Bizi-arrastoak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-04-23 12:39

Gaztetan, bihotza estaltzen dauan geruzea galmintza lako mehea izaten da.

Ha zulotzea, aldiz, gauza errez-erreza izaten da, begiratu bat nahikoa, egoki esandako berba bat, mutikoa dardaran ipinteko. Zahartzea horixe ei da: artelatzak bere enborra txorkoagaz estaltzen dauan lez, bihotza estaltzea; eta ha zulotzea sano gatxa da. Zure bizian datozen personen esku baino ez legoke.

Joxe Martin da Elvirak jagoten dauan bigarren edadetua, zaharra, agurea, jubiladua… sasoi bakotxeko inuzentekeriak bere berba erakusleak aukeratzen dauz. Gaua igaroko dau beragaz. Hori dala-ta da zorokeria hutsa zaharrak ume bihurtzen diraneko hori. Umeari amorrua atoan joaten jako, eta zaharrari ez: esango ez badau be, hor izango dau prest eta gertu, halakorentzako edo bestelakorentzako. Umeak ez dau emakumeen edartasunik aprezietan eta zaharrak, ostera, ez dau erropen azpian daukiena egundo ahazten. Umeak pentsetan dauana esaten dau; zaharrak, barriz, hainbeste eta hainbeste urte daroaz pentsetan dauana isilduaz, non ez dau bereizten noz isiltzen dan bildurra dala medio eta noz alperkeria dala kausa. Oheratu bitarteko protokolo txikerrak egitea nahikoa dau, eta, ostean, loak hartu arte itxaron, umeek lez.

Jakinduria bera ez da urteakaz estuetara ailegetan dan gauza garbi bat, batez be, jakinduria zeure eromenaren erdi-erditik pasetan baldin bazara iristen dalako eta, sarritan, eginahal handi barik. Nahikoa da adi egotea, beti iratzarririk, begiak aurrekora baino zeozertxu urrunagora so; eta, halango baten, hortxe dago jakinduria, zuk ahal zeunkeana, sikiera. Baina kontuz: emoten ez badozu, zabaltzen ez badozu, galdu egingo dozu, konturatu barik. Besteei entregetan ez deutsezun dan-dana galdu egiten dozu, harrigarria bada be.

Bizia laburtzen dauan arrastoak ostadarraren tankerea izan behar dau, eta ez etxafuegoarena. Jantzi zaren ezkero, une batetik bestera, eranzten hasi behar dozu. Beti gora doan jentea gaixotu egiten da. Ikusten eta ikutzen ez diran gauzak bilatu behar dozuz. Bizi erdia, gitxienez, horretan emoten baldin badozu, salbatuta zagoz: lortuko dozu, zelan edo halan, beste erdia baretzea.

Heriotzeari, ostera, bildurrik batere ez deutsat. Oraingoz. Argia amatauko da, eta kitto. Fusibleak atara, eta pakea. Gehienez be, Indiako misinolari harek esandakoa izan bedi: heriotzeak, ikutzen gaituanean, ez gaitu birrinduko, ikustezin bihurtuko baino. Baina ez daitela Jaungoikorik egon, mesedez, ez neuke haren kontra burrukan barriro hasi gura, bizian bere izenean emon deuskuezan asperraldi danen ondoren.

Lo hartu dau Joxe Martinek, eta haren alboko ohatzean Elvirak be bai, Cochabambako Ama Birjinari otoitz egin ostean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu