Soinuak eta kotxeak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-05-12 16:47

Lehen, oso berandu oheratzen zan, goizaldeko bostak aldera, sarritan.

Halanda be, gaua, bere pakeagaz, bere isiltasunagaz, esperientzia ugariz beteta heltzen zan beretzat. Gauerditik aurrera, argiak iraungitzen joaten ziran aurreko etxeetan eta hori, hain zuzen be, abisu bat zan bere barrenarentzat. Une hartan, bizitza propio bat sortzeari ekiten eutson, lo geratu barri zan artealdearen aurrean. Idazten emoten zituan orduak, hausnartzen, leiduten, kopa bat hartzen, atzera be idazten, binilo zaharrak entzuten, zigarretaren bat edo beste erreten, leihotik so.

Gau barearen gozamena neke fisikoaren azken mugarrietaraino eroan ostean, unerik bereziena, beharbada, oheratzen zanekoa izaten zan. Bere gauaren akabuak bat egiten eban auzoko frankoren esnatzeko orduagaz, baina leku desbardinetan egokitzen ziran bai bata, bai besteak, istante hori ailegetan zanean. Bera ohean sartu barri egoalarik, artean loak hartu barik, kalera urteten ziran auzoko beharginak, txandarik goiztiarrenetara iritsi behar ziranak.

Negu gorrian, kanpoan begiak atarateko lako izotza egiten ebanean, garajeetako ate-hots metalikoa entzuten eban bere mantapean kukututa, bere arnasagaz ohea berotzen eban bitartean. Bere epeltasunean are lazgarriagoa egiten jakon behargin hareen hotza, euren arpegietako destenplea.

Garajerik ez eukienek, ostera, kanpoan izaten zituen kotxeak eta, goizaldeko bostak aldera, hareek arranketan hasten ziran: orain bat, gero bizpahiru, hurrena besteren bat, txandaka, beharlekura bidean. Auto batzuk ezin izaten eben arrankau eta, ondorioz, saiakera piloa egiten eben. Persianearen bestaldetik, langile hareen gorputzak dardaraz irudikatzen zituan, ahoa madarikazinoz ganezka, umorea petralduta, etsipena euren bihotzaren jaun eta jaube, egunsentiaren izotz-ilunpearen bakardadean.

Apurka-apurka, kotxeak martxan jarri eta alde egiten eben auzotik, eta bera lo geratzen zan, epeltasuna gozatuaz, desanparo haren erdira atara beharrik ez eukalako. Geroztik, beretzat desanparoak ez dauka beste soinurik: neguaren iluntasunean, hazurretaraino sortzen dan izotzaren erdian, arrankau ezin dauan kotxe baten karranka errukarria. Ez leuke desanparoa beste modu baten definiduten asmauko.

Bere auzokoak, akaso, bai. Bere ordu txikietako ordenagailuaren zarateak asaldau egiten eban auzokidea, antza, eta, tarteka, horman kolpeak joten eutsozan. Aldamenekoarentzat, beharbada, berea izango zan benetako desanparoa: tipo gazte bat gauaren bakardade abosolutoenean idazten.

Gaur be, berandu oheratzen dan arren, dana desagertu da: auzokoa hil zan, ordanagailuari tekladu barria eta isilagoa jarri eutson, bi kristaldun leiho isolatzaileak be bai… eta azken modeloetako kotxeek beti lehenengoan arranketan dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu