Denporea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-05-06 17:04

Denporea gure bizia egituratzeko daukagun lanabesik inportanteena izanda be, ez deutsagu denporarik eskaintzen pentseteari.

Abestiak dinoan lez, denporearen kontra denporea galtzen gagoz. Ez da egia, baina, denporea urrea danik; denporea arnasa da, biziak bere ziklo oro gauzatzeko beharrezko dauana. Arbolek denporea behar dabe loratzeko eta edurrak, ostera, denporea behar urtuteko; guk denporea behar dogu barrenean daukagun dana loratzeko eta samin danak urtuten joateko. Gauza bakotxak behar dau bere denporea, baina denporeak ez dau gauza asko behar.

Denporearen jabegoagaz ardurabagekeria erraldoia egin dogulakoan nago: konturik personalena be besteen eskuetan laga dogu, eskubide pribadu bateri mendekotasun publikoa ezarri deutsagu. Errezegi makurtzen deutsegu burua kanpotik ezartzen deuskuezan ordutegiei. Modu horretan, izan be, aske geratzen gara, bizian daukaguzan ezintasun ugariak denporearen atxakian justifiketako. Halan, ez daukagu denporarik leiduteko, euskerea lantzeko,  Guggenheimera joan orduko arteaz zeozertxu ikasteko; ez daukagu denporarik etxeko-lanak egiteko eta neskame kolonbiarra kontratau dogu; ez daukagu denporarik antzerkira joateko, oso hurre dagoan beharlekura oinez heltzeko, komunikazino-beharragaz dagoan lagunagaz afaltzeko…

Hori bai, denpora nahikoa daukagu telebistearen aurrean orduak galtzeko, bilera jentetsuetara doazen kotxe-ilaratan egoteko, alkondara bat erosteko atxakian arratsalde osoa dendaz denda alperrik botateko, solariumetan nahiz hondartzetan orduak emoteko, gure barne-pakeari halango mesedea egingo lekion gogoeta-momentuarentzat asti barik bizi garen artean.

Denpora asko daukana zeozer galtzen ari dan sentipena zabaldu da gizarte-molde honetan, eta jentea, horrenbestez, gogotsu saiatzen da denpora askerik bako agendea antolatzen, hasi eta amaitu hutsarterik izango ez daben egunak programetan. Egun, inork ez dau burrukarik egiten denpora librea izatearren, daukan denporea betetearren baino. Beti zeozer egin beharraren sukarra dabilsku zanetan barrena, ezer egin barik ze ondo egon ohi ginan ahaztuarazo deutsona gure gorputzaren oroimen zaharrari.

Ahulezia batetik sortu jaku denpora okupatuaganako morrontza hau: geure buruagaz bakarrik, lasai, paketan eta isiltasunean egoten ez jakitetik. Horrek bildurti, koldar zein otzan bihurtu gaitu eta hutsune hori eginbehar artifizialakaz estaltzeari ekin deutsagu, sarri, inongo aberastasun personalik ekarriko ez deuskula jakin arren.

Denporearen jaubetzea berreskuratzen ez dogun bitartean, dependentzia txikiak konkistetan emongo dogu bizi osoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu