Desapegoa

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-05-21 18:18

Joder! Joder! Orain be, ordenadorea gauza arraroak egiten hasi jako.

Noz, eta, hain zuzen be, justu gogoetea sakon egin dauan aste honen ostean, bere bikotekideari despedidako gutuna idazten hasi dan unean!

Kaka zaharra!

Sorgina behar dau izan neska horrek. Izan be, hartu-emonak iraun dauan urte bete honetan sorginduta lez sentidu da Alex, neska haren begiradeak sortzen eutson bildurraren eta, era berean, desirearen menpe. Ia-ia borondate propio barik egon da, neskeak gura ebana egiten. Hori bai: plazer-emole bikain askoa da neskea; zelan uko egin? Baina egundo ez dau lortu urduritasun larri ha ganetik kentzerik. Neskea fijo-fijo begira geratzea nahikoa zan, tenk geratzeko: bere onetik ataraten eban, bere txarrena emoteraino. Horrexegaitik, beharbada, hasarratu jako familia, galdu dauz lagunak eta bihurtu da gauez isilean paseaten dauan tipo petral, bakarti eta likitsa.

Hau da puta mierda…

Bostehun bat kilometrotara dago neskea, baina seguru sorginkeriaren bat bialdu deutsola ordenadoreari, despedida-gutunik idatzi ez daian. Sarasolaren hiztegia hartu dau Alexek, apur bat mantsotzeko. Berbak begiratuaz eguzki-sarrera liluragarriak ekarten dituen posterrei behatuaz lez baretzen da. Hitzen definizinoak pasta gozoak bailiran dastatzen dauz ahoan. Berbak dira mundua konprenitzeko biderik egokiena, besteen aurrean geure burua agertzeko nahiz kokatzeko daukagun tresnarik zorrotzena. Horrexegaitik dira arriskutsuak, zorrotzak diralako. Apur bat labandu ezkero, zast! Ebagi egiten gaitue. Behar ez dan lekuan kokatu ezkero, danba! Eztanda egiten dabe. Diru franko ordaintzen da hitzengaitik eta are gehiago zenbait hitz izkutatzearren.

Hori dala-ta, ondo aukeratu gura ditu Alexek bere berbak. Eta badago bat buruan buelta-bueltaka dabiltsona, bere neskeari eskeintzeko: DESAPEGOA. Maialen beti izan da berba berezien zalea, momentuan propio egokiak ziran hitzen bilatzailea. Ezta filologia ikasi baleu be! Kamarerea ez zan, ba!

Desapegoa. Hori da hitza hori: borobila, luzea, sakona, pegoa emoten dauana, beste azalpenik behar ez dauana. Danok ulertzen dogu atoan desapegoa, ezta? Apegoa zer dan jakin badakigulako. Hain da kontu sinplea: pegar aditzari “a” jartzen badeutsagu, apego sustantiboa daukagu eta, hortik abiatuta, berehala gagoz desapegoan. Hau askatasuna! Berba bat eta agur, Maialen, agur!

Baina euskeraz? Pegar itsatsi da; apego, ostera, atxekimendu… kaguen sos! Sartu gara arazoatan! Zelan demontre ete da, ba, desapego? Sarasolaren hiztegian aurrera egin dau Alexek, espektazinoz. Bere bildurra konfirmau egin da.

ATXIKITASUNIK EZA: Pentsakor geratu da. A-txi-ki-ta-su-nik-e-za! Hitzak ez dau ezelan be konbentzidu. Badirudi pilota-partida baten ganean dabilela: Irujok bere atxikitasun-eza berretsi eutson epaileari. Ganera, hizki artean irakur daitekeen “txikitasun” horrek ez dauka inongo zerikusirik Maialenek bere zakilari eragiten deutson handitasunagaz. Utikan!

Beste adiera bat be badakar hiztegiak:

AXOLAGABETASUNA: Hori bai ez dala zuzena. Emoten dau piperrik ardura ez jatsun zeozertaz ari dala, baina Alexeri piloa ardura jako bere oreka mentala. Hitzak dinoanaren zeharo kontrakoa da bere kasua: ardura jakolako doa desapegoaren bila. Ez dau esperantzarik galdu; beste bi hiztegi daukaz oraindino eta, egia esan, euskal hiztegien batasun-eza ezagututa, egongo dira esamolde barriak bere jarrerea zehatz-mehatz azaltzeko. Mugikarena zabaldu dau, zaharra baina dotorea, pasta gogorra daukana, granatea.

HOZTASUNA: Ez, obsesino amoroso bat konpontzea ez da gradu-kontua, egun osoan horretaz pentseteari lagatea baino. Distantzia-kontua da, alegia.

ATZETASUNA: Ezta otu be! Halantxe esan eutson Maialenek atzeko aldeko pasabideez hasi jakon baten. Ganera, atzetasunak umeltasuna gogorarazoten deutso.

GRINARIK EZA: Hombre… no me jodas, Mugika! Grina pasión edo ansia baldin bada, grinarik eza zelan izango da, ba, desapego? Gehiago dirudi inpotentzia adierazoteko hitza! Eta hori bai ezetz! Alex ez dago prest hori onartzeko. Hirugarren hiztegiari oratu deutso, Elhuyarrena, itxaropen handi barik, euskal hiztegietan ibiltea astokerien arten nabigatzea da, pentsatuaz.

ARROZTEA: Buajjj! Arrozesnea gogorarazoten deutso eta, ez, hori ez, ezin dau… ez dau lortu gainditzerik egun baten, Maialeni mosu emon eutson artean, arrozesnetan euli handi bat jausi eta berak, ikusi barik, koilarea sartu eta oso-osorik ahosabaian igarri ebala. Ganera, immigrazinoko lege baten izenburua dirudi: Arroztearen arau eta baldintzak…

ALDENTZEA: Mesedez! Esan txakur bati alde hemendik! eta ederto ulertuko deutsu; hori bai, esan desapega zaitez… argi dago ez dala gauza bera.

ATZETZEA: Ni pa dios! esan eutson Maialenek bigarren aldiz atzealdeko pasabideez hasi jakonean. Horrez gan, “tzetze” horrek euliak dakartsoz atzera akordura, eta euli danen artean bat, baltza eta handia, arrozesnetan… buajjj!

Alex etsita dago. Ezin izango deutso adoerazo Maialeni bere erabagia, berak zeozer asmau ezean. Itxaron. Behin gogoratzen parauta… zelan esan eutson taroteko sorgin harek, zelan definidu eban Maialenegaz eukan lotura ha… A! Bai! Enkoñatua egoala esan eutson. Enkoñatua. Jarri daigun ”ñ”-a euskal grafian: enkoinatua. Sano ondo sonetan dau, ezta? Engaiamendua lez. Enkoinatua… beraz, lotura hori etengo baleu, desenkoinatua legoke. Aportazino bikaina, ezta? Ia Alexen baitan filologo bat ete dagoan… Beraz, desapegoa izan leiteke… eureka! Desenkoinamendua!

Atea jo dabe Alexen euforia une bete-betean. Postaria da. Ze arraroa… postaria arratsaldeko lauretan. Telegrama bat dakar. Ez ekian telegramak etxera eroaten zituenik. Gaur egun, nonork bialtzen ete dau telegramarik, ba? Filmetan bai, zure senarra hil da gerrako misino berezi baten, NOBEL saria emon deutsugu eta holakoak komuniketako… Baina Alexek ez dau inoz telegrama bat bialdu, ezta jaso be. Zelako ilusinoa. Maialenena da. Zelako urduritasuna.

Alex maitea stop

Nonor ezagutu dot

Geureak daborduko egin dau stop

Ez zihoan inora be

Desapegatuta ikusten zintudan aspaldian stop

Jagon zaitez

Mosu kasto bat stop

Tira, ondo da. Ardura bat gitxiago. Baina, aizu… zelan ete da kasto hori euskeraz? Eta jodido? Eta hecho una puta mierda?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu