe txarto dagozala onartzeko umiltasunik izaten.

Paketan egotea ez da ezelan be erreza; gatxa ez dala esaten da, baina, egun: nahikoa dala zeure buruagaz konformidade bat lortzea, biziari larregi ez eskatzea, daukazuna maitatzea, norbere mugen jakitun izatea eta abar, eta abar, eta abar… baina hori dana baino aldea konplikaduagoa da. Benetako pakea lortzeko, nik uste, beharrezkoa da lau itauni erantzuna emotea: zer sentitzen dodan, zer pentsetan dodan, zer erabagi dodan eta zer egiten nabilen. Erantzunek lerro zuzen bat osotu behar dabelakoan nago. Arraia hori oso zuzena ez baldin bada, pakea apurtuko daben gertakizunak zein egoerak errez asko sartuko dira tartean, gu sumintzera; orduan, esango deuskuen berbetako zeharkakoenak edo ertzekoenak be, gugan zapore mikatza eta iraunkorra izango dau. Nik halan bizi (izan) dot.

Sentitzen dodanera inguratu behar dot, ahalik eta gehien, pentsetan ari nazana; batasun horren eraginez, erabagi bat hartu neike. Baina hori egiteko kemenik edo adorerik ez badaukat, dan-dana papelezko gaztelua lez jausiko jat. Biziko naz pentsetan dodana egiteko bildurrez, edo sentitzen dodana erabagiteko ezinez, edo erabagi nebana egiteko koldarkeriaz, edo sentitzen nebana gogoratu ezinez. Nago pakea ez datorrela onarpen etsitu batetik, lerroan ipinita dagozan lau osogarri horreen orekatik baino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu