Ez daki

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-06-01 13:41

Uriaren erdian dagoan gasolindegi txikiko beharginak ez daki denpora gitxi barru lapurretan egingo deutsenik.

Ez daki gertaera horrek une horrexetan eskuetan daukan egunkari bereko orri bateko izkina beteko dauanik. Ekainaren 1a da, eta BBK-k lortu dituan irabazien zifrea, eztabaidaren baten erabilteko, memorizetan ari da, eta kopuruaren neurria bisualizetan lagunduko deutson irudiren bat garunean margozten. 59 milioa euro dira. Ez daki handik urtebetera bere gasolindegian buruturiko atrako txikia barriro egunkarietan etorriko dala, BBKren irabazi barrien alboan.

Gasolindegi aurreko tabernan dagoan agureak ez daki denpora gitxi barru lapurreta baten lekukoa bihurtuko danik eta, bere testigantzean oinarrituta, fiskalak lapurrarentzat hamahiru urte t’erdiko zigorra eskatuko dauanik. Egunkaria leiduten dago: Gürtel kasuan 50 miliotik gorako lapurretea egin dabenen historia. Ekainaren 1a da, eta ez daki handik urtebetera Auzitegi Nazionaleko epaileak ahozko epaiketearen hasierea aginduko dauala hamalau akusaduren kontra. Hamaika urteko espetxe-zigorra izango da fiskalaren eskaerarik irmoena, euretako batentzat; hiru urtekoa, beste seirentzat; 1´75 milioa euroko isuna, gainontzeko zazpirentzat.

M.H.D.k ez dau egunkaririk leiduten, eta ez daki Nafarroako Nekazal Kutxaren irabaziak 29´8 miliokoak izan diranik, ezta be Bill Gates Osasuneko Mundu Erakundeari donazino bat egitea pentsetan ari danik, gaixotasun larriei buruzko ikerketak bultzatzeko. Ekainaren 1a da, eta ez daki handik urtebetera Nafarroako Kutxaren irabaziak %7´4 potolotuko diranik eta Bill Gatesek O-M.E.ari, azkenean, 200 milioa emotea erabagiko dauanik.

M.H.D. toxikomanoa da, eta bere eguneroko ardura bakarra heroina-txute bat edo bi sartu ahal izateko behar dauan dirua eskuratzea da. Ez daki denpora gitxi barru atxilotu egingo dabenik eta gaurkoa baino lehen burutu dituan beste bi atrakoren erantzukizuna be leporatuko deutsenik. Lehendabizikoa estanko baten izan zan eta, ugazabeari labana erakutsi ostean, 100 euro hartuta egin eban ihes. Bigarrenean, kopisteria baten sartu zan eta 60 euro hartuta alde egin eban. Gaur, zorte hobea izango dau eta 220 euro ostuko deutsoz gasolindegiko gizajoari. Bere lapurreteak ez dauz aurretiaz prestetan eta, egia esan, labana erakusteak ez daki zenbateraino larritzen dauan bere delituaren tipifikazinoa, ostutako diruaren kopurua 380 eurokoa baino izan ez arren.

Ekainaren 1a da, eta urtebete barru albiste horreek danak jasoko dituan kazetariak ez daki justiziari buruzko tesi kasual bat idatziko dauala, egunkariko orri baten laburtasun inuzentean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu