Labana bat ilunetan
2021-04-15 16:43Lo egoan, bai, baina pausoen oihartzuna aditu dau korridore luzean.
Jarraian, berba-hotsak entzun ditu; adi-adi jarri da, aspaldidanik bildurrez itxaron dauan momentua ailegau dala dakianaren izu-keinua bekokian ezker-eskuma joakon izerdiagaz batera labantzen jakola sentiduaz. Hasieratik igarri eban leku arriskutsuan jo ebala atea, baina, konturatzerako, emakume hark hipnotizauta eukan eta saihestezina jakon bere lilurea, sinistezina jakon persona haren eskaerearen indarra, nonork, sikiera, maita zezan.
Emakume hark, hori lortzeko, agertzen eban sexu-grinak zorabiau egiten eban, hasiera-hasieratik. Emakumea ezkonduta egoan, ostera, eta behin baino gehiagotan istorio ha amaitzen ari zala zin egin eutson arren, zalantzea han geratu zan, bere garunean, uda beroetako hauts-izpiak lez: bere agerpenak ez ete eban bikote ha hondora bultzatu.
Ohean dago orain, baina ezkaratzeko labanaren distirea ikusi ahal dau, baita zilarrezko errainua ilunpean irudikatu be; egurrezko markodun ispilu dotoreak esku bat erakutsi deutso, labanaren kirtena oratzen: etxean tentuz sartu dan gizonaren eskua. Ez da emakumeagaz bizi. Astegoienetan baino ez deutso egiten bisitea eta, hain zuzen be, goizeon, ebagi txiker bat egin dau labana horregaz, iluntzeko hondamendiaren iragarpen txiki bat izan balitz lez. Kutxilo zikin hori bota egin behar dogu, esan dau emazteak. Baina ez dau bota.
Urratsak logelarantza datoz eta, bapatean, hitz-hotsak ezagutu dauz, emakumearen ahots eztiak berba egin daualako, korridorearen sakonera ilunetan senarra gidatuaz, oherakoan bera zenbat maita dauan adierazoteko erabilten dauan tonu berberean: ohean daukazu, hil egizu lehenbailehen.
Bizpahirutan mehatxau eban senarrak —modu oso zitalean, ganera—, baina txarrena da berea ez zan maitasun bat biziten ari zan sentipenak indar oro kentzen eutsola, erantzuna emoteko orduan. Erantzun be ez eban egiten. Inoz. Oraingoan, erantzun egingo deutso. Bai senarrari, bai ohean inongo babes-aukera barik salduta laga dauan emakumeari. Ilunpea bere alde dauka, hiltera doan animaliaren desesperazino arriskutsua, piztia setiatuaren oldarra.
Orduantxe, esnatu egin da eta, dana amesgaizto bat zala kargutzeagaz batera, hiltzailea logelako atean ikusi dau, labana eskuetan daukalarik. Emaztea alboan lo dauka. Orain badaki amesa zelan interpretau. Orain badaki zelan amaituko dan dana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!